Nork ez du nahi bakea?

  • Euskal Preso Politikoen Kolektiboak irtenbide indibidualari bidea irekitzen dion agiriak eta urtarrilaren 11n Bilbon egin zen manifestazio erraldoiak, jendartean ilusio itzela sortu dute konponbidea lortzeko. Presoen aferaren inguruko oinarrizko galderak erantzun nahi izan ditugu hemen, elkarrizketa eta iritziz osaturik.


2014ko urtarrilaren 19an
130.000 pertsona batu ziren Gararen kontaketaren arabera Bilbon.Arg: Dani Blanco

Zer esan du EPPK-k?
2013ko abenduaren 28an Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiria plazaratu zuen. Bertan, “alde anitzeko sufrimendua eta mina” aitortzeaz gain, ontzat ematen du legeak ezartzen dituen baliabideak erabiltzea euren “Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez” lortzeko. Era berean, prozesu hori modu mailakatuan eta “konpromiso indibidualarekin” jorratzeko prestutasuna agertzen du.
Agiriak norabide aldaketa nabarmena ekarri du. Duela urtebete, irtenbide “integralaz” mintzo ziren, amnistiaz, eta orain preso bakoitzak bere egoeraren arabera egingo luke legeen zirrikituetan barrena bidea indibidualki. EPPKren norabide aldaketari babesa emateko Durangon preso ohiek egindako agerraldiak ere garrantzia berezia du, bateratasunez hartutako erabakia izan dela ikusarazten baitu.

Nola izan da prozesua?

2011n ETAk jarduera armatua uzteko hartutako erabakiaren ondorioz presoen kolektiboak hausnarketa abiarazi zuen. Hainbat hilabeteren ondoren, presoek ziklo aldaketari babesa agertu zioten eta pausoak emateko prest azaldu ziren; baina prozesua ez atzera ez aurrera geratu zen. 2013ko ekainean, Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialaren gomendioei erantzuna emango ziela adierazi zuen EPPK-k eta beste hausnarketa bati ekin zion. Ondorioz, iragan abenduko agiria plazaratu du.

Presoek urrats hori emateko behar izan duten denbora “luzea”, kolektibo barnean leudekeen kontrako iritziekin lotu dute zenbaitek. Aitzitik, EPPK-k berak azaldu du oztopo handiak izan dituela eztabaida aurrera eramateko, azken hilabeteetan erasoak eta miaketak biderkatu egin baitira ziegetan bere esanetan. Hala eta guztiz ere, 609 presok hartu dute parte hausnarketa prozesuan, 81 kartzela eta 172 galeriatan sakabanatuta egon arren, eta 309k egin dituzte idatzizko ekarpenak.

Zer gomendio eman ditu Foro Sozialak?

Foro Soziala Bake Bideak eta Lokarrik sustatu zuten 2013ko martxoan, bake prozesuaren blokeo egoera gainditzeko. Hamabi gomendio adostu zituzten, tartean presoek eragindako mina onartu eta lege baliabideak modu mailakatu eta indibidualean erabiltzea. Hain justu, urrats hori ematera doaz orain. Bestalde, justizia trantsizionala ezartzea eta espetxe politika aldatzea ere gomendatu zuten. Iheslariak, egia, elkarrizketa, giza eskubideak, desarmea eta beste hainbat kontutan aurrera egiteko bide-orria diseinatu du Foro Sozialak.

Foro Sozialaren batzordeak zer zeregin du?

Arestian aipaturiko gomendioak sustatzea du helburu. Zortzi lagunek osatzen dute, horietako asko zuzenbide arlokoak, Garbiñe Biurrun eta Henri Dulant epaileak eta Nazario Oleaga eta Michel Tubiana abokatuak kasu. EPPKren agiria ezagutu bezain laster, erakunde horrekin biltzeko asmoa agertu zuen batzordeak.

Zein izan da Espainiako Gobernuaren erreakzioa?

Biktimen elkarteek eta PPko hainbat politikarik berehala arbuiatu zuten presoen komunikatua. Espainiako Gobernuak, ia aste betez isilik egon ondoren, presoen esanak “inolako baliorik” ez zuela azaldu zuen, Jorge Fernández Barne ministroaren ahotik. Ordurako, Espainiako sektore ultraeskuindarrak presio itzela ari ziren egiten preso ohiek Durangon egin behar zuten agerraldia debekatu ez zelako.

Testuinguru horretan, estatu aparatuen errepresio makinaria martxan jarri zen. Urtarrilaren 8an, Eloy Velasco epaileak aginduta EPPKren mintzakideen eta abokatuen kontrako operazioa abiarazi zuen Guardia Zibilak eta zortzi lagun atxilotu zituzten; bi egun geroago epaile berak presoen eskubideen aldeko Tantaz Tanta ekitaldia debekatu zuen.

Zergatik erreakzionatu du horrela?

PPren buruzagitzak aurten egindako lehenengo bilkuran, Rajoyk kritika gogorrak jaso zituen Esperanza Aguirreren eskutik, preso ohiek Durangon egindako agerraldia zela-eta. El País egunkariko Luis R. Aizpeolea analista politikoak berrikitan azaldu du Jose María Aznar presidente ohia buru duen “Tea Party espainiarrak” gobernua harrapatuta duela.

Arrazoi gehiago ere egongo dira, jakina, euskal auzia baliatzea gai korapilatsuak (ustelkeria, abortuaren legea...) medioen fokupetik ateratzeko, esaterako. Baina bistakoena da PPk Madrilgo mahai jokoan aritzeko pieza gisa duela espetxe politika.

Zein izan da eragile politikoen erantzuna?

Espainian, PSOEko hainbat pertsona esanguratsuk ontzat hartu zuten EPPKren agiria: Mercedes Gallizo espetxeetako zuzendari izandakoak “pauso txiki handia” zela esan zuen eta Alfredo Pérez Rubalcabak “pauso bat gehiago” zela. Komunikabide nagusiek ere garrantzia handia eman zioten presoek hartutako erabakiari.

Askori deigarria egin zitzaion lehen egunetan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak izandako jarrera uzkurra, presoen adierazpena “ekintzetan” gauzatuta ikusi nahi zuela azaldu baitzuen. Iñigo Urkullu lehendakariak urte amaierako hitzaldian mezu baikorragoa helarazi zuen eta “itxaropenaz” hitz egin zuen.

Dena dela, Eloy Velascok agindutako polizia operazioak eta Tantaz Tanta ekitaldia debekatzeak, EAJri gauzak aldrebestu zizkion. Euskal jendartearen eskutik presioa gero eta handiagoa zen, sortutako egoeraren aurrean jarrera irmoagoa izateko. Larunbateko Bilboko manifestazio bateratua deitu zuten arte.

U-11ko manifestazioa, zergatik izan da historikoa?

Larunbatean irudi historikoa ikusi ahal izan zen Bilboko kaleetan. Batetik, Euskal Herrian inoiz egin den manifestazio jendetsuenetakoa izan zelako –130.000 lagunek hartu zuten parte Gara egunkariaren arabera–. Bestetik, deitzaileak (EAJ, Sortu, EA, Aralar, GeroaBai, Alternatiba, ELA eta LAB) aspaldian ez direlako elkarrekin izan halako ekitaldi batean. Eta azkenik, testuinguruagatik. Euskal jendartearen zati handi batek garbi erantzun dio Madrili, agerian utziz presoena giza eskubideen afera dela. Hori arazo izan liteke Rajoyrentzat.

Zer ondorio ekarri du sakabanaketak 25 urteotan?

1989an sakabanatu zituzten euskal presoak modu orokorrean. Aljerreko negoziazioen porrotaren ondoren Felipe Gonzálezen gobernuak espetxe politika gogortzea erabaki zuen, presoen artean zatiketa eragiteko helburuz. EAJren adostasuna izan zuen gainera, Ajuria Enearen eta Jose Antonio Ardanzaren garaiak ziren.

Sakabanaketak muturreko egoerak ekarri ditu, ez bakarrik presoentzat, baita senideentzat ere. “Gure maitasunarekin jolasten ari dira” esan zion Maritxu Pagola GALek hildako Inaxio Asteasuinzarraren amak Argiari duela 25 urte. Errepideetan presoen 16 senide eta lagun hurko hil dira urteotan.

Etxerat Elkarteak kaleratu duen azken txostenaren arabera, egun 520 preso daude 79 espetxetan sakabanatuta. Horietatik 80 baino ez daude Euskal Herritik 400 kilometro baino gutxiagora. Bestalde, kolektibotik kanpoko beste 22 preso Langraitzeko espetxean daude.
Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 10 lagun daude egun kartzelan. Euren egoeragatik kalean behar lukete, baina espetxeetako erakundeek ez dute legedia betetzen. Zigorraren 3/4ak edo 2/3ak beteta dituzten presoei, berriz, ez diete 3. gradura igarotzeko aukerarik ematen eta ezin dituzte gradu horretako onurak (kalera irteteko baimenak, baldintzapeko askatasuna...) baliatu. 70 urtetik gora dituzten presoek ere espetxean jarraitzen dute. Ikasketak egiteko mugak, isolamendu eta bakartzeak, bisitak izateko oztopoak... asko dira euskal presoek jasaten dituzten salbuespen neurriak.

Zein baldintza bete behar dituzte presoek hurbildu edo kalera irteteko?

2003an PPk eta PSOEk Espainiako kode penala eta espetxeen legeak aldatu zituzten. Hala, “terrorismo delituengatik” zigorturiko presoek hainbat baldintza bete behar dituzte, bai 3. gradura igarotzeko eta baita baldintzapeko askatasuna lortzeko ere. Presoak “jarduera terroristaren” helburuak eta tresnak utzi dituela “modu agerikoan” erakutsi behar du, eta Justiziarekin “aktiboki” kolaboratu behar du beste kide batzuk atxilotzeko. Horretarako presoak bere delituak arbuiatzen dituela adierazi behar du eta biktimei espresuki barkamena eskatu behar die. Gainera, ardura zibila ordaindu behar du eta talde armatutik aldenduta dagoela egiaztatzen duten informe teknikoak izan behar ditu alde.

“Langraitz bidea” deiturikoa Rodríguez Zapaterok jarri zuen martxan eta legeak ezartzen dituen baldintzak onartzen dituzten presoak daude Arabako espetxean. Dena den, PPren gobernuak oztopo handiak jarri dizkie preso horiei, eta sarritan epaitegietara jo behar izan dute espetxe-onurak jasotzeko.

Presoen hurbilketa, aldiz, ez da epaitegien kontua, Espainiako Gobernuaren eskumena da. Eta tresna politiko gisa erabili izan da gainera –José María Aznarrek, esaterako, Lizarra-Garaziko garaian preso ugari hurbildu zituen–. 2012ko apirilean Jorge Fernández Barne ministroak gizarteratze plan bat jarri zuen abian: ETArekin hausten zuen presoak Euskal Herrira hurbildua izateko aukera izango luke. Plana ordea praktikan erabat baztertuta dauka egun.

Zertaz hitz egingo dute Urkulluk eta Rajoyk?

Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin biltzeko eskaera egin zuen, presoek emandako urratsaz hitz egiteko. Rajoyk onartu du biltzea, baina oraindik ez da publikoki egunik finkatu. Bilera horretan pisu nabarmena izango du EAJk urtarrilaren 11ko manifestaziora joateko hartutako erabakiak.

Bestalde, bileran, Eusko Jaurlaritzak azaroan onartutako Bake eta Elkarbizitza Plana aurkeztuko dio Urkulluk PPko agintariari. Plana 2016 arte garatzeko asmoa du Jaurlaritzak eta Hitzeman izeneko gizarteratze programa dakar bere baitan. Horren karietara, hainbat eskakizun egingo dizkio Madrili Urkulluren gobernuak: espetxe politikaren eskumena; presoen hurbilketa; presoek kartzelako onurak jaso ahal izatea; ETAko kide ohien eta biktimen arteko bilerei berriz ekitea... 2014ko lehen seihilekoan diseinatuko du Jaurlaritzak programa hori.

Zertara dator Currinen taldea urtarrilaren amaieran?

Harremanetarako Nazioarteko Taldea urtarrilaren amaieran edo otsaila hasieran itzuliko da Euskal Herrira, bake prozesua nola dagoen gertutik ezagutu eta presoen inguruko azken gertaerak aztertzeko. Dena den, Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek Berriari azaldu dionez “ez du esan nahi tartean ezer gertatu behar denik. Askotan etorri dira hona eta bilera publikoak eta diskretuak egin dituzte”.
Brian Currin abokatuak gidatzen duen taldeak oharra kaleratu du EPPK-k emandako urratsarekin poztasuna azalduz, eta espetxe politika “humanoagoa eta giza eskubideekin bat egiten duena” ezartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, bakea finkatzeko bidean.

Zein pauso espero da ETAk ematea?

Desarmea eta desegitea. Bi urrats horiek dira behin eta berriz ETAri alde askotatik eskatzen zaizkionak. Sortuko bozeramaile Pernando Barrenaren aburuz “desarmearen gaia funtsezkoa da bake prozesurako”. Urkullu lehendakariak uste du ETAren desarmea sei hilabeteren buruan etorri litekeela.

Dena den, desarmatzeko beharrezkoa da armak nori eta nola entregatu jakitea eta Espainiako nahiz Frantziako gobernuek ez dute inolako erraztasunik eman horretarako, orriotan Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak azaldu duen moduan.
Mariano Rajoyk ez du presoen hurbilketaz hitzik ere egin nahi ETA desegiten ez den bitartean. Zaila da jakitea, ordea, ETAk pauso hori eman eta gero PPk zer egingo duen: “Armak entregatzea eta disoluzioa iragartzea ez dira nahikoa izango. Gezurra diote kontrakoa baieztatzen dutenek”, idatzi du Miguel Sánchez-Ostizek Diario de Noticias-en. Egiaz, orain arteko inertzia izan da ETAk urrats aldebakarreko bat eman izan duen bakoitzean errepresio gehiagoz erantzutea. Zabarkeria galanta, baita nazioarteko adituen ustez ere. Beraz, nork ez du nahi bakea?

Ozeano bihurtutako herria

Autonomia kolapsatuta. Zabalburu jendez lepo. Eta tropelak ez dio mugitzeari uzten. 17:00ak dira. Hau ez da Tantaz Tanta ekimenaren manifestazioa. Baina bada zer edo zer gehiago, debekuen aurreko erantzuna eta elkarlanaren adibidea, hain zuzen ere. Aspaldi ikusi gabekoa, bide batez esateko.

Mobilizazioaren aurrealdean, pankarta bakarra eta ideologia paleta zabala. Leloa: Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea.
Ordu erdi pasa da eta beste hainbeste baino ez da falta hasteko. Jendetzak mukuru bete ditu hiriko kaleak, espaloiak eta izkinak. Lagun bat baino gehiago semaforo gainean topa daiteke, datorrena ez galtzeko edo. Beste baten bat zakarrontzien goiko aldean igota. Ingurukoek ikusminezko begirada dute, esperoan.

Manifestazio isila, oihuz

Manifestazio isila iragarri dute. Garrasiak eta kantak aditzen hasi dira martxa hasi aitzin ere. “Euskal presoak, etxera”. “Presoak kalera, amnistia osoa”. Koroa egin dute batzuek. “Eskerrik asko, Velasco”, espontaneoren batek baino gehiagok.

Makina bat tantadun kartel ikusten da manifestarien eskuetan, baita gomaespumaz egindako tantaz jantzitakoak ere. “Mobilitsasoa” egin behar omen zen, hasieran, “olatu” izanda. Eta azkenean ozeano itxura dauka Bilbok, etengabeko pertsona emarian.
18:00ak. Hasi da. Baina ez da mugitzen. Mantso doa. Ibilbidearen gune batzuetan 30 minutu egon da geldi. Dena den, joandakoek bertan segitzen dute, gogotsu. Itxaroten. Pixkanaka baina hurreratzen doa, masarengana gerturatzen.

Lehen lerroan, politikariak eta pertsona ezagunak; bigarren lerroan, euskal preso politikoen senideak. Hain juxtu, bigarren ilara pasatzerakoan entzun dira txaloak. Orduan ikusi da begi bete gehien, hunkituta. Eta “Atxilotuak askatu” aho batez esan du jende andanak. Hori izan da une emotiboena, askoren iritziz.

90 minuturen ostean iritsi da aurrealdea Udaletxera, 19:30ean. Inork ez du komunikaturik irakurri, eta ez da amaiera ekitaldirik egon. Soilik txaloek eta bertaratutakoek kantatutako “zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak…” doinuek eman dute protestaren amaieraren berri.

Ondoren, nork bere etxerako bidea hartu du. Bukaerarik ez duen ibai eta erreka itxura hartu du itsasoak.

Saioa Alkaiza Guallar


ASTEKARIA
2014ko urtarrilaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Konponbidearen aldeko manifestazioa
2021-12-07 | Leire Artola Arin
Bakegileek fase berri bat abiatuko dute urtarrilaren 8ko manifestaziotik aurrera

Ekintza “indartsuagoak eta determinatuagoak” iragarri dituzte, euskal presoen auziaren konponbidean Frantziako Gobernuaren “borondate eza” ikusita.


Preso gaixoen etxeratzea eskatu dute milaka pertsonak Donostian

Larunbatean Donostiako Bulebarretik abiatu zen preso gaixoen aldeko manifestazioak milaka lagun bildu zituen. Sarek antolaturiko ekimenak arratsaldeko bostak aldera ekin zion ibilbideari “Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera. Giza eskubideak. Konponbidea... [+]


EAJ ez da joango presoen eskubideen aldeko urtarrileko manifestaziora

Bere jarrera argi utzi du EAJk. Bat-bateko aldaketarik eman ezean, ez da Sarek antolatutako presoen aldeko manifestaziora joango urtarrilaren 10ean. Iazko manifestazioan egon bazen, egoera “ezohikoa” zelako izan zela esan du alderdi jeltzaleak.


2014-02-08 | ARGIA
ETAk bake prozesua indartzeko “urrats esanguratsuak” iragarri ditu

Azken hilabeteetako gertakariei buruz ETAk egiten duen irakurketa argitaratu du Gara egunkariak. Erakunde armatuak urtarrilaren 11ko manifestazioa “inflexio une” gisa hartu du eta “urrats esanguratsuak” iragarri ditu gatazkaren konponbidera bidean.


Maltzagatik
Korrontea


Eguneraketa berriak daude