Nafarroa 1512: herri xumearen sufrimendua dantzan

  • Iruñeko Ortzadar euskal folklore elkarteak 29. kultur jaialdia antolatu du aurten, eta zenbait ekimenen artean dantza nabarmendu du. Nafarroako konkista gogoratu, bizirik dagoen herria dantzatu eta euskarazko eskaintza baliatu. Horixe, Barañaingo jaialdiaren funtsa.

Joan den urtean 500 urte bete ziren Gaztelak eta Aragoik Nafarroa bereganatu zutenetik. “Jaialdia iaz egitea litzake idealena, baina egoerak ez zuen ahalbidetu eta atzeratu egin behar izan genuen”, adierazi du Mikel Lasarte Ortzadarreko kideak. Izan ere, Barañaingo udalak aurten eskaini dizkie folklore jaialdia aurrera eramateko lekua eta baliabideak.

Gipuzkoako Alur eta Nafarroa Behereko Garaztarrak taldeek hartu dute protagonismoa ekimenean, Ortzadarrekin batera. Bi taldeok askotan eskaini dute Nafarroako konkistari buruz sortutako ikuskizuna, baina gutxitan Nafarroan. Ikuskizun guztiak euskaraz sortuak direla azpimarratu du Lasartek, eta garrantzitsua dela, “dantzaz gain, musika, kantak eta hizkuntza baitira folklorearen oinarri”.

1512 Izanak Dirau izenburupean gidatu zituzten oinak Alur taldeko dantzariek, Barañaingo Auditorioan, azaroaren 17an. Elisabete Nosellas taldeko kidearen esanetan, garaileen ikuspuntutik kontatuta dagoen historiari buelta eman eta “ezkutuan zegoena” azaleratzeko helburua izan zuten Alurren. Nafarroa Euskal Herria izan bazen, gaur zergatik ez den izango bota du airera Nosellasek: “Gertaera 1512an izan zen arren, Nafarroak badauka oraindik izateko motiboa”.

Donibane Garaziko Garaztarrak taldeak dantza tradizionalak egin ohi ditu, baina garaikidearekin nahasita osatu zuten Kontrapas, azaroaren 10ean Barañaingo Auditorioan eskaini zutena. Euskal Herriaren nortasunari buruzko saioa da, musika, antzerkia eta poesia barne hartzen dituena. Euskarak bizirik dirauela azaleratzen du, besteak beste.

Ortzadar dantza taldearen Librea ninçana ikuskariak emango dio amaiera jaialdiari, abenduaren 15ean. Dantzariek Nafarroarekiko maitasuna errepresentatuko dute, sufrimendu eta errepresio betean. “Kateatu ninduzun libre nintzena” esaldiak lotu du bereziki maitasuna konkistarekin.

“Gertatutakoa oroitu eta herritarren sufrimendua argitara ekarri nahi dugu”, adierazi du Lasartek. Sufrimendua era askotan ulertuta, bakean dagoen herri bateko biztanleak protagonista direla: borrokara edo erbestera alde egin behar izan zutenak, ondasunik gabe gelditu zirenak, bortxatuak… Omenaldi gisa, pisu handia izango dute emakumeek, “herria aurrera ateratzen rol oso garrantzitsua bete baitzuten garai hartan”.

Iluntasun horretan, ordea, ez da dena beltza. Ikusleari herria zutik dagoela erakutsi eta mezu positiboa helarazi nahi diote Ortzadarrekoek. Historia edo istorioa barrutik atera zaiela aipatu du Lasartek.

Taldearen ardatza dantza tradizionala den arren, sentimenduetan oinarritutako emanaldi bat sortu nahi dute. Dantza bakoitzeko sentsazioek elkarloturik osatu dute historia, eta hark herritarrengan utzi zuen arrastoa sentiaraziko dute.

Datorren urtean bi urtebetetze ospatuko ditu Ortzadar taldeak, folklore elkarteak 40 urte egingo baititu, eta jardunaldiek 30. Horien inguruko ekimenak buruan, gogotsu dabil Ortzadar. Nafarroako dantzen Atlasa osatzea lehentasunen artean dute, bestalde.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude