Euli bat dut bihotzean

  • Euli bat dut bihotzean

    Leire Bilbao

    Irudiak: Maite Gurrutxaga

    Elkar, 2013

Leire Bilbaok proposamen interesgarria eskaintzen digu liburu honetan. Izenburutik bertatik nabari daiteke fantasia ukitua, testuaren poetikotasuna, istorio ezberdin baten aurrean gaudela.

Baina lehen inpresio hori egiaztatu egiten da orrietan barneratu ahala. Lehen kapitulua, laburra liburuko gehienak bezala, bi hizkik osatua da ia: ZZZZZ eta sssss, loaren hizkia lehena, bueltaka dabilen euliarena bigarrena. Eta hizki horiekin batera lau esaldi besterik ez kapitulu osoan, hizki horien artean: “Dena beltza dago”, “Isiltasuna entzuten da”, “Euli bat da gauean” eta “Nire belarri inguruan bueltaka, mundu bolari bueltaka balebil bezala”.

Gorka dugu istorio bitxi honetako narratzailea, mutiko ezberdina da, eta kapituluetan zehar, hainbat narratzaileren bidez (Gorka bera, haren ama, hirugarren pertsona) nola sentitzen den, nola bizi den, egiten duena jakingo dugu ikuspuntu ugaritatik, baina bitxiena, dudarik gabe, Gorkarena berarena da. Euli sentitzen den mutikoa baita Gorka, euli bizitza duena: “–Ez dago inor ispiluan!!! –egin du oihu Gorkak–. Ikustezina bihurtu naiz!!! Nola da posible? (…) hori da ispilu alu honek islatzen duen guztia. Ene, ez da hori guzti-guztia. Baita euli txiki beltz bat ere… Neu naiz ispiluak islatzen duen euli txiki beltz hori. Amaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa!!! –egin du oihu Gorkak”.

Eta ipuinean aipatzen den Kafkaren Itxura-aldaketa liburuan gertatu bezala, hemen ere intsektu bilakatzen da protagonista. Gorka euli izango da, euli sentituko. Eta puntu horretatik abiatuta eulien inguruko kontakizun laburrak ditugu, euliak baino familiakoak direla protagonista. Horrela amonaren heriotzaren ondoren haren bihotza aitonari jarri ziotela jakingo dugu, eta aitonak sofan lo egitean ahoa zabaltzen duela, euliak harrapatzeko tranpa bailitzan; edo euli batek katilua ukitu ondoren Mirenek nola aldatzen dion katilua Gorkari, edo…

Baina kontatzen dituen istoriotxo horiek berez duten balioa baino gehiago elkarren artean sortzen duten armiarma sare baten moduko sentsazioa du irakurleak, giro batean harrapaturik dagoenarena, harik eta auzoko berriaren etorrerak horrekin guztiarekin hautsi kontakizunaren azken aldean, amaiera irekia eta itxaropentsua eskainiz.

Ederra da istorioa, are ederragoa Maite Gurrutxagaren irudi suabeekin, pastel koloreen bidez eta espazioekin jolastuz eginiko irudiekin, ohiko estereotipoetatik ateratzen diren protagonistak aurkezten dizkigun ipuin interesgarri eta gomendagarria, zalantzarik gabe.


ASTEKARIA
2013ko abenduaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude