Gure izaeraren neurriko

Espainolen tertulien eta frantsesen salonsen ondorengo, irakurle taldeak ez dira gure asmakizuna. Irakurketa bakartia eta harreman sozialak uztartzen dituen sistema hau, alabaina, ederki ezkontzen da gure “saldo” izaerarekin. Taldean gauzatu ohi dira ekintzarik miresgarri eta arriskutsuenak. Jende mordo bat bere kabuz sekula santan erosi eta irakurriko ez lituzkeen liburuei adorez hurbiltzen zaie ekimena sailean sortuz gero.

Ohartua nintzen lehenago –beharko ohartu– irakurle taldeek gure sistema literario txipian hartu duten garrantziaz. Astero, bi minutuko azterketa sozio-literarioak egiten ditut Susa argitaletxeak nire e-postara igortzen duen emailu bakoitzarekin. Lehengo urriaren 30ekoak, ordea, aho bete hortz utzi ninduen alde guztietatik. Zenbat eta hogeita hiru irakurle talde agertzen ziren, egun horretan, Euskal Herriko bazter gehienetan barreiatuak.

Beharbada egun apartekoa izanen zen hura, halabeharrak ekitaldi pila bat metatutakoa. Aste honetako emailuan ez ditugu, seguru aski, hogeita hiru irakurle talde atzemanen. Fenomenoari benetako neurria harrapatzeko, aise ere lan serioagoa beharko litzateke bertze zereginik gabeko so-egile diletante honek begi-kolpe bakar batetik ateratzen ahal dituen ondorio arinak baino. Hori guztia egia izanagatik ere, ez diot datuari sintomaren balioa kendu nahi.

Kopuru hutsa ez ezik, taldeen banaketa ere deigarria zen herrialdez herrialde, joan den urriaren 30ean: hamar Bizkaian, zazpi Gipuzkoan, lau Nafarroan eta bi Araban. Nonbait, irakurketa kolektiboaren premia gutiago du euskal irakurle gehien dituen probintziak.

Horren aldean, ez nau hainbertze harritu talde horiek hautatutako idazlanetan nobelak duen erabateko nagusitasunak. Hogeita hiru idazlanetarik hamazazpi genero horretakoak ziren. Aise ere gibelatago heldu ziren ipuin liburuak, lau alerekin. Gainerako biek poesiaren eta hara!, antzerkiaren artean egiten zuten erdibana.

Bertze sorpresa bat. Jatorrizko liburuen aldean itzulpenek izaten duten harrera eskasaz ozenki penatu izan gara euskal literaturzaleok. Ez zen halakorik ageri delako emailuaren laginean. Hogeita hiru liburuetarik erdiak baino gehiago –hamalau– bertze hizkuntzetatik bihurtuak ziren. Merezi bezalako arreta, azkenik, euskarara ekartzen ditugun lanek? Edo irakurle taldeetan jarrera militantea dago itzulpenen aldera?

Izanen da nork argitua. Agian, bidean daude hori guztia aztertuko duten Torrealdai berriak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude