Bekarik ez nuela jakinda, urtea beste era batera antolatuko nukeen

Bekarik ez nuela jakinda, urtea beste era batera antolatuko nukeen

Garazi Basterretxea Barea naiz, Erromukoa (Getxo, Bizkaia), eta 24 urte ditut. Euskal Filologian lizentziatua, gaur irakaskuntzako masterra egiten ari naiz. Karrera egiten ari nintzela beka jasotzen nuen Eusko Jaurlaritzatik, baina aurtengoan ukatu egin didate 2.000 euro inguruko diru-sarrera.

Orain bi urte bukatu nuen karrera, eta urte haietan Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen dituen diru-laguntzetako bat jasotzen nuen. Gurasoak bananduta dauzkat, eta gure kasuan amaren diru-sarrera soilik hartzen da kontuan; beraz, irizpideen araberako gutxiengo mailara ailegatzen ez garenez ematen zidaten beka. Horrez gain, nire espedienteko notak begiratzen zituzten, 6tik gorako batez bestekoa izatea baita beste irizpideetako bat. Puntu horrekin ere arazorik ez, eta urtero jasotzen nuen 3.000 euro inguruko laguntza.

Aurten, Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza masterra egiten ari naiz, baina arazoak sortu zaizkit beka jasoko ez dudala esan didatenean, orain hiru bat aste. Zergatik, eta lehengo urtean EHUko gradu ondoko batean matrikulatzeagatik; eta ez gustuz, beka bat emateko baldintzetan sartzeko baizik. Ikerketarako beka bat eskatu nuen lehengo urtean, baina horretarako masterren batean kreditu minimo batzuetan matrikulatuta egon beharra neukala esan zidaten. Beti gustatu izan zait literatura, eta Gasteizen badaude gai horretara zuzendutako ikasketak; beraz, gradu ondoko horretan hiru irakasgai hartu nituen, gutxiengo hori betetzeko. Horrela, ikerketa beka egiten ari nintzen bitartean pixkanaka ikasketa horiek egiteko aukera edukiko nuen. Ikerketarako diru-laguntzarik ez zidaten eman, ordea, eta Global Training mugikortasun beka eskatu nuen ondoren: lanera atzerrira joan ahal izateko laguntza. Liverpoolen pasa nuen urte erdi euskara klaseak ematen. Bitarte horretan, noski, ezin izan nituen literaturako gradu ondokoan matrikulatutako irakasgaiak burutu.

2013-2014 ikasturtean irakaskuntzarako masterrean matrikulatu naiz. Eusko Jaurlaritzari beka eskatu diot, eta ukatu egin didate. Lehen esan bezala, espedientea begiratzen dute, EHUn matrikulatutako azken kurtsokoa. Eta ikusi dutenean lehengo urtean matrikulatutako hiru irakasgaietan 0 dudala, atzera bota didate diru-laguntza. Unibertsitateko idazkaritzarekin hitz egin dut, erreklamazio idatzi bat aurkeztu dut, argudiatuz ez nintzela kapritxoz matrikulatu, beharragatik baizik, eta ikerketa beka eman ez zidatenez atzerrira joan nintzela. Lanean aritu naizela. Lizentziaturako batez bestekoa begiratu beharko lidaketela. Baina legalki ez omen daukat gauza handirik egiterik.

Ez dut nire ikasketak utzi beharrik izango, lehengo urtean lanean irabazitako diru bat baitaukat gordeta. Baina urtea dezente estutuko zait. Arratsaldero dauzkat klaseak gainera, eta horrek lan txikiak bilatzea zailtzen du, nahiz eta gauzatxoren bat egiten ari naizen. Ni ari naiz nire ikasketak ordaintzen, eta zorionez lehengo urtean lan egindakoarekin moldatuko naiz, baina ezin izan banu? Kurtso erdia pasata jakiten dugu diru-laguntzarik izango dugun ala ez, eta hori aldatu beharra dago. Beka emango ez zidatela jakin izan banu, agian urtea beste modu batera antolatuko nukeen.