"Mugak ez daude herritarren artean, mugak aberats eta txiroen artean daude"

  • Die Linke alderdiko presidente da 2012tik Bernd Riexinger. Alemaniako Bundestagean oposizioko talde nagusiena da uneon eta Europako eredu neoliberalaren aurrean ezkerreko sektoreek daramaten borrokaren erreferente bihurtu da alderdia.

2013ko irailean egin ziren Alemaniako hauteskunde federaletan, ia lau milioi bozka eta 64 eserleku lortu zituen Die Linkek, eta hirugarren indarra izatera pasa zen. Irudian, Riexinger hauteskunde kanpainako ekitaldi batean.
2013ko irailean egin ziren Alemaniako hauteskunde federaletan, ia lau milioi bozka eta 64 eserleku lortu zituen Die Linkek, eta hirugarren indarra izatera pasa zen. Irudian, Riexinger hauteskunde kanpainako ekitaldi batean.Flickr / Die Linke

Zergatik lortu dituzte CDUk eta Angela Merkelek Bundestagean (Alemaniako Parlamentua) hain emaitza onak?

Alde batetik, kantzilerrak jende asko konbentzitu du Euroaren krisiaren inguruko bere iritziagatik. Populazioaren zati handi bati ulergarria iruditzen zaio Merkelek finantza krisiaren arrazoia estatuen zor publikoari egoztea. Estatu horiek funtsik gabeko politika ekonomiko ez emankorra daramatenez, erreforma sendo eta irmoak ezarri behar dituzte. Horri, gainera, gehitu behar zaio Alemaniari krisiak ez ziola eragin. Ondorioz Merkelek ondo baliatu zuen SPDk alternatiba sendorik ez eskaini izana. Orain, nahiz eta CDU eta SPDren artean “Koalizio Handia” egon, Merkelen politikak berdin jarraituko du. Aldaketa kosmetiko txiki batzuk besterik ez dira emango hemendik aurrera.

CDUk hauteskundeak irabazi zituen, baina ez zuen erabateko gehiengorik lortu. Hortik SPDrekin egindako koalizioa. Zer espero da hemendik aurrera?

Koalizio Handia sortu izana ezin zaie hauteskunde emaitzei egotzi, SPDri baizik. Sozialdemokratek aukera izan zuten Die Linke eta Berdeekin aldaketa politikorako ituna egiteko. Aukera hori errefusatu du SPDk. Horregatik, beste mota bateko politika egingo duten batere itxaropenik ez dut.

Die Linke oposizioko talde indartsuena da. Zer paper izan beharko luke zuen alderdiak gaur egun gailentzen den politikaren aurrean?

Iraganean jada, Die Linkek parlamentuan ordezkaritza zuen alderdietatik politika menderatzaileari aurre egin zion talde bakarra izan zen. Mainstream politikoaren kontra eta errentak birbanatzeko Umverteilung proiektuaren alde egin genuen alderdi bakarra izan ginen. Merkelen austeritate proiektuaren kontra agertu ginen bakarrak ere izan ginen. Guk agenda politikoan zenbait gai plazaratu genituen, hala nola: soldata minimo bat edukitzea, errenta minimoa edota Afganistanen dauden tropek alde egitea kasu. Jarrera politiko berarekin jarraituko dugu, Koaliazio Handiak ez baititu gure gizartean dauden klaseen arteko desberdintasunak murriztuko.

Alemaniako eredu ekonomikoa arrakastatsua dela esan izan digute askotan. Edonola ere, Alemanian arazo sozial oso sakonak daude: lan prekarietatearen hedapena, haurren txirotasuna edota geroz eta gehiago handitzen ari diren desberdintasun sozialak.

Alemaniak egun, Europa guztiko lan prekarietate indizerik altuena dauka. Geroz eta jende gehiago bizi da bizirauteko nahikoa ez den soldatarekin. Azken urteetan, esportazioa oinarri duten enpresak etekin izugarria atera diote horri. Politika hori, gaur egungo krisiaren sorburuetako bat da. Alemanian dauden soldata baxuak eta gure lagun europarren zorrak ezin dira banandu, bi gauza horiek erlazio estua baitute. Estatu batek beste estatu batzuek baina gehiago esportatzen badu, beste estatuak hori orekatzeko zorpetzera behartuta daude. Horregatik, krisia epe luzera konpondu ahal izateko, Alemaniak bide bat hartu beharko du:  justizia soziala eta Unverteiligung-a, hain zuzen.

Junge Welt egunkarian Europako ultra eskuin alderdien igoeraren inguruan idatzi zenuen, Egunsenti Urrekara Grezian edota Frente Nazionala Frantzian, kasu. Alemanian AfD izeneko alderdi berria sortu da, azken hauteskundeetan botoen %4,9 izan duena. Zein arrisku ekar dezake mugimendu horren garapenak?

Honek eztanda handia sortu du, Mainstream politikoaren eta krisiaren aurkako politiken ondorio zuzena da. Europako herrialde askotan ultra eskuindar alderdien igoera nabarmena ikus daiteke; hauetako batzuetan, aurreikuspenen arabera, alderdi bozkatuenak izango dira Europako hauteskundeetan. Egungo politikak herritarrak bata bestearen aurka aurrez aurre jartzen dituelako baino ez da posible hori. Klase bereko jendea lehiakide izatera behartzen du, krisiaren benetako jatorria sisteman dagoela ahaztaraziz. Kasuistika horretan, lan baldintza prekarioak jasaten ari den alemaniar langilea eta etorkin bulgariarra aurrez aurre jartzen ditu. Die Linkek erakutsi behar du, eta hori da gure eginbeharra, mugak ez daudela herritarren artean, greziar eta alemaniarren artean edota italiar eta portugaldarren artean. Mugak goiko eta beheko jendearen artean daude, aberats eta txiroen artean. Eremu horretan sakondu behar du ezker europarrak.

Die Linke izan zen Bundestagean egun Europan dagoen krisi politikoa kritikatu zuen alderdi bakarra. Zeintzuk dira krisi horren zergatiak eta zeintzuk izango dira ondorioak?

Krisiaren ondorioak Europa osoan ikus daitezke. Grezian populazioaren herenak jada ez dauka aseguru medikurik. Berogailuetako gasolioa hain da garestia non jendea basoak botatzera behartuta dagoen neguan berotu ahal izateko. Geroz eta herritar gehiago botatzen dute bere etxetik –hau inon baina gehiago Espainian gertatzen da–. Gazteen %50 edota %60k ez du aukerarik lan eta bizitza burujabea edukitzeko. Guk geroz eta perspektiba falta handiagoa ikusten dugu. Zergatiei dagokienez, azken urteetan porrot egin duen eraikuntzaren sektorean 4,5 bilioi euro inbertitu dira. Orain diru hori falta da, eta krisia aprobetxatuz etekinak jaso dituztenei kendu beharrean, sektore publikoan eta politika sozialetan murrizketak egiten dira.

Zer nolako neurriak proposatzen dituzue krisiari aurre egiteko?

Ezin diogu krisiari aurre egin neurri sorta bat ezarri gabe. Soldata, pentsio eta prestazio sozial handiagoak behar ditugu. Troikaren austeritate politikarekin behin betiko amaitu behar dugu. Nahitaezkoa da krisiaren kostuetan parte-hartze handiagoa egotea, hau da, etekin ekonomiko gehien dituztenek ekarpen ekonomiko handiagoa egin dezatela, eta ez diru gutxien daukaten herritarrek. Finantza merkatuaren ordenamendu berria behar dugu. Neurri horiek guztiak modu kolektiboan aplikatzerik baleude, egungo Europarekin dudana baina itxaropen handiagoa edukiko nuke.

Aurki Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira. Nola ikusten duzue ezkerreko alderdi politikoekin egin daitekeen elkarlana?

Alde batetik, Europako alderdi ezkertiar bezala, datozen hauteskundeetan emaitza onak eskuratzeko aukera dugula pentsatzen dut. Krisiarekiko daukagun jarrerak gure lehiakideez desberdintzen gaitu. Abagune horri onura atera behar diogu. Beste alde batetik, Europako ezkerreko beste alderdiekin daukagun elkarlana gehiago sustatu daiteke. Eremu europarrean dauden arazoek Europa mailako erantzuna behar dute. Horregatik, elkarrekin aurrera eraman ditzakegun proiektu konkretuetan lan egin behar genuke. Adibidez, Europa osoan ezarri daitekeen aberatsentzako zerga bultzatzen.

Litekeena da aurten Katalunian eta Eskozian autodeterminazio erreferendumak egotea. Zein da prozesu horiekiko zure iritzia?

Bi kasuak oso interesgarriak dira baina ezin dut inolako aurreikuspenik egin. Edozein modutan, bi kasuetan prozesu demokratikoez ari gara hitz egiten, eta emaitzak onartu egin behar dira. Dena den, ni ezkerreko pertsona izanik, internazionalista kontsideratzen naiz. Europan ezkerrak lanean batera jarduten baino ez du lortuko arrakasta. Ez nago ziur lurralde-muga berri bat edukitzea kaltegarria izan ez ote daitekeen.

Hanburgon, Rote Flora zentro sozial okupatua defendatzeko protesten harira, agintariek Gefahrengebiete-ak edo salbuespeneko “arrisku guneak” dekretatu zituzten. Zuek gogor kritikatu dituzue neurri horiek. Etorkizunean halako gehiago ikusiko ditugu protesta sozialak erreprimitzeko?

Hanburgo SPDren gotorlekua da. Sozialdemokratek oraindik ez dute gainditu duela urte batzuk demokristauek (CDU),  Schill populista buru zutela, udal hauteskundeak irabazi izana. Garai horretan SPDri egiten zitzaion kritika zen, jende erradikalaren aurka neurri zorrotzik hartu ez izana. Alderdi sozialdemokratak orain, berriro alkatetza daukanez, sendotasuna erakutsi nahi du, horregatik proportzionaltasun zentzua galdu du. Honela sortzen dira modu aleatorioan Gefahrengebieteak, eta herritarrak susmopean jartzen dira. Nire iritziz ezin da populistagoa izan. Hanburgoko protesten atzean beste mota batzuetako arazoak daude: errentak garestitzea edota etxebizitza duinak lortzeko aukera eskasak. Alkate honek ordea, milaka milioi euro inbertitu ditu Elbako Filarmonika bezalako obra faraonikoetan. Norbaitek Hanburgon bake sozialaren alde zerbait egin nahi baldin badu, ez lituzke herritarrak modu indiskriminatuan mehatxupean jarri beharko. Aitzitik, pertsona guztiak etxebizitza duin bat edukitzeaz arduratu beharko litzateke.
 


ASTEKARIA
2014ko otsailaren 16a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Die Linke
Ezkerreko mugimendu berri bat sortu dute Alemaniako ultraeskuindarrei aurre egiteko

Aufstehen mugimendu berriak migratzaileen gaiarekin desados daudenak bideratu nahi ditu justizia soziala ardatz duen proiektu batera.


Errefuxiatu bat Alemanian ezkutuan sartu zuelako espetxeratu nahi dute

Abuztuan, Italian oporretan zegoela, ezagun baten eskaria jaso zuen Diether Dehm alemaniarrak: ama galdu eta gerratik ihes egin zuen 20 urte baino gutxiagoko afrikarra (datu gehiago ez dute eman nahi izan, badaezpada) eramango al zuen autoan ezkutaturik Alemaniara, han bizi den... [+]


Oskar Lafontaine
"Ezker europarrak B plana eduki behar du Greziaren antzeko egoeretarako"

Europako ezkerrak moneta sistema malguago baten aldeko apustua egin beharko lukeela eta "B plana" garatu beharko lukeela uste du Oskar Lafontaine Alemaniako ezkerreko Die Linke alderdiko presidente ohiak. Gako hauek krisi ekonomikotik irteteko ezinbestekoak liratekeela... [+]


Hanburgo: salbuespen egoeran eta poliziak hartuta

Hanburgoko Rote Flora zentro sozial okupatuta defendatzeko protestetan izandako istilu larrien ostean, salbuespen egoera ezarri dute hirian. Poliziak edozein identifika eta atxilotu dezake, delitu zantzurik ez badago ere.


Langile borroka
Die Linkeko burukideak greba orokor politikoa aldarri

Euskal Herrian egindako ibilaldiaren barruan, Aralarrek sortu berria duen Ezkerraberri fundazioak gonbidatuta Donostiako Koldo Mitxelenan mintzatu da Florian Wilde Alemaniako Die Linke alderdi ezkertiarreko kidea.


Eguneraketa berriak daude