Parisek atzea dauka beterik zabortegiz eta errauskailuz

  • Otsailaren 1ean Frantziako Zero Zabor mugimendua aurkeztu da Paris ondoko Bobignyn. Zentral nuklearren herrialdean, jendeei beren etxeetako hondakinak erraustuz desagertuko zirela prometitu zitzaien horretan, gero eta gehiago dira “aski da!” oihukatzen dutenak. Parisko eraikin apainen atzeko aldean gainez egin du zaborrak.  

Parisko Luxembourgeko parke famatuan eskegitako pankartak protesta egiten du Ivry herrian eraiki nahi duten errauskailu berriaren kontra. Seine-et-Marne (94) departamenduaren zati da Ivry-sur-Seine. Marne eta Seine ibaien bazterretako hiru departamenduen
Parisko Luxembourgeko parke famatuan eskegitako pankartak protesta egiten du Ivry herrian eraiki nahi duten errauskailu berriaren kontra. Seine-et-Marne (94) departamenduaren zati da Ivry-sur-Seine. Marne eta Seine ibaien bazterretako hiru departamenduen artean 5,7 milioi biztanle dauzkate, 2,4 milioi tona zabor sortzen dute, horietatik 1,85 milioi tona (%77) kiskaliz 8 errauskailutan. Hauek berez 2,25 milioi tona erretzeko ahalmena daukate, baina orain errauskailu parkea berritzeaz batera inguruko zabor gehiago kiskaltzeko 1.000 milioi euro inbertitu nahi ditu SYTCOM elkarteak bertan, errauskailu eta TMB berriak eraikitzeko. Baina oraingoan herritar asko ohartu da teknologia berri guztiok ez dituztela zabortegiak gutxitzen, ugaritzen eta handitzen baino. Eskatzen dute errauskailuentzako zaborrak lehortuko dituen TMBrik ez egitea eta errauskailuentzako moratoria.

Charles De Gaulle aireportura     heldu denak ikusi du hainbat tximinia inguruetan. Otsailaren 1ean Bobignyko udaletxean esplikatu zitzaigun denak ez direla adreiluak egiteko labeenak: errauskailu eta zabortegiz inguratuta bizi dira paristarrak. Eta inguruko askok esan dute aspertu direla, ez dutela onartuko beste errauskailu berri bat eta ez harentzako zaborrak lehortuko dituen TMBrik.

Zero Waste Europe mugimenduaren biltzarrean mahairatu dituzten beren kexuak Paris metropolitarreko herritarrek. Mundutarrok Paris izendatzen duguna benetan eskualde oso bat da, Ile-de-France,  ia 12 milioi jende biltzen dituena.

Publizitateak turistei bi milioiko hiriburu muinaren irudiak erakusten dizkien arren –Eiffel dorrea, zubiak, Arc du Triomphe, Sacre Coeur eta istorio– bidaiaria fite ohartzen da hori baino nahasiagoa dela osoan. Metroan erdigunera hurbildu ahala zuritzen dira jendeen aurpegiak, periferiara urrundu arau belzten. Bobigny, Courneuve, Drancy, Nantere... Liskarrak jazo direnean baino ez dizkigu erakutsi telebistak, baina horkoek ere esango dizute Parisen bizi direla.

Hiri guztietako eliteen berdintsu jokatzen du Parisekoak: erdigunea zaindu sagrarioa bezala; zatarra, zikina, txiroa den oro periferiarako. Lehen fabriketako proletario etorkinak. Orain haien seme-alaba prekario edo langabeak. Zer esanik ez belaunaldi berri-berriko etorri berriak, kaukasiarrak, indiarrak...

Zentrora zerbitzu lanera datozen langileek lotarako itzuleran berekin baleramate bezala, hondakin-jendea ere periferiara doa haiekin. Ville-Lumière (Argi-hiria) deituak ez du lekurik zaborrendako. Aldiz, zaborra soberan ekoizten du Ile-de-Francek eta kopuru izugarrietan dauka pilatuta. “Europako zabortegi handiena” deitu dio François Mouthon ARIVEMeko kideak Bobignyko biltzarrean.

Zentral nuklearretan bezala hiri hondakinen errausketan ere txapeldun da Frantzia. Ordainetan, gaikako bilketa eta birziklatzean azken putz dabil. Kontua da, saltzaileen propagandak alderantzizkoa dioen arren, errauskailuek beti behar dituztela zabortegiak beren errauts eta eskoriak lurperatzeko.

CNIID Hondakinei buruzko Informazio Independenteen Zentro Nazionalak dauzka bere gunean eguneratuak Frantzia osoko datuak. Ile-de-Franceko departamenduek orotara 19 errauskailu dauzkate martxan, 4.273.000 tona zabor kiskaltzeko gaitasunez. Horiek urtero 746.000 tona eskoria sortzen omen dituzte. Istripuez landa. Baina, ez da hori dena.

Claye-Souillyko mega-zabortegiaren kontrako ADENCA elkarteak salatu duenez, hiri hondakinentzako errauskailu eta zabortegiez gain Ile-de-Franceko eskualde batzuk itota daude zabor industrialen biltegiz, eraikuntzako hondakinen betelanez, hondakin toxiko eta nuklearrentzako biltegiz...

“Gure eskualdearen arazoetako bat da garai batean meategitan oso aberats izanak garela. Orain harrobi, zulo eta gainerakoak bete ostean, garitarako soroak ere zarama leku bihurtu dizkigute”.         

TMBak, errauskailu eta guzti

TMB baten kontrako matxinadak harrotu ditu bazterrak Paris inguruetan bezala Frantzia osoan. Hondakinen tratamendu mekaniko biologikoa (TMB) errausketatik aldentzeko urrats moduan aurkeztu duten arren saltzaileek eta agintari gehienek, kontrako taldeak ugaritu zaizkio Frantzia osoan.

Auzoan egokitu zaienek ez dute horien kalterik nozitu nahi. Erraz deitzen zaie NIMBY (Not In My Back Yard, “Ez ipini hori nire atarian”) baina egia da TMB erraldoiek arazo asko (trafiko, burrunba, kirats...) eman dizkietela ondoko bizilagunei eta istripu larriak eragin ere bai, suteak barne.

Baina, gainera, herritarrak ohartu dira teorian hondakinak mekanikoki eta biologikoki tratatzen dituzten usina horietan hein handi batean zaborrak ez dituztela errauskailuentzako lehortu baizik egiten.

Hori gutxi balitz, TMBetan sortutako konpostaren kalitatea dago auzitan. Logikarik xumeenak dio zabor nahasietan jaurtitako hondakin organikoak, ondoen tratatzen dela ere, nekez eman lezakeela bereizirik bildutakoz ekoiztutakoaren konpostaren parekorik.

TMBen sustatzaileek sarritan aipatu dute nekazaritzarako erabiliko dela beren ongarria, baina Romainvilleko TMBaren kontra borrokatzen den ARIVEM  koordinadorak zabaldu du oso baserritar gutxik onartzen duela horrelakorik bere soroan. TMBko konpostaren lagin kutsatuak prentsan aurkeztu dituzte. Bestalde, lehendik kaleetako zuhaitz eta landareen hondarrekin konposta egiten zuten enpresa txikiak ere kexu dira TMB handiek berenganatzen dutelako begetala den oro, konpost txarra  landare-hondar garbitan diluitzeko.

Zero Waste mugimenduko adituek ondo bereizten dituzte TMB izenarekin aipatzen diren soluzio ezberdinak. Hondakinak tratatzen hasi aurretik egindako bilketan datza gakoa. “Gaikako bilketa on bat ez baldin badago, ez dago zer eginik”, esan du Enzo Favoinok, 2011ko biltzarrean Donostian gipuzkoarrak ohartarazi zituenak berak. Izan ere, gauza bat da hondakinak garbi bereizi ostean azken errefusari eman beharreko tratamendu mekanikoa (oraindik dauzkan atal birziklagarriak) eta biologikoa (azken hondar organikoak egonkortzeko). Eta oso bestelakoa organiko ustelkorrez gainezka datorren zabor nahasiari ematen zaiona.

Baionan Bil ta Garbi mankomunitateak eraiki duen Canopia TMBa bigarren gisa honetakoa dela salatu dute ADECH elkarteak biltzen dituen ingurukoek. Bizkaian berrikitan Zabalgarbi ondoan estreinatu duten TMB berria ere hondakinen kudeaketa eredu beraren barruan dago, errauste plantaren osagarri. Berdin Frantzian oihartzun handiena eduki duen Romainvillekoak, Ile-de-France departamenduan, berrikitan auzitegiek zintzilik utzia.

“Paradigma aldatu beharra daukagu” izan da Bobignyko leit motiva. “Edo hondakinak murrizten ditugu edo hondakinen negozioak gizenduz ustelduko gaituzte”. Bobignyko bilkuran nabari zen bertako ekintzaile eta mugimenduek txipa aldatu dutela Italiako Milanen Atez Ateko bilketa ikusi dutenetik. Bestelako eredu bat posible dela erakutsi zieten, ZWEren biltzarrean, Capannori hiriko alkateak eta Contarina mankomunitateko lehendakariak

Gipuzkoako Ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek adierazi zienean gaikako bilketan bidea egiten hasi eta errauskailu proiektu bat bertan behera utzi dutela, txaloka eten zioten hitzaldia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude