Abortua, duintasuna eta askatasuna

Justizia ministroa eta Espainiako Gobernua ari dira Abortuaren Legea delakoaren aldaketa sakona sustatzen. Horrela azaldu du, behintzat, Gobernuko presidenteak berak aurreproiektu hori publikoki babestu duenean. Bada, ezagutzen den egitasmo horren arabera, 2010ean onartu zen Legeak ezarri zuen epe sistema bertan behera utzi nahi dute. Erreformak 1985eko Legea baino murriztaileagoa da, atzerago eramaten gaitu, fetuaren malformazioak kanpoan uzten baitira. Argi dago proposatzen den erregulazio horrekin Europako herrialde gehienetan indarrean dauden araudietatik aldenduko garela.

Printzipioz, edozein arau aldatu nahi denean, aurrekoak azaldu dituen disfuntzioak, zailtasunak eta oztopoak aztertu behar dira, erreforma beharrezkoa den ala ez neurtu eta, hala balitz, erreformak nondik nora joan behar duen erabaki ahal izateko. Hau guztiz zentzuzkoa bada ere, kasu honetan ez da horrelakorik egin, ez orain arte, behintzat. Aldiz, ez da arrazoitzen erreformaren beharra, oraindik indarrean dagoen Legea eta gizartearen errealitatea bat datozelako eta inolako gatazka edo arazorik sortu ez delako azken hiru urteetan. Zerbait aipatzeagatik, aurreproiektuan aipatzen da Konstituzio Auzitegiaren doktrinari egokitzeko beharra, baina, egia esateko, Auzitegi horrek ez du inoiz Konstituzioaren kontrakotzat jo epe sistema. Alderantziz, Alderdi Popularrak 2010eko Legearen aurka aurkeztu zuen konstituziokontrakotasun-errekurtsoaren ebazpenaren zain gaude. Gainera, Auzitegiak errepikatu duenez, jaiotzeko dagoenak babesa merezi du Konstituzioaren arabera, baina ez da eskubideen jabe. Aldiz, emakumeok oinarrizko eskubideen jabe garenez, epe sistemak bermatzen du babes orekatua umekiaren eta emakumezkoon eskubideen artean.

Proposatzen den aurreproiektuaren ikuspuntua kezkagarria da benetan: emakumeok babesa, laguntza eta aholku bereziak behar ditugulakoan dago; emakumeok gure amatasunaz eta gure nortasunaren garapen libreaz erabakiak hartzeko ezgaitzat hartzen gaitu. Gobernuaren ikuspegitik emakumeok biktima hutsak gara eta, horren ondorioz, ez gaitu hartzen abortuaren delituaren egiletzat. Ez dut esango delitugiletzat tratatzea nahi dudala, baina adibide horrek oso ondo islatzen du Gobernuaren ikuspegia.

Bestalde, ez dago ukatzerik erreformaren ondorioak oso larriak izango direla. Alde batetik, aurreikusten diren eskakizun formalek oso zaila egingo dute edozein erabaki garaiz hartzea; bestetik, zaila izango da baita ere, osasun zerbitzuetako pertsonalak horrelako arriskuak bere gain hartzea.

Baina ez dira hor bukatzen erreforma horrek ekarri ditzakeen zorigaitzak. Garai hauetan bereziki, argi dago bere ondoriorik nabarmenetariko bat hauxe izango dela: desberdintasun sozialak areagotu egingo direla eta bitarteko ekonomikorik ez duten emakumeek abortatu beharko dutela ondorio larrien arriskupean. Gainera, aurreproiektuaren injustizia soziala sakonagoa da, fetuaren malformazioen kasua ukatzen denean, eta aldi berean, mendekotasun laguntzak murrizten edo kentzen direnean.

Arazo eta helburu pertsonalak eta politikoak at utzirik –nahiz eta erabakigarriak diren gai horretan–, argi dago erreforma horren oinarrian erlijio zehatz baten sinismenak daudela eta denoi inposatu nahi dizkigutela. Estatu eta gizarte aske eta demokratiko batean inposaketa hori eta emakumeon askatasunaren murrizketa guztiz onartezinak dira.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude