Balio aldaketa, gizarte berria sortzeko giltza

Duela gutxi, azaroaren 25ean, Emakumearen indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, hainbat puntu lila ikusi ditugu erakunde askotako fatxadetan, etxeetako leihoetan, sare sozialetan... Kontuan izanda sinbolo hau publikoki erakusteak berarekin dakarrela emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa, esan daiteke euskal gizartearen gehiengoak indarkeria mota honen kontrako jarrera argia daukala. Emakundek landutako azken Emakume eta Gizonen egoerari buruzko txostenean jasotzen da EAEko biztanleriaren %82,2k uste duela genero-indarkeria dela gizartearen arazoen artean handienetakoa.

Jakin nahiko nuke, hala eta guztiz ere, indarkeria mota honen kontra dagoela esaten duen %82,2 horretako guztiak ados dauden lehenik eta behin emakumeen kontrako indarkeria zer den definitzeko orduan, eta, bestetik, indarkeria mota hori sorrarazten duten sinesmen eta balore guztiak gaitzesteko orduan. Emakundek argi dauka ezinbestekoa dela indarkeria mota horren aurka egiteko berdintasun eza betikotzen duten eguneroko jarrerak aldatzeko ahalegin handia egitea. Baina horretarako lehenengo pausoa jarrera horiek antzematen ikastea da, berdintasun eza non eta nola ematen den ikustaraztea.

Berdintasun eza betikotzen duten jarrerak antzemateko lan horretan, gazteekin egin beharreko lana da bereziki garrantzitsua. Neska batek pentsa dezake whatsappean bere bikoteak etengabe “non zaude, norekin zaude, bidali argazki bat norekin zauden ikusteko” bezalako mezuak maitasunaren adierazgarri direla. Eta mutilak berak ere pentsa dezake bere bikoteari bidaltzen dizkion mezu horiekin guztiekin inork baino gehiago maite duela adierazten diola. Kasu batean zein bestean garrantzitsua da gazteak ohartzea halako jarrerak neskaren askatasuna eta autonomia mugatzen ari direla, eta halako jarrerek ereindako lurretik jaio daitekeela egunen batean emakumeen kontrako indarkeria.

Baina arazoa ez dago gazteengan bakarrik. Gazteek gure gizartean berdintasunarekin bat ez datozen jarrerak bereganatu baino ez dituzte egiten. Berdintasunaren kontrako jarrera horiek bizi-bizi daude oraindik, eta sugarraren antzera pizten dira gizarte eredu hau aldatu nahi duen edozein haize boladak jotzen duenean. Berdintasun ezaren kultura guztiz txertatua dago gure hedabideetan, familietan, eskoletan, tabernetan, enpresetan eta beste hainbat gunetan. Eta horren adierazle dira askotan berdintasunarekin zerikusia duten gaiei buruz arinkeriaz hitz egitea, edo barreak egitea, edo emakume bati gertatzen zaionaren erru handiena bere gain botatzea, edo zalantzan jartzea emakume baten testigantza, edo “berdintasunaren alde nago baina ez nator bat feminismoarekin” bezalako kontraesanak entzutea.

Askotan esaten da ez garela munduan gertatzen diren arazoen larritasunaz ohartzen gertu sentitzen ditugun arte. Zure alaba, zure iloba, zure ama, zure laguna izan daiteke genero indarkeriaren biktima. Horrelakoetan geure buruari galdetzen diogu nola den posible XXI. mendean emakume bat halako zulo beltzean sartuta ikustea.

Emakumeen kontrako indarkeriaren kontra egiteko, batetik, erroetara joan behar dugu, gure eguneroko jarrerak aztertuz. Bestetik, argi dago indarkeria mota honek erantzun iraunkorrak behar dituela. Eta bi ezaugarri horiei azken bat erantsiko nioke: erakunde, elkarte eta entitate ugariren arteko lan bateratuaren beharra. Pertsona guztien lan bateratuaren beharra. Emakumeen kontrako indarkeriaren arazoa ez da emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik, eta denon artean egin behar diogu aurre.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude