Eta zer diot neronek?

Egiaztatzaileak heldu ziren eta akta bat azaldu, baita komunikatu bat irakurri ere, eta bideoa erakutsi zuten. Ondoren, ia guztiekin bildu ziren eta are gehiago izango zela iragarri zuten. Politikariei entzutera, ezer ez da inozentea. Kazetariei entzunez gero, ezer ez da garrantzirik gabekoa. Poliziei entzuten badiegu, ezer ez da segurua. Eta zer diot neronek? Bada, Goetheren Fausto lehenbizikoak dioen legez: “Bi arima bizirik dira, ai, ene golkoan”.

Desarmeaz ari baziren, ados egongo gara puntu hauetan: suzko lau arma, bi granada eta hainbat kilo lehergailu “erabilpenetik kanpo” utzi dituztela ziurtatzea, eta ez baliogabe, botila bat kortxo-gabetzearen parekoa dela, areago, edalontziak ez eskaintzea eta zanga-zanga ezin edatea bezalakoa dela.

Frantziarrek esaera hauxe dute: “Nahiz eta zure izebak gurpilak izan, ez da inoiz autobusa izango”. Neroni ez naiz ausartzen izeba gurpildun horri desarmea deitzen, eta horregatik kritikoa naiz, inoiz ez baitago bigarren aukera bat inpresio ona eman ahal izateko. ETAk, bere egozentrismoa dela-eta, eta egiaztatzaileek, gutxieneko agerraldi honi abala eman izanagatik, lehen inpresio ona galarazi dute. Ez naiz pulpitura igoko denon izenean berba egiteko, baina irudipena daukat ETAren amiltze gozoak Euskadiko jendartean ezaxola adeitsu gero eta handiagoa sorrarazten duela. Espainian, aldiz, gero eta zalantza txikiagoa: “Baina horrek oraindik irauten al du?”. Kaosa izan zitekeena aharrausia izaten ari da, eta bitxikeria badirudi ere, antzinako greziarrentzat berba horrek gauza bera adierazten zuen.

Eta, hala ere, bide onean gaude. ETAk bere burua engainatu arren, amets amaigabeekin, “gatazka armatua” ez zela botere inpertsonal gaiztoa onartzen ez duen arren, hots, bere militanteen ekintzen prozesu jarraikorra izan dela, delitua ohitura bilakatzeraino helduz, nahiz eta jarraitzen duen onartu gabe teoria oro bukatzen dela gizakien sen erreprimituak hasten diren unean, zorionekoak gu, azkenik amaieraren aurrean gaudelako.

Gure herrian ohikoa da, nekrofiliakoa nolabait esanda, hileta elizkizunaren ostean, lagunak, auzokideak, baita begiluzeak ere lekutik ez joatea, ezta senitartekoen ingurutik aldentzea ere, bizidunen artean gertakariari izaera sozial afektiboa eman nahi baitiogu, adeitsua eta kuxkuxeroa. Eta ez da falta hildakoa benetan hilda dagoela baieztatuko duena ere.

Eliz atarian txutxu-mutxu luzeak erabiliz hildakoari buruzko zerbait esaten dutenen traza hartzen diot ETAren amaierari, beren bizitzari buruz luze jarduten dute ordea, defuntuaren gorpua –lurra emateko– kilometro batzuk harago daramaten bitartean hitz eta pitz jarraitzen dutenek.

Ordea, behin ETA desagertuta, bizitzeko geratzen zaiguna ez da harmonia soziala, ostera, ahalegin eskerga egin beharko dugu lehenik bizikidetza lortzeko eta adiskidetasuna ondoren. Funtsean eta finean, gizaki guztiok anaia-arreba izatera iristearen ideia ederra seme-alaba bakarra izatearen ametsa baino ez da. Diot.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Diferentziak

Datozen hauteskundeak bereziak dira, hauteskunde guztiak diren moduan; bat ez dela esaten diguten egunean izango da berezia, esaten digutenean “aurten gertatuko den guztia, gertatu da lehenago ere”. Asko erabakitzen omen dugu. Beldur pixka bat ematen du, ez? Zer? Zer... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


2024-04-14 | Gorka Menendez
Aste Santua eta ramadana

Urteak daramatzat nire herriko Elkarlaguntza Sarean militatzen. Bertako Etxebizitza Sindikatuan zenbait jatorritako jendea batzen gara eta komunitate musulman handia dago. Aurten, ramadana dela eta, Elkarlaguntza Sare osotik gau batean ramadan gosaria egin dugu. Eztabaida sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude