Erretretan naizenean, beltzean segi beharko dut lanean

Erretretan naizenean, beltzean segi beharko dut lanean

Leonie Zunda naiz eta aurten 61 urte eginen ditut. Sortzez saratarra, Baiona dut bizileku eta bidean lau seme-alaba ukan ditut. Seme gazteenarekin naiz bizi, 13 urteko mutiko haitiarrarekin. Orain hamazazpi urte Donibane Lohitzuneko ikastolako garbitzaile eta kantinako begiralea naiz, hiru laurdeneko lanpostu batean.

Laster erretretan izateko aukera dut; 750-800 euro jasoko ditut, bizi guzian lan egin ostean. Zalantza dut erretreta aurten hartu edo beste bi urtez lanean aritu, gero pixka bat gehiago jasotzeko. 2014an erretiratzen banaiz 750-800 euro izanen dut, baina pare bat urte gehiago lan eginda 850 eurora iritsiko nintzateke. Eta niretzat hori anitz da. Anitz da, hara eta hona kotxean joan-etorriak egin behar izaten baititut, eta 100 euro horiek gastuak egiteko izango lirateke. Bi hilabeteren buruan badut hitzordua erretreten bulegoan, eta hor galdetuko dut ea zer egin behar dudan zuzen. Badut lagun bat gaia ezagutzen duena, eta berarekin ere aztertuko dut zer den onena.

13 urteko semearekin bizi naiz orain. Haurra baitut, oraingoz ematen didate laguntza bat etxearen alokairuarentzat, hau da, 500 euro ordaintzen dut etxea eta erdia ematen didate laguntza moduan. Hori ere edozein momentutan kendu dezakete, eta 800 eurorekin, laguntzarik gabe, semea eta biok mantentzea… egoera zaila litzateke. Kezkatua nintzen gaur egun pasatzen denarekin, nire beldur handia baitzen karrikan geratzea. Baina ikusten dut nire gauza txikiekin-eta, arrimatzen naizela. Xantza dut, ikastolako lanaz gain egiten baititut seilaru usteak. Ikastolako burasoek anitz puska botatzeko direnak (liburuak, jantziak…) ematen dizkidate, eta ni merkatura joaten naiz saltzera; euro batean, 2 eurotan… Eta horrekin asmoa dut erretretan naizenean pixka bat aritzeko, beltzean bada ere.

Gaur egun ere gutxirekin moldatzen gara etxean. Emaus eta horrelakoetan hartzen ditugu jantziak, semearen arropa asko ere ikastolako burasoek eta irakasleek eman dizkidate, ikastolako kantinan lan egiten dudanez hango janaria ekartzen ahal dut… Eta erretretan naizenean ez bagara iristen, pentsatu dut norbaitekin etxea partekatzea; baina hori azkena litzateke. Edo beharbada alokatzea ere pentsatu dut. Uda batez alokatu nuen nire etxea sosa batzuk ateratzeko eta ni lagunen etxera joan nintzen, beraz…

Etorkizunarekin positiboa naiz. Niretzat aberastasuna osasuna da. Ohituta nago gutxirekin bizitzen, eta erretretan plus bat jasotzeko beltzean aritu behar badut, lanean arituko naiz. Bitartean, dirurik poltsikoratzen ez den lan anitz dago, elkarteetan eta abar. Horietan ibili izan naiz beti, eta horretan jarraituko dut, biziz, osasunak uzten didan artean.

Egoera zaila da, gazteentzat makurragoa oraino, baina alde onik badu, nolabait esateko. Ikusten da sozialki jendea ohartzen hasia dela egoeraz. Bazen garaia. Orain arte bakoitza berean ibili da, eta hori aldatzen hasi da, jendea pixka bat mintzatzen hasi da. Beharrezkoa dugu, baina, jende guztia karrikara ateratzea, oihuka. Ez dugu fitsik galtzeko, esnatu beharra daukagu, denak telebistako zozokeriei begira… Atera eta oihu egin behar dugu.