Libreak eta lotuak

  • Luis Berrizbeitia::Zoperna jenerala

    Pamiela, 1987

Poesia beti, ez dakit mailua, baina zapata zolan iltzea zaigunoi, xamur egiten zaizkigu genero narratiboagoak, ez hain minbera. Horrexegatik, poeta izaera ezagun izanagatik ere, aitor daiteke itzulpenen bitartez ezagutu izan dudala Luis Berrizbeitia –itzulpenen bitartez itzultzaile bat ezagutzen ahal den heinean, noski–. Hau idazten duenaren heziketa sentimentalean ezinbestekoa izan da, adibidez, Gauza guztien zergatia, Quim Monzó katalanarena; abadinarrak itzuli zuen. Berdin, geroxeago, Roald Dahl, eta hemendik eta handik hartu zizkion Ixtorio hautatuak. Berrikien euskaratu duena izango da Basamortua, J.M.G. Le Clezio Nobel sarituarena.

Nagiak ere gainetik kentzeko daude-eta, azken buruan, ausartu naiz Berrizbeitia poetarekin. Aukeratu behar eta jo dut estreinakora, 87ko Zoperna jenerala bildumara. Baina lasai asko izan zitekeen berdin Eremu karroinduak, olinpikoa, 92koa. Irakurlerik mendreenak atsegin hartuko du, orobat, Koldo Izagirrek apailatu zion kaierarekin –bada zerbait, XX. mendeko berrogeietarik bat–. Ezen, bateko-besteko, poemek baitute elkarren artean lokarria, “denen azpian epaixkaz eta gorderik bezala dagoen sentsibilidade batean”. Ez da erraz definitzen: irudien dotorezia, tonuaren oreka, unibertsaltasun gogoa, tradizio kultuaren eta koblakaritzaren baliatzea egozten dio hitzaurrean Izagirrek. Gehituko genuke hizkerarekiko xera, herriaren literaturari mira, arnas goratzeko gura.

Eta, hara, aski azkar konturatuko da poesia irakurle alferrena ere poema narratiboak badirela halaber –dena delakoa dela poema narratibo izendapen hori–: Esperantzazko solasa edota Haurra eta katabuta, ia ipuintxo bat kontatzen dizutenak. Baina ez zaio bereziki kostako, era berean, bestela ebakita dauden poemak identifikatzea, koplariagoak: Pariserat bidez –Arnaud Oihenarti kuku– edota Amodioaren urrentzia. Ez gutxi kantatzeko modukoak begitandu zaizkit, Oskorrik Negu partean mizpira eder harekin egin bezala –“zu nitaz baino ni zutaz nago/ askozaz gehiago zale”–. Izan ere molde bitako poemak aurkituko ditu, batzuk libreak eta besteak lotuak. Baina guzti-guztiak esan daiteke direla aski askeak, aski buruaskiak, are aski bustiak: lerratzen dira nolabaiteko espiritu kritiko batekin. Eta, zer demonio, batzuek badute tarteka ukitu apokaliptiko bat, oso garaira datorrena: “Etorriko da eguna/ lurra ikaratu eta eraitsiko baita dorrea” (…) “eta orduz geroz oin berriek ebakiko dute bidea” (…) “etorri behar baita eguna/ dena berdin izatekoa”. Zoperna handia baita, uholde jenerala, jainkoak bidalitako zigorra; edo, nondik begiratzen zaion, bedeinkapena.


ASTEKARIA
2014ko otsailaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude