"Larunbateko manifestazioak balio kualitatibo erantsia izan du"

  • Joseba Egibar EAJ-ko Eusko Legebiltzarkidea eta GBB-ko presidentea da.


2014ko urtarrilaren 19an
EAJko Gizpuzkoako Buru Batzarreko presidentea. (Arg: Karlos Corbella)
EAJko Gizpuzkoako Buru Batzarreko presidentea. (Arg: Karlos Corbella)

Manifestazioaren ondoren “garai berria” aipatu zenuen zuk zeuk. Jarraipena behar duela esan ere. Nola eman dakioke jarraipena?

ETAk orain bi urte hartutako erabakiaz geroztik hamaika aldiz berretsi dugu bake eta bizikidetza prozesua sendotzeko ezinbesteko beharra, horretarako nahitaezko diren pauso guztiak eman daitezen gure konpromisoa adieraziz. Ahalegin horretan dihardugu eta PPren Gobernuak ezarritako debekua, oinarrizko askatasun publikoen defentsaren ikuspegitik erabat onartezina izanik, prozesua bera larriki oztopatzeko diseinatutako erabakitzat ulertuta, aurre egin genion manifestaldirako deialdia partekatuz. Madrili mezu garbia helarazi diogu: ez dugu bake prozesua hondatzen utziko, herri honentzat funtsezkoa delako. Bide batez, gainontzeko eragile guztientzat ere mezua garbia da, baita Ezker Abertzalearentzat eta ETA berarentzat ere: bakoitzak berea egin dezala.

“Pentsatzen dugu guk ere alderdi modura badaukagula zeregina”. Nola ikusten duzu EAJ alderdia zentzu horretan?

Eragile bakoitzak dauzka bere ardurak eta bere eginkizunak. Horregatik bultzatu dugu Legebiltzarreko Ponentzia eta Jaurlaritzak jarri du abian Bizikidetza Proiektua. Benetan uste dut zintzo jokatzen ari garela, Espainiako Gobernuaren immobilismoarekin amaitu nahian alde batetik, salbuespeneko legedia bertan behera utz dezan. Eta, bestetik, ETAk ere egin beharrekoak egin ditzanexijituz.

Manifestazioaren eta EAJren aurka jo dute PSE-EEk eta PPk. Zer duzu esateko, alderdi horien jarreraz?

Ez gaitu harritu, ezer berririk ez. Bakea eta Bizikidetzaren helburua ez da helburu partidista, gizartearena baizik. Horregatik uste dut eragile politiko guztien inplikazioa beharrezkoa dela. Baina Alderdi Popularrari onartezina egiten ari zaio “garaile-garaitu” eskematik ihes egiten dion Ezker Abertzalearen indar politikoaren aitormena. Eta biei, bai PPri bai PSEri, betiko moduan, kontrako eztarritik joaten zaie indar abertzaleen arteko inolako bat etortzea.

Zure ustez, Bilboko manifestazioarekin bizitakoaren ondoren, ETAk urrats berriak emango al ditu?

ETAk desarmea bideratu behar du. Gainera, zertarako ditu erabiliko ez dituen armak? Gizartea desarme horren zain dago. Eta larunbatekoa oso baliogarri gerta dakioke behingoz erabakia hartzeko. Madrilgo gobernuari bere jarrera mantentzeko aitzakiak kentzea komeni da.

Zein norabidean eman beharko lituzke ETAk urratsak? Nola ikusten duzu ezker abertzalearen lana zentzu horretan?

Ezker Abertzale politikoak hartutako aldebakarreko erabakiaren haritik etorri zen ETAk bere jarduera uztearena. Bi urte luze geroago EPPK-k bere asmoak agertu ditu. PPren gobernuak blokeo jarrerarekin temati jarraitzen du. “ETA desagertzen ez den bitartean” ez omen dute jarrera aldatuko. Beraz, egoera desblokeatzeko eta aldebakartasunaren logikarekin kontsekuente izanik, argi dago zein diren Ezker Abertzaleari eta ETAri eskatzen zaizkien hurrengo pausoak. Larunbatean aldarrikatu genuen bezala, konponbidean aurrera egiteko.

Hainbat pertsonak eta eragilek Lizarra-Garaziko garaia izan dute hizpide. Bide hori iragana al da? Urratu al daiteke bide berri bat?

Garaian garaikoak. Prozesu ezberdinen aurrean gaude, eta bakoitzaren denborak, logikak eta eginbeharrak ezberdinak dira. Larunbateko manifestaldiak debekuari aurre egitea ez ezik, bake prozesuaren beharrari erantzun zion: giza eskubideak, konponbidea eta bakea. Hortik aurrera, hor daude gure gizarteak dituen erronkei erantzuna emateko lanak, krisiari aurre egitea eta herriaren borondate politikoa moldatzeko asmoa. Legebiltzarrean badugu, denok ere, gure artean adostasunetara heltzeko daukagun borondatearen neurria azaltzeko etengabeko aukera.

Mariano Rajoyren gobernua zein egoeran geratzen da Bilboko manifestazioaren ondoren? Ikusten duzu blokeoa gainditzeko moduan?

Orain artean egin izan diren manifestazio “kolosal” edo “erraldoiek” ez dute balio handiegirik izan... Egia da larunbatekoak balio kualitatibo erantsia izan duela. Beraz, Rajoyren gobernuari irakurketa egokia egiteko eskatuko nioke, eta ez bakarrik kartzela politikaren inguruan, horretan ez ezik baita bizikidetzak orokorrean inplikatzen duen horretan ere. Eta lagunduko duten erabakiak har ditzala; ez bestelakoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Konponbidearen aldeko manifestazioa
2021-12-07 | Leire Artola Arin
Bakegileek fase berri bat abiatuko dute urtarrilaren 8ko manifestaziotik aurrera

Ekintza “indartsuagoak eta determinatuagoak” iragarri dituzte, euskal presoen auziaren konponbidean Frantziako Gobernuaren “borondate eza” ikusita.


Preso gaixoen etxeratzea eskatu dute milaka pertsonak Donostian

Larunbatean Donostiako Bulebarretik abiatu zen preso gaixoen aldeko manifestazioak milaka lagun bildu zituen. Sarek antolaturiko ekimenak arratsaldeko bostak aldera ekin zion ibilbideari “Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera. Giza eskubideak. Konponbidea... [+]


EAJ ez da joango presoen eskubideen aldeko urtarrileko manifestaziora

Bere jarrera argi utzi du EAJk. Bat-bateko aldaketarik eman ezean, ez da Sarek antolatutako presoen aldeko manifestaziora joango urtarrilaren 10ean. Iazko manifestazioan egon bazen, egoera “ezohikoa” zelako izan zela esan du alderdi jeltzaleak.


2014-02-08 | ARGIA
ETAk bake prozesua indartzeko “urrats esanguratsuak” iragarri ditu

Azken hilabeteetako gertakariei buruz ETAk egiten duen irakurketa argitaratu du Gara egunkariak. Erakunde armatuak urtarrilaren 11ko manifestazioa “inflexio une” gisa hartu du eta “urrats esanguratsuak” iragarri ditu gatazkaren konponbidera bidean.


Maltzagatik
Korrontea


Eguneraketa berriak daude