Salda eta konpainia banatzen

  • Etxerik gabekoek osatzen dute gure hiri eta herrietako kolektiborik baztertuenetakoa. Iruñean, lo egiteko aukeratzen dituzten lekuetatik erronda egiten dute Paris 365 jantoki sozialeko hainbat boluntariok, salda beroa eta konpainia eskaintzeko.

Irudian, Paris 365 jantoki soziala, kanpotik. Bertako lau boluntariorekin ibili gara Iruñeko karriketan zehar, aterpetxeetan lo egin ezin dutenei salda, lo zorroak eta konpainia pixka bat banatzen.
Irudian, Paris 365 jantoki soziala, kanpotik. Bertako lau boluntariorekin ibili gara Iruñeko karriketan zehar, aterpetxeetan lo egin ezin dutenei salda, lo zorroak eta konpainia pixka bat banatzen.

Salda Beroa du izena ekimenak eta iragan urtean jarri zuten abian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko talde batek Iruñeko karriketan lo egiten duten lagunei buruzko azterketa egin ostean. Zerbitzuaren arduradun Dori Iriartek dio kalean lo egiten dutenen profila eta jantoki sozialera doazenena oso desberdina dela, etxe premia eta behar ekonomikoak izateaz gain, problema erantsiak zamatzen baitituzte. Batzuk alkohola edo bestelako drogen menpe bizi dira, beste hainbatek buru arazoak dituzte, edo legez kanpo bizi diren etorkinak dira, laguntza oro ukatzen zaizkienak. Azterketaren arabera, karriketan bizi diren gehienak gizonak dira, 40 eta 45 urte bitartekoak, eta Iruñeko Alde Zaharrean eta Zabalgunean ezartzen dira batik bat.

Karriketan lo egiten dutenek, eskuarki, bakardade sentimendu oso sakona dute. Salda Beroa proiektua “karrikako jendearekin egoteko aitzakia hutsa da, beraiekin solas egiteko, konpainia egiteko. Jendea ezin da zopa bakar batekin elikatu. Karrikan lo egiten dutenekiko gertutasuna bilatzen dute boluntarioek”, azaldu du Iriartek. Nafarroako hiriburuan erroldaturik ez daudenak karrikan bizitzera derrigortuta daude, Trinitarios-eko aterpetxeak soilik hiru egunez egoteko baimena ematen baitie. Iruñean bi urtez egon behar duzu erroldan izena emanda, aterpean jarraian lo egin ahal izateko. Hotzaren aurkako protokoloa aktibatzen denean baino ez dira zabaltzen denentzat aterpetxeko ateak; hots, tenperatura 3 gradutik beherakoa denean.

Karrikaz karrika abiatu gara

Arratsaldeko zazpiak laurden gutxian geratu gara, Paris 365eko atarian. Euria gogotik ari du. Gaur lau lagun elkartu dira: Asun, Antonio, Mikel eta Javi. Abendutik martxora ateratzen dira, urteko hilabeterik hotzenetan, astelehen eta asteazkenero. Furgonetan salda-termoa, motxilak eta lo egiteko zorroak sartu, eta abiatu gara. Autobus geltoki zaharraren ondoko eraikin handi baten sotoan egin dugu lehen geldialdia. Adats luzeko gizon bat lurrean etzanda dago, maindire potolo batzuen azpian; aulki gurpildun baten gainean berriz, bi hankak ebakita dituen gizon edadetu bat; eta haren gibelean, bere alaba, 30 urte bete gabeak dituena. Elkarren artean errumanieraz mintzo dira, eta gaztelaniaz kostata egiten dute. Zulo honetan zazpi hilabete daramatzate. Aterpetxetik laster bota zituzten. Zopa banatu eta lurrean etzanda dagoen gizonari lo egiteko zorroa eman diote, kartoi puska baten gainean lo egiten baitu.

Bigarren geldialdia Rodezno Kontearen Plazan egin dugu. Plazako arkupeetan elkartu dira inguruan lo egiten duten magrebtarrak. Zopa ekarri eta edaten duten bitartean eurekin hitz egiteko probestu dugu. Batek kontatu du Marokon kimikaria zela, eta Bartzelonan hogei urtez lan horretan jardun zuela. Karrikaz karrika segitu dugu eta Sarasate Pasealekuko kutxazain batean bi lagun aurkitu ditugu: 72 urteko gizonezkoa, Avilan jaioa; eta gazte andaluziar bat, oso berritsua. Zopa eman beharrean zergatik ez diogun euro bat ematen galdetu digu, “tabakoa zopa baino beharrezkoagoa” baitu. Boluntarioek erantzun diote dirua ematea debekatua dutela.
Bueltan kontatu didatenez, gazte andaluziarrak buru arazoak ditu, eta mediku batengana eraman nahiko lukete, baina berak ez du nahi.

Gauak eta euriak basamortu bihurtu dituzte Iruñeko karrikak. Zabor-kamioiaren zaratak hausten du etxeetan, eta kutxazainetan, lo egiten duen hiri honen isiltasuna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude