Harresiak lurpetik atera eta hizketan hasi dira

  • Amaiurko gaztelua izan zenaren oinarri osoa identifikatuta dago, eta Erdi Aroan paisaia hark izango zuen itxura irudikatuta, azken zortzi urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatutako lanari esker. Orain, daukaten informazioarekin historia idatzi beharra dagoela azaldu du Juantxo Agirre Mauleon elkarteko idazkari nagusiak. Arkeologoa bera, Amaiurren egiten ari diren lanen zuzendaritza taldean dabil hasieratik.

Besteak beste, Nafarroako konkistan eranbilitako kanoi-bolak harresieta nsartuta topatu dituzte Amaiurren. (Arg: Arantzadi Zientzia Elkartea)
Besteak beste, Nafarroako konkistan eranbilitako kanoi-bolak harresieta nsartuta topatu dituzte Amaiurren. (Arg: Arantzadi Zientzia Elkartea)

Euskal Herriko historian horren esanguratsua den gaztelua berreraikitzea anbizio, 2006an hasi zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiurko ikerketa. Aztarnategi aberatsa da: XIII. mendean gazteluaren lehen harriak kolokatu eta gaur egun arterainoko informazioa eskaintzen du. 2013ko udakoa, baina, ez da azken indusketa kanpaina izan eta urte amaieran eskatuko dute tokian bertan ikertzen jarraitzeko baimena. 2015. urtea bukatzerako, bestalde, argitalpen zientifikoa aurkezteko lanetan dira. Gazteluaren harresiak azaleratzetik harago, ingurua, orduko bizimoldea eta abar. Baldintzatu zituzten elementuak aztertzen ari dira, historia oso bat izan dadin. Liburu-saila, bada, gazteluaren historia bere testuinguruan ulertzen lagunduko duten atalez osatuta egongo da. Horrez gain, bilduma osatzeko orduan eskura dauden garaiko idatziak ere kontuan hartzen ari direla azaldu du Juantxo Agirrek. Historiaurreko aztarnategietan ez bezala, esku artean garaiko testuak izatea laguntza handia izan dela dio arkeologoak, bai aztarnak identifikatzeko garaian, bai eta historia berreraikitzerakoan ere.

Amaiurko gazteluaren historia ez al da, bada, 1522an bukatzen?

Indusketarekin hasi aurretik idatzietatik ezagutzen genuen Amaiurko gazteluaren historia, eta 1521-1522an izan zuen garrantzia; gure iraganaren erreferentzia da. Baina gure helburua eraikinaren historia osoa ezagutzea da, jaio zenetik eraitsi zuten artekoa. Askok uste du 1522an hil zela gaztelua, baina moldaketa asko jasan zituen ordutik aurrera.

Erdi Aroan, XII. mendean hasi eta XXI. mendera arte iristen da aztarnategi honen ibilbidea. XIII. mendeko harresi guztiaren eta harrizko atearen oinarriak berreskuratu ditugu eta garaiko bost dorreak ere bai. XIV eta XV. mendeetan eraikitako bigarren harresia ere aurkitu dugu, baita XVI. mendean espainiar konkistatzaileek eraiki zuten bastioia eta ur depositua ere, eta XVII. mendean Espainiako erregearen aginduz berreraikitako gotorlekuaren aztarnak ere badaude. Frantziako Iraultzan kuartela eraiki zuten bertan, ondoren karlistadetan erabili zutena, eta gerra zibilaren ondoren Francoren aginduz eraikitako bunkerren eta trintxeren arrastoak ere badaude. Uste baino anitzagoa da lekua eta Euskal Herrian historian zehar izandako aldaketak ikus daitezke.

Gotorlekuaren momenturik ezagunena Amaiurko batailakoa da. Zer dakigu ordura arteko harresiez?

Lehenengo harresi guztia lokalizatuta dago, eta Erdi Aroko gaztelua irudikatu dugu: erdian dorre nagusi karratu eta handia duela, metro bete zabalerako harresiak inguratzen du. XV. mendean eraikitako bigarren harresiaren perimetro guztia ere topatu dugu, oinarri zirkularreko bi dorrerekin, baina atea aurkitzea falta zaigu oraindik. Bi aurkikuntza horiek hasierako gaztelua izango zenaren argazkia eskaini digute; Erdi Aroko paisaia irudikatu ahal izan dugu. Gainera, harresietan sartuta topatu ditugu kanoi-bolak ere, Nafarroako konkistan erabilitako biolentziaren seinale.

Aztarna gehiago ere badago.

Espainiar konkistatzaileek 1512tik 1522ra bitartean Amaiurren obrak egin zituzten gaztelua handitu eta berrindartzeko, eta eraiki zituzten bi gotorleku nagusiak identifikatu ditugu. Garai hartan eraikitako ur depositua aurkitu dugu, esaterako, eta orduko obra kontratuetako idatzietan aipatzen den adreiluzko oinarri osoa ere bertan dago. Hezetasunari esker, gainera, putzuan erabiltzen zituzten hainbat tresna kontserbatu dira. Zurezko kaiku bat aurkitu dugu barruan, baita putzutik ura igotzeko erabilitako ontzia ere, burdinazko hiru eraztun eta guzti. Gazteluan zehar, bestalde, zenbait lantza-punta, txanpon eta zilarrezko labanatxo bilatu ditugu.

Lurpean dagoena ez da harresia soilik, eta zenbait elementuk garaiko jendartearen ezaugarriez hitz egiten digute. Osatzera goazen bilduman, beraz, gazteluaren historiaz gain elementu haiek guztiak testuinguru historikoan kokatu eta aztertuko dira.

Auzolanean funtzionatzen duzue…

Horrelako indusketa bat modu profesionalean burutzeko dirurik ez daukagu eta hasieratik heldu genion auzolanaren moldeari. Lehenengo lanetarako Udako Euskal Unibertsitatearen bitartez lortu genuen jendea. Aranzadiren eta UEUren artean euskarazko arkeologia ikastaroa antolatu genuen Amaiurren bertan eta hortik piztu zen sua.

Auzolanean ez ezik euskara hutsean egiten den indusketa arkeologiko bakarra da. Erabat euskalduna den herri batean egiten dugu lan, eta garrantzitsua da gure jardun guztia euskaraz egitea; ez bakarrik lan orduetakoa, baita lan orduetatik kanpokoa ere. Amaiurko herritarrekin izugarrizko harremana egin dugu eta beraiek dira gazteluaren zaintzailerik onenak; legeak baino mila aldiz nahiago ditut horrelako babesleak.

Zer daukazue pentsatuta datorren urteko kanpainarako?

Hormen zatirik handiena agerian dago, baina oraindik badauzkagu zati batzuk bukatzeko; Erdi Aroko bi harresien arteko puska adibidez. XVI. mende hasieran gazteluaren harresietatik kanpo eraiki ziren bastioiak eta ehun urte beranduago egin ziren beste pareta batzuk garbitu eta nabarmentzeko asmoa ere badaukagu hurrengo kanpainarako.

Epe motzeko erronka ere badugu, 2014ko abuzturako egin nahian gabiltzana: aztarnategirako irisgarritasuna eta sarbidea hobetzea. Aztarnategian sartzeko zailtasun handiak daude. Gure aldetik eta Amaiurko herriaren laguntzaz burdinazko eskailera batzuk eta aldamioak jarri ditugu, baina horrelako aztarnategi garrantzitsu batean hainbeste bisita izaten direla eta, egokitu beharra dago. Irisgarritasuna eta segurtasuna bermatu beharra dauzkagu.

Lurpeko informazioa azaleratu dugu, harresiak, dorreen oinarriak eta abar ikusgarri daude; baina orain aztarnategia ganoraz ikusteko prestatu behar da. Amaiurko gaztelura gerturatzen den edozein pertsonak eduki behar du aukera ingurua bisitatu eta historiaz gozatzeko. Paneletan azalpen sinple batzuk jartzeko asmotan gabiltza, ikus daitekeena bere testuinguruan kokatzen laguntzeko.
 

Baimenak eta diru-laguntzak

Indusketa bat egiteko urte amaieran eskatu behar izaten da hurrengo kanpainan landa-lanarekin jarraitu ahal izateko baimena. Lurraldeko aldundiaren eskumena da onarpena ematea, eta Amaiurko kasuan Nafarroako Gobernuko Kultura sailaren esku dago. Hurrengo urterako baimen-eskaera egiteko, azken kanpainako memoria txostena eta hurrengo urteko indusketarako proposamena aurkezten dira. Erantzuna hurrengo lanaldia hastear dela ematen dute, uda hasieran. Nafarroako Gobernuaren baimenik ezean, kasu honetan inoiz gertatu ez bada ere, dagokion urtean ezingo litzateke aztarnategian eskurik sartu.

Baina landa-lanerako baimena edukitzea ez da nahikoa. Lan hori burutzeko baliabide ekonomikoak beharrezkoak dira. Aranzadi Zientzia Elkarteak orokorrean erakunde publikoak ditu sostengu ekonomiko, ez Euskal Herrikoak bakarrik, proiektu anitz baitituzte munduan barrena eta tokian tokiko laguntza jasotzen baitute.

Amaiurkoa bezalako aztarnategi batean udako bi asteko ikerketa-lan txukun bat egiteko 20.000-24.000 euro inguru behar izaten dira, kontuan hartu gabe urte osoan zehar horrek atzetik dakarren lana. Zortzi urte hauetan Nafarroako Gobernuak ez die laguntza ekonomikorik eman ikerketa honetarako, eta Udalbidek zein Baztango eta Amaiurko Udalek eskainitako diru-laguntzei esker biziraun du gazteluaren azterketak, baldintzak onenak ez badira ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amaiurko gaztelua
2022-07-18 | Ahotsa.info
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren 500. urteurrena gogoan izan dute

Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ospatu da larunbatean, Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Amaiurko herriak antolaturik eta hainbat instituzioen ordezkarien presentziarekin.


2022-06-12
Amaiurtarra

Aise adituko diezue adin bateko espainolei, zerbaiten larritasuna gutxietsi edo apaletsi nahi dutelarik: “Kuban gehiago galdu zen”, harako 1898 hartako inperio kolonialaren hondarren galera gogoan. Hungariarrek ere, gisako esamoldea omen dute, adiera berberarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude