Bultzi-leiotik

  • Luis Garde::Trenen abiadura

    Pamiela, 2014

Trenen abiadura irakurri eta Unplugged (Kutxa Fundazioa, 2009) etorri zait gogora ezinbestean. Iritsi ezin gaitezkeen eremuak esploratzeko baliabidetzat erabili zuen poesia Luis Gardek orduko hartan. Argiako orrialdeotan irizten genion “bizitza modernoaren gailu, presa eta hustasun guztiak azaleratzen” zituela, baina betiko galdera zaharrak pausatuz finean: norantz goaz? Ze zulotan galtzen da galtzen dena? Tristeziaren zauriak zelan senda daitezke?

Oraingoan ere gauzak ulertzeko asmoz atera da bidaian poeta, eta esku-hutsik itzuli da. Itzuleran bere barne-paisaia baino ezin izan digu ekarri bueltan. Gugan dago bidaia, dena doa mudatuz trenak aurrera egin ahala. Treneko leihoek, gainera, norbere isla dute itzultzen.

Bi zatitan ebazten den ariketa da Trenen abiadura ia-ia monolitiko honetan opatu zaiguna. Lehen poemak Paul Valériren aipua du abiapuntu, zeinaren arabera “gizakiak gaur ez zukeen poesia asmatuko”. Gauzak labur eta efimeroak direla esateko beste modu bat da. Poesia asmakizun delikatua da, gu geu pentsamendu huts.

Bigarren poeman YouTubeko pantailatxoan tren transiberiarra zelan igarotzen den ari da ikusten idazlea, bera Veneziara bidean doan bitartean: “Veneziako kalezulo batean errailetatik irtenda/ lasterka zihoan neska ezezagun hura./ Nire Tristetiaren ondorengo loaldian/ amesgaiztoren batean galdutako neska izutu harekin/ harat-honat korrika ibili nintzen”.

Sartu-irtenak egiten ditu Gardek imajinaziotik errealitatera. Batzuetan bera ez da inor, eta beste batzuetan dena hartzen du, guztiak dirudi bere amets eta paradoxa. Liburua bera halako gertagaitz eder batekin bukatzen da, non urrun eta urrunago doazen tren siberiarra eta Venetokoa, urrun eta urrunago gorputzak, bihotzak, gero eta bakartiago idazlea bera ere... Bidaia sinbolikoan Garde urtu egiten da, bidaian joan zena handik aldatuta itzuli da, besteen oinazea ezagutu du. “Nork bere minaren izerdian/ blaitzen du inguruko jendea”.

Liburuak detaile politak ditu, eternitatearen inguruko ariketa txalogarria da. Ez ditut ondo ulertu ostera sobietar sistemaren inguruko zenbait adornu, eta iruditzen zaizkit hutsalak hainbat gogoeta metaliterario. Konprimitu beharrean eta triki-traka erraztu, galdu bezala egiten da idazlea helburu garbirik gabe, ez estetikorik ez adierazpidezkorik, eta halakoetan melenga gertatzen da. Intelektualizazio gehiegizkoa, ausaz.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude