Maitasunez

Antton Olariaga

“Amodioa ez da existitzen, baina bere ondorioak bai”, aurkitu dut paperezko musuzapi batean nire letraz idatzita. Maitasunaz tarteka idaztea da, poetek idazten dakiten eta taberna batean beste zeregin hoberik ez duen gainerako jende guztiarekin partekatzen duten idatzizko mania gutxienetakoa.

* * *

Orain gutxi Iñigo Astiz eta Baita hondakinak ere bere poema liburuko hainbat irakurle bildu ziren, lan horixe hizpide. Partaideetako batek Astizi liburuak (edo akaso berak) erromantikotik gutxi izatea leporatu zion. Poetak maitasunari buruz zuen kontzepzioa bikainki azaldu zuen. Alegatu zituenetatik gogoan dut esan zuela edozein giza harreman prekarioa dela eta maitasunezkoa ere bai, eta haren gainean eraiki den berbontzikeria guztitik aske ibili nahi zuela berak –gaizki aipatzen ari naiz Astiz, nire azalpenak ez duelako, bereak bezala, distirarik–. Amodioa ez da existitzen, baina bai bere hondakinak.

* * *

Amodioa gaizkiulertu askoren metaketa da. Azokan ibili eta jaka bat eta Lukrezioren liburu bat (Patxik lerrakeen modura) feriatu ondoren, garagardo pare bat hartzera eseri gara. Orduantxe sentitu dudan zorionaldia nahasten badut eta izen handios bat paratzen badiot errua nirea baino ez da.

* * *

Maiteminduta gaudenean –dio kontuaz xehekien idatzi duen idazleak, zeinaren izena aipatzea merezi ez baitu–, amodioa hain da handia non ez zaigun barruan sartzen: maite dugun pertsonarenganantz irradiatzen du, bertan bidea mozten dion superfizie bat topatzen du, abiapuntura itzularazita; eta talkak bihurtzen digun samurtasun hori, geure samurtasuna bera dena, besteren sentimendutzat jotzen dugu, eta gogokoagoa dugu gure maitasuna itzultzean joatean baino, ez baitugu nabaritzen geuregandik datorrela.

* * *

Terrazan eserita, maitale batek besteari galdetu dio, erretorikoki (nahi nuke pentsatu), ea nola maitatzen ahal duen hainbeste, “how can I love you so much?”. Erantzuna zinikotzat har liteke, baina poetikotzat hartu du: “Zu eta zure maitasunaren artean suertatu naiz”.

* * *

Amodioa (gutxienez) biren arteko gezur partekatua da. Amodioa hitzen bidezkoa da. Begietatik desiratzen dugu. Hizkuntzatik maitemintzen gara. Horregatik da amodioa poeten eraikuntza eta horregatik behar lukete poetek deseraiki eta desberbatu, gorputzera itzuli.

* * *

Maitaleek elkarri etengabe elkar maite ote duten galdetzeak erakusten du zer osagai badaezpadakoez egina dagoen. Maitale bat gezurra esatera behartuta dago, jolasean jarraitu nahi izanez gero, edo –bera ohartu gabe– maitatzera behartuta dago.

* * *

Lukrezioren De rerum naturatik aipu bat baino ez dut ezagutzen, sexu harremanaren deskripzio ederra, Sarrionandiaren itzulpenean maiz irakurria. Liburuaren gaztelaniazko itzulpenean bilatu dut, aurkibidean ere, eta neke zait pasartea aurkitzea. Editoreak “El amor” epigrafepean paratu du latinez De rebus veneriis dena (Venusen kontuak), modu adierazkorrean haziaren nondik norakoekin hasten dena.

* * *

Amodioa ez da (hitz bakar batean) existitzen eta horren beharrik ez genuela sinetsita nengoen. Kontzeptu absolutuen artean gutxien kuestionatua da eta eraistea lan handiena eman lezakeena. Hala ere, bitxia egiten zait bizitzen ari den berpizkundea. Bada maitasuna aldarrika ari den queer filosoforik, eta queer izan gabe euskal filosoforik ere bai. Beude. Nik lehenagotik daukat hementxe aipatu ditudan eta aipatu ez ditudan egile guztiek maitasunaz (sic) zer idatzi duten.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude