"Eremu elektromagnetikoen gaian, alarma datuek eurek sortzen dute"

  • Eibarren jaio zen 1955ean, elkarrizketa hau egin dugun etxean. Sorlekuan bertan du bulegoa Jose Alberto Arrate abokatuak, Euskal Herrian eremu elektromagnetikoen kalteengatiko auziak daramatzan bakarretakoa, bakarra ez bada. Berriki Donostian egindako jardunaldi batzuetan, gaiari buruzko legediaz jardun zuen, eta hortik abiatu dugu elkarrizketa.

Dani Blanco

Donostiako jardunaldietan Europar Batasunaren 1.815 erresoluzioaz hitz egin zenuen, eta hura udaletan aplikatzeko moduez. Zer dio erresoluzio horrek?

Oso aurrerapauso garrantzitsua da eremu elektromagnetikoen arauketan. 1.815 erresoluzioa Europar Parlamentuko Batzarraren gomendio bat da, 2011. urtekoa, oinarrizko zenbait alderdi dituena. Bata, ALARA printzipioaren alde egiten duela, hau da, eremuekiko esposizioa ahal bezain txikia izan dadila. Bi, ahulenek (umeek, zaharrek, gaixoek...) erabateko babesa izan dezatela. Eta urrats garrantzitsua: mikrouhinekiko esposiziorako gehienezko balio segurua zentimetro koadroko 0,1 mikrowattetan ezarri du. [1.815 erresoluzioak, zehazki, eraikin barruetarako ezartzen du balio hori, eta epe laburreko helburu modura betiere; epe ertainean, muga 0,01 mikrowattera jaistea proposatzen du].

Espainiako Estatuan gaur egun indarrean dagoen araudia, 2001ekoa, EBko osasun ministroek 1999an emandako gomendio batean oinarritzen da. Orduan, 450 mikrowattetan ezarri zuten muga. Baina handik urte batera zientzialari talde bat elkartu zen Salzburgon, eta esan zuten gehienezko kopurua 0,1 izan beharko litzatekeela.

4.500 aldiz gutxiago.

Hala da. Eta azkenean, denbora luzea pasatzen utzi badu ere, Europar Batasunak arrazoia eman die. Azpimarratzekoa da Salzburgokoa eta gero zientzialari biltzar gehiago izan direla, eta denetan berretsi dela orduan esandakoa. Bitartean, Europar Parlamentuak, 2008an eta 2009an emandako erresoluzio bitan, adierazi izan du 1999ko gomendioa zaharkituta geratu dela. Azkenik, hori guztia 1.815 erresoluzioan gauzatu da. Gainera, hura atera eta denbora gutxira, Osasunaren Mundu Erakundeak, 2B multzoan sailkatu zituen erradiazio elektromagnetikoak. Hau da, “baliteke minbizi-eragileak izatea”.

Hala ere, 1.815 erresoluzioa gomendioa dela diozu. Beraz, ez da derrigorrezkoa betetzea.

Ez da loteslea, egia da, ez du behartzen. Baina moralki behartu egiten du. Kontuan izan behar da estatuek sinatu egin dutela.

Bai, baina…

Une honetan hutsune moduko bat dago. Estatuak Europako gomendioaren araberako araudia egingo balu, udalen funtzioa hirigintzaren eremukoa baizik ez litzateke izango. Baina hutsunea dagoen bitartean, eta udalek uste badute beren interesak jokoan daudela, eskumenak balia ditzakete arautzeko, 1.815 erresoluzioa barne. Hori da nik defendatzen dudana. Betiere kontuan hartuta, eta hori funtsezkoa da, arautze horrek ez diola trabarik egin behar telekomunikazio zerbitzuari, hura oinarrizkoa baita. Hala esanda dauka [Espainiako] Auzitegi Gorenak, 2000tik honako hainbat epaitan. Dena den, posible da telekomunikazio sistema bermatzea eta aldi berean herritarren osasuna babesteko neurriak hartzea.

Antenak lekuz aldatzeaz ari gara?

Sistema osoa modu arrazoizkoan egituratzeaz ari gara. Hori planifikazioaren bidez lortzen da, potentzia mugak ezarriz, eta ahal bada, distantzia mugak ere bai. Espainiako Gaztela bietan ikusi da udalek, gaia konplexua zela aurreikusita, telefonia konpainiekin negoziatu eta antenak herrien kanpoko aldean kokatzeko esan dietela. Eta ez dago arazorik; ez estaldura faltarik, ez protesta sozialik. Baina hori hiri handietan egitea zailago suertatzen zaie konpainiei, planifikazioa eskatzen duelako, dirua da. Antenak nahi duten lekuan ipiniz gero, merkeago ateratzen zaie, eta halaxe egin zuten hasieratik. Ez dute berregituratu nahi, ez dute nahi gaiaz hitz egin dadin ere. Beti esan dute gai hau estatuaren eskumenekoa dela, eta nahi duten lekuan jar daitezkeela antenak, oinarrizko zerbitzua ematen ari direlako eta guztiz segurua delako. Neurtzekotan, neurtu egiten da ea erradiazioa 450 mikrowattera iristen den, eta hori oso zaila da, antena bat besarkatuz ere ez zara iristen horretara.

Nolanahi, praktikan urrun gaude 1.815 erresoluzioa aplikatzetik.

Bai. Dena den, dagoeneko leku askotan ez da gainditzen 0,1 mikrowatteko muga hori, eta estaldura egon badago.

Donostiako hitzaldian zera esan zenuen: “Hedabideek mezu lasaigarriak zabaltzen badituzte ere, jendeak errefusatu egiten du erradiazio horiekiko esposizio ez-boluntarioa”. Bada, zientzialari bat baino gehiagori irakurri izan diogu kontrakoa dela, alegia, hedabideok funtsik gabeko alarma eragiten dugula, besteak beste hau bezalako elkarrizketak eginez.

Alarma datuek eurek eragiten dute. Eta badugu hainbat datu berri. Batetik, Europar Parlamentuak esan zuen, 2008an eta 2009an, aurrez ezarritako mugak zaharkituta daudela. Bestetik, azpimarratu zuen eremu elektromagnetikoak sortzen dituzten enpresen aseguru-polizek ez dituztela bere gain hartzen kutsadura elektromagnetikoagatiko kalteak. OMEk esandakoa ere hor dago, OME berak baitio “baliteke minbizi-eragilea izatea”. Badago, halaber, Italiako Auzitegi Goreneko sententzia bat, pertsona batek eduki zuen burmuineko glioma zuzenean lotzen duena eskuko telefonoa erabiltzearekin. Horiexek sortzen dute alarma.

Nik ez dut alarma sozial handirik nabaritzen, dena esatera. Eskuko telefonoaren erabilera gorantz doa, wi-fi gabeko taberna bat ez duzu aurkituko... Benetan jendeak honen axola du?

Gai interesgarria da hori. Tabako paketeetan irakur daiteke: “Erretzeak hil egiten du”. Eta jendeak erre egiten du. Tira, horrek hiltzen ez bagaitu beste zerbaitek hilko gaitu eta... Baina nik, erretzailea izan arren, ez nuke onartuko zuk zeure kea botatzea nire aurpegira, edo nire seme-alabenera. Nik pentsa dezaket eskuko telefonoa kaltegarria dela niretzat, eta hala ere erabili, baina ez zait gustatzen antena baten erradiazioa nire logelara sartzea. Horra iritsita, balorazio moralak egiten has gintezke, baina ni ezin naiz horretan sartu. Kontua da jendeak eskuko telefonoa darabilela eta aldi berean antena bere etxean jartzearen aurka dagoela. Kezka egon badago, eta erakunde publikoen gaineko presioa nonahi aurkituko duzu.

Herritar arruntak ez daki zer pentsatu, ordea. Berriki argitaratutako ikerlan batek baztertu egiten du eskuko telefonoa erabiltzearen eta zenbait minbiziren artean lotuta dagoenik.

Uste dut eztabaida hori guztiz gaindituta dagoela. Espainiako legeak, 1.066. Dekretuak hain zuzen, eremu elektromagnetikoek nerbio-sistemari eragindako kalteak aipatzen ditu. Kalteak badaude, egon; eztabaida ez da hori, baizik eta zenbateko esposiziotik aurrera gertatzen diren. Oraindik bakarren batzuk saiatzen dira esaten eremu elektomagnetikoak guztiz kaltegabeak direla, baina uste dut eztabaidaren muina, gaur egun, kopuruak direla. Esango nuke ia zientzialari bakar bat ere ez dela ausartzen, gauden-gaudenean, eremu elektromagnetikoak guztiz kaltegabeak direla esatera. Ezagutzen ditut nik hemen esan dudanaren aurka buru-belarri diharduten batzuk, eta beti uzten dute ateren bat zabalik, “gehiago ikertu behar da” esanez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eremu elektromagnetikoak
Linky argindar kontagailu inteligenteak
Osagarria eta bizi pribatuaren errespetua zalantzan

Izan partikularren zein udalen partetik, Linky deitu argindar kontagailuaren aurkako jarrerak biderkatuz doaz Ipar Euskal Herrian. Bi kezka nagusi daude errefusaren oinarrian: batetik, dakarren bizi pribatuari buruzko informazio bilketa; bestetik, hedaturiko uhin... [+]


2016-03-15 | Arabako Alea
Gasteizek antenen mapa izango du

Gasteizek telefonia mugikorraren antenak kokatzeko mapa osatuko du aurten, udal aurrekontuetan jasota dagoen moduan. Proiektuak bi epe izango ditu; lehenik eta behin, Gasteizen dauden antena guztien kokapena zehaztuko da eta, bigarrenik, izan ahal dituzten arriskuak aztertuko... [+]


2015-04-21 | Unai Brea
Espainiako Estatuko abokatua, Gasteizko antenen ordenantzaren aurka

Espainiako Gobernuak, estatuko abokatuaren bitartez, helegitea aurkeztu du telefonia mugikorreko antenak arautzen dituen Gasteizko ordenantzaren aurka. Urtarrilean onartu zuten ordenantza, EH Bildu, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Gobernuan dagoen PPk ezetz bozkatu zuen.


2014-05-16 | Unai Brea
Bilboko auzo elkarteak, antenak jartzeko teilatua desjabetu ahal izatearen aurka

Madrilgo Diputatuen Kongresuak –PP, PSOE, CiU eta EAJren botoekin– apirilaren 29an onartutako Telekomunikazio Lege Orokorraren aurka azaldu da Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, prentsa ohar baten bitartez. Diotenez, legeak oztopatu egiten du osasunaren defentsa... [+]


Agustin Bocos: "Ez ahaztu gauetan wi-fia itzaltzea"

Agustin Bocos ingurumen abokatua da, kutsadura elektromagnetikoan aditua, Soinuaren Kontrako Juristak elkartearen sortzaileetakoa eta ingurumen zuzenbideko masterreko irakaslea. La Vanguardia hedabideko La Contra sailean elkarrizketa egin dio Ima Sanchis-ek eta wi-fi-ari buruz... [+]


Eguneraketa berriak daude