"Alemanian jada ez digute terrorismoaz galdetzen, egoera politikoaz baizik"

  • Alemaniako Euskal Herriaren Lagunen (EHL) elkarteko sortzailea, Uschi Grandelek (Ulm, 1960) gertutik ezagutzen ditu Euskal Herriko eta Ipar Irlandako egoera politikoak. Arnaldo Otegiren Argien Aroa alemanierara itzuli berri duten honetan izan gara berarekin.

EHL-k Lichtblicke im Baskenland liburua kaleratu du Papyrossa argitaletxearekin, Arnaldo Otegiren Argien Aroa liburuaren itzulpena. Berlinen egindako aurkezpenean, Otegi kartzelan bisitatu zuen Andrej Hunko Die Linkeko diputatua izan zen:
EHL-k Lichtblicke im Baskenland liburua kaleratu du Papyrossa argitaletxearekin, Arnaldo Otegiren Argien Aroa liburuaren itzulpena. Berlinen egindako aurkezpenean, Otegi kartzelan bisitatu zuen Andrej Hunko Die Linkeko diputatua izan zen: "Azken urteetan hainbat preso bisitatu ditut, Kazajistanen buruzagi sindikal den Natalia Sokolova kasu. Ordubetez izan nintzen Sokolovarekin parez pare. Otegirekin, kristal bat tarteko, telefonoz 45 minutu baino ez, eta itzultzailerik gabe". Ingo Niebel

Noiz eta nola sortu zitzaizun Euskal Herriarekiko kezka?

Ipar Irlandarekiko elkartasunean aritu nintzen 20 urtez. Irlandara egin nituen bisitetan Euskal Herriko jendea ezagutu nuen, tartean Batasunako hainbat pertsona. Horrela izan nuen Euskal Herriko kasuistikaren berri. Seguran 2007an Batasunaren Mahai Nazionalaren aurkako atxiloketak eman zirenean hasi nintzen aktiboki parte hartzen. Hura inflexio puntu izan zen niretzako. Euskal Herriarekin elkartasunean lanean zebilen jende asko ezagutu nuen, baina denak oso bakarrik geunden, Berlingo talde bat izan ezik. 2008an Euskal Herriaren Lagunak sortu genuen, Alemanian bizi diren hainbat pertsonen laguntzaz, Ingo Niebel eta Raul Zelik, esaterako.

Zein da Alemaniako Euskal Herriaren Lagunen zeregina?

Egitura deszentralizatua daukagu. Ni jarduera nagusien koordinatzailea naiz, baina taldeek Alemanian barrena egiten dituzten ekintzak independenteak dira. Ekimen nagusiena Euskal Herriaren Aldeko Elkartasun Eguna da, aurten apirilaren 4tik 13ra bitarte izango da. Guretzat data oso garrantzitsua da, talde guztiak elkartzeko eguna baita. Testuinguru internazionalista horrek gure aktibitateak aberasten ditu.

Gure helburua, jendeak Euskal Herriaren egoera politikoa ezagutzea da (errepresioa, preso politikoen inguruko mobilizazioak, ezker abertzalearen ekimenak…). Horrez gain, borroka sozialen berri ematen dugu, AHT-aren aurkako protestak, kasu.

Zer-nolako ezagupena dago Alemanian Euskal Herriaren inguruan?

Borroka armatuaren garaian, ezagupen bakarra ETA zen. Borroka armatuaren amaiera eta ezker abertzalearen norabide berriarekin beste errealitate bat sortu da. Kazetariak eta alderdi politikoak eskubide zibil eta politikoen alde egiten den borrokaz interesatzen hasi dira. Jendeak jada ez du terrorismoaz galdetzen baizik eta egoera politikoaz. Bilboko manifestazioa prentsa alemaniarrean ere albiste izan zen; mobilizazioaren ondoren gure webgunean bisitak izugarri ugaritu ziren.

Zer ikusmolde du alemaniar ezkerrak Euskal Herriko prozesuaz?

Esan daiteke ezker alemaniarrean bi sektore desberdin daudela: alde batetik, sektore internazionalista dago. Herrien erabakitzeko eskubidearen alde daude, esan daiteke askapen nazionaleko borrokak ulertzen dituztela, Espainiako Estatuan dauden errealitateak onartzen dituzte, Kataluniako erreferenduma, adibidez. Beste sektore batek nazioaren kontzeptuarekin arazoa dauka, nazismo garaiko nazionalismoarekin nahasten duelako.

Nola bizi duzue Euskal Herriko egoera politiko berria?

Ezker abertzalearen estrategia berria arrakastatsua izan da, eta Alemaniako sektore progresistan garapen hori oso positibo ikusten da. Jendeak elkarrizketa beharrezkoa dela ikusten du, hala nola presoen politikoen Euskal Herriratzea… Gure lehentasuna da Euskal Herriak jasaten duen errepresioaren aurrean elkartasuna adieraztea.

Bi aldeetako biktimak elkartzen hasi dira beraien bizipenak kontatzeko. Zer garrantzia du gai horrek zure ustez?

Irlandako kasua ezagutzen dut, eta han lehen eta bigarren klaseko biktimen arteko desberdintasuna egin zen. Euskal Herrian alde bateko biktimak, hau da, torturatuak, GALen biktimak eta Estatu aparatuak eragindakoak ez dira kontakizunaren parte. Alde bietako biktimen kontakizunak onartu behar dira elkarbizitza baketsu bat edukitzeko; garrantzitsua da ikustea gatazkaren historia nola kontatzen den. Alemanian orain arte kontatu dena terrorismoaren aurkako borroka da.

Alemanian hainbat politikarik babesa eman dio presoen eskubideen aldeko aldarrikapenari. Estatua mugiarazteko balioko al dute halakoek?

Ezker abertzalearen estrategiak bi oinarri ditu: euskal gizartearen indar metaketa eta eremu internazionalaren laguntza. Azken honen isla izan zen giza eskubideetan adituak diren nazioarteko hamabi pertsonalitatek “Auf dem Weg zum Frieden” (Bakerako bidea) adierazpena sinatzea. Espainiako Estatuari preso politikoen aferan pausuak eman ditzala eskatzen zaio eta Alemaniako Berdeen kide den Klaudia Rothek ere sinatu du. Adierazpen horiek ez dira oso ezagunak, baina aski garrantzitsuak Estatuari presio egiteko.

Arnaldo Otegik bere liburuan dio Estatua mugiarazten duen bakarra immobilismoaren kosteak esfera politikoan garesti ordaindu behar izatea dela. Estatuak presoak erabiltzen ditu mugimenduaren barruan zatiketak eman daitezen. Irlandan esan daiteke antzeko zerbait gertatu zela. 2001ean preso batzuk askatu zituzten baina bitartean bake prozesua etengabe erasotzen zen, besteak beste militarren partetik.

Eskuin muturraren gorakada estatuen ahultasun zeinua al da? Nola ikusten duzue hori Alemaniatik?

Espainiako Estatua bere diskurtsoaren preso da. Kanpora begira erakutsi nahi izan du ez dela gatazka politikorik existitzen, Estatuaren eta herritarren aurka egiten zuen erakunde terrorista bat baino ez. Prozesu berriarekin eta EPPKren adierazpenarekin jendeak beste ideia bat har dezake. Ondorioz beste argumentu politiko batzuk garatzera derrigortuta dago. Pentsatzen dut ultraeskuinaren beldur dela. Alemaniarekin alderaketa bat egin daiteke. Erregimen naziaren propaganda bizitza demokratikoaren parte zen. Horren adibide arrazismoa da, ultraeskuinak argumentu hau erabiltzen baitzuen botoak irabazteko. Alderdi kontserbadore batzuk ez dute arrazismoaren aurka borrokatu nahi, beldur baitira botoak ultraeskuinera joango ote zaizkien, baina aldi berean sektore hau indartzen dute. Espainian antzeko zerbait gertatzen dela pentsatzen dut.


Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude