Eskola mistotik hezkidetzara
jauzi egiteko garaia

  • Lege mailan onartutako berdintasuna errealitatean aplikatzeko jauzia egin nahi du Eusko Jaurlaritzaren Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida-Planak. Ikasle bakoitza osotasunean garatu dadin eta ez neska-mutil izatearen arabera. “Irakasle eta gurasoak berdintasunaren alde gaude eta ikasleak berdin tratatzen ditugu. Zer gehiago falta da bada?”. Ziur al zaude normaltzat dituzun egoerak normalak direla?

Begoña Garamendi, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaria:
Begoña Garamendi, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaria: "Azaroaren 11n Eusko Legebiltzarrean plana aurkeztu genuenean talde guztiak bat zetozen planaren beharrarekin. Bakoitzak bere ekarpenak egin zituen, baina denek honen beharra aipatu zuten".

“Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Sailaren xedea ikaslea da” kokatu digu plana Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendari Begoña Garamendik. Hiru urtean hezkuntza komunitate osoan benetako eraldaketa egitea du helburu planak. Garamendiren hitzetan detaile txiki askok erakusten baitute berdintasuna ez dela errealitate: “Aztertu, bestela, zer irudi ditugun hormetan, zer mezu ematen ditugun curriculumaren edukietan, edota zelan egiten dugun ikastetxeko espazioen antolamendua (esaterako, futbol zelaiak dira nagusi jolastokietan)”.

Hezkidetza lantzen esperientzia duen eta gelako errealitatetik plana aztertuko duen irakasle bila jo dugu Elorrioko institutura. Agurtzane Berriozabal Bernas ikasketa buruak uztartu dizkigu teoria feministak eta gelako praktika: “Duela hiru urte Bilboko Berritzegunean Hezkidetza mintegia sortu zenetik parte hartu dugu bertan. Aurten formazioa jasoko duten 50 ikastetxe horietako bat izateko eskaera luzatuko dugu. Beraz, orain arte modu boluntarioan egindako lanari orain ofizialtasuna emango zaio”. Planaren indargunea eta arriskua argi azaldu digu: “Edozein plan moduan anbiziosoa da: norabidea markatzen du eta gizarte osoaren eginkizuna dela sentiarazten du. Eta ez gutxi batzuen, zoro batzuen kontua. Baina arrisku bat izatekotan paperetan geratzea da, gauza formaletan, eta ez aprobetxatzea egoera zerbait bizia egiteko, benetan inplikatzeko. Hau praktikan jartzeak bizitzan egoteko modu bat eskatzen du”.

Norbera aldatu, legeak akuilatu

Genero indarkeria da sakoneko sexismoa bistaratzen duen izebergaren punta. Garamendik genero indarkeria mota guztien aurrean erantzun behar dela azaldu du: “Askotan normaltzat jotzen dira. ‘Ipurdia ukitu digute. Jokoa horrela da’ esaten dute ikasleek eta erantzun behar zaie ‘ukituko dizute nahi baduzu bakarrik. Ez, joko hori ez da horrela. Zuek uzten duzue horrela izan dadin’. Pertsona bat txarto sentitzen denean, nahiz besteei lelokeria iruditu, aintzat hartu eta aztertu behar da. Lehenengo urteetatik gertatzen diren berdinen arteko abusu portaerak erabat arbuiatuak izan daitezen estrategiak eman, ikastetxeetan analisiak egin eta ekintzak antolatu behar dira sexu jazarpenak ekiditeko”.

Berriozabal bat dator mikro-indarkeriak detektatu eta errotik moztearekin: “Plan honek zerbait ona baldin badauka, egoerak ikusteko eta aztertzeko era aldatzen duela da, betaurreko moreak jartzean datza. Ikusten ez dena ez baita existitzen. Askotan ‘neska-mutilen arteko gauzak dira’, ‘gizartearen isla da’... esanaz estaltzen eta justifikatzen dira. Azalerazi egin behar dira eta azpian sexismoaren eta genero indarkeriaren oinarriak daudela ikusi. Mikro-indarkeriak dira irainak, pasaeran buruan kolpetxoa ematea, bultzatzea, edo ezizenak. Ezin dira onartu eta tolerantzia zero izan behar da. Ikasleek ikasi behar dute eurentzat normala dena ez dela normala. Hori argi eta garbi esan behar da. Baina hitz egin behar da, kontua ez da ‘ez jo’ esanda amaitzen. Aztertu behar da zer gertatzen den, nola sentitzen den bestea, nola nahi duen tratatua izatea. Horrek eskolan denbora asko hartzen du, eta ikasgaien adinako pisua aitortu behar zaio. Bestela ez da ezer konpontzen”. Planak dakartzan betaurreko moreak norberak jantzi behar ditu, Berriozabalek azaldu duenez: “Zure burua eta begiak jarri behar dituzu horretara. Zure ikasgaia ematera bakarrik bazoaz ez zara jabetuko. Baina irakaslea beti da hezitzailea eta beste plus bat da begi horiekin begiratzea. Norberaren aldaketa eskatzen du planak, benetan gauzatuko bada”. Garamendik “norbera” hori hamaika erakundek osatzen dutela azpimarratu du: “Eraldaketa hezkuntza komunitatearengan dago. Eragile guztiak inplikatu behar dira. Ez gara irakasle eta ikasleez soilik ari, hor daude baita ere administrazioa, ikastetxeak, familiak, Berritzeguneak, ikuskariak, ISEI-IVEI, eta Eusko Jaurlaritzako gainerako departamentuak: Emakunde (plan honetan Emakunderen babesa eta laguntza daukagu), Foru Aldundiak, Eudel, Berdindu, Osakidetza eta beste etnia eta kulturetako emakumeen elkarteak. Eragile bakoitzari zer funtzio dagokion zehazten da planean”.

Pertsonak eraldatzeko gakoa formazioa da. Berriozabalek galdera nagusia pausatu du: “Norberak jasotzen duen prestakuntza nola zabaldu ikastetxe osora?”. Zuzendaritza gai honetan proaktiboa izatea garrantzitsua dela azpimarratu du, “lidergoaren bidez irakasleak eraman ditzan eginkizun honetara”. Garamendik klabea hori izango dela berretsi du: “Ikastetxe bakoitzak erabaki behar du prozesu osoa nola bideratu. Hori barne antolamendua da, komunitateko kideek adostu beharrekoa. Baina jakina da formazioa pertsona bakarrarengan baino ez bada geratzen, ez dela nahikoa. Irakasleen %60ak sentsibilizazioa jasoko du, ezinbestekoa da, ordea, norberaren txipa aldatzea eta geletan, ikastetxeetan, dinamikan ikuspegi hau txertatzea”. Sentsibilizazioa ikastetxe guztietara iritsiko da, eta hezkidetza lantzeko baliabide eta erreminta denak eskainiko zaizkiela baieztatu du Garamendik. Norbanakoaren inplikazioa gakoa izanik ere, legeen indarra ez du gutxiesten: “Legeak asko laguntzen du norbanakoaren motibazioan. Seriotasuna ematen dio. Adibidez, lanpostuetarako profiletan formazio hori eskatuz gero jendea prestatu egiten da. Bestela ‘gaur ezin dut eta ea bihar’, norberaren gogoaren esku geratzen da dena”.

Ikasleak gaitu behar dira

Gizartean berdintasuna lortzeko eskola eremu estrategikoa dela aitortzen du planak. Ordea, ikasleen egunerokoan pisu handia du eskolaz kanpoko guztiak. Nola lortu eskolan hezkidetzan egindako lana bizitzarako baliagarri izan dadin? Berriozabalek irakasleen diskurtsoan baino, ikasleengan jarri du enfasia: “Eskolaren eginkizun nagusia ikasleengan iritzi kritikoa eratzea da. Medioetatik jasaten duten bonbardaketa irizpide batzuekin aztertzen lagundu behar zaie: serieak, publizitatea, harremantzeko erak, moda... Ezetz esaten ikasi behar dute, bizi dituzten egoera desberdinetan. Eta batez ere erabiltzen dituzten sare sozialetan diskriminazioa eta sexismoa antzematen ikasi behar dute. Guretzat mundu hori ozeano bat da, azaletik ezagutzen duguna. Ikasleak ez baditugu prestatzen gauzak aztertzeko, guk ezer gutxi egin genezake hor. Gu ezin gara euren munduan sartu, sarri kontrako efektua lortzen baita”.
 

“Libreki” aukeratutako ikasketak eta eskola porrota generoari lotuta daude

Espektatibak dira gakoa. Zer portaera, zer jarrera, eta zer etorkizun profesional espero dugun nesken edo mutilengandik. Espektatiba horien arabera tratatzen ditugu umeak urtetan, Agurtzane Berriozabal Elorrioko institutuko irakasleak azaldu duenez: “Irakasleek pentsatzen dute berdin tratatzen dituztela beraien ikasleak neska edo mutilak izan, nahiz eta ikerketek demostratu denbora gehiago eskaintzen zaiela mutilei neskei baino”. Gizarteak eurengandik espero duenari erantzunez, jarrera eta gaitasun desberdinak lantzen dituzte, eta honek lotura zuzena du eskola porrotarekin, Begoña Garamendi Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendariak ohartarazi duenez: “Mutilek neskek baino emaitza akademiko kaskarragoak dituzte. Mutilek landu dituzten jarrerak lotuago daude jokabide suntsitzaileekin, diziplina arazoekin, gatazkak konpontzeko trebetasun faltarekin... Neskei erakusten zaie esanekoak, zintzoak izaten, ikaskideei laguntzen... Mutilei, aldiz, iniziatiba hartzen, ekintzaileak izaten... Batzuen eta besteen alde positiboak aukeratzen irakatsi nahi diegu. Eta horiek guztien artean lantzea pertsona osoa izateko”. Berriozabalek azaldu du emaitza akademikoak ezberdin interpretatzen ditugula sexuaren arabera: “Nesken emaitzak askotan hobeak dira, baina lanarekin lotzen dira, ‘langileagoak direnez emaitza hobeak lortzen dituzte’ esaten dugu eta ez dugu hainbeste lotzen gaitasunarekin. Aldiz, mutilekiko dugun pertzepzioa da ‘ez dira langileak baina azkarragoak dira eta gero nabarmentzen dira bizitzako lanetan, munduan’”.

Urtetan erantzundako espektatiba horien ondorio dira gaztaroan neskek eta mutilek egiten dituzten ikasketen hautuak, Garamendik azaldu duenez: “Batxilergoan mutil gehienek bide zientifiko-teknologikoa hartzen dute eta neska gehienek gizarte zientzia alorreko bidea. Aukera horrek baldintzatzen ditu geroko ikasketak (bai unibertsitatean eta bai lanbide heziketan). Eta gerora norberaren bizitza eta lan aukerak baldintzatzen dira”. Berriozabalek berdintasunaren anfora hautsi du: “Berdintasuna lortu denaren irudikapena oso zabalduta dago. Ikasleek uste dute erabakiak libreki hartzen dituztela ikasketak aukeratzerakoan, baina ikasketa batzuk oraindik mutilen edo nesken gauza dira”.

Planak martxan jarriko dituen ekintzak

Datozen hiru urteko epean lortu beharreko emaitzak kuantifikatu ditu planak eta horretarako baliabideak jarri. Hauek dira helburuak eta baliabideak:

- Irakasleen %60ak oinarrizko sentsibilizazioa jasotzea (10 orduko modulua): irakaslea sentiberatzea hezkidetzan, aniztasun afektibo-sexualean eta genero indarkeriaren prebentzioan.

- Aurten bertan ikastetxe guztietan hezkidetzako irakasle arduradun bat eta Organo Gorenean berdintasun-ordezkaria izendatuko dira. Eta berdintasuneko batzordea sortuko da. Irakasle arduradunek batez beste asteko hiru orduko liberazioa izango dute funtzio hau betetzeko eta eskualdeko mintegietan parte hartzeko aukera izango dute, formaziorako.

- Aurten 50 ikastetxe publikoetan eta datozen bi urteetan publiko zein itunpeko ikastetxeen %30ak berariazko prestakuntza jasotzea eta hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentzioa sustatzeko proiektu bat gauzatzea: lehenik ikastetxearen diagnostikoa egingo dute eta ikasturtero lan plan bat eta beronen memoria egingo dute. Ikastetxearen urteko planean eta urteko memorian hezkidetza ikuspegia txertatu beharko dute.

- Hurrengo ikasturtean hamar ikastetxe pilotutan proiektu integralak garatuko dira. Hezkidetza ikuspegia txertatua duen funtzionamendua izango dute ikastetxe horiek, bai alde curricularrean eta baita antolamenduan ere. Hamar ikastetxe hauek gainerakoentzat erreferentziazkoak izango dira, eredu izango ditugu.

- Hurrengo ikasturtean Genero eta gizarte aldaketa hautazko ikasgaia izango da Bigarren Hezkuntzako 4. mailan eta Batxilergoan. Erreferentziazko hamar ikastetxe horietan hasiko dira eta gainerakoetan, nahi duten ikastetxeei aukera emango zaie ikasgai hori eskaintzeko. Administrazioak curriculuma diseinatuko du.

- Aurten zerbitzu estrategikoetan (Hezkuntza Berriztapen Zuzendaritza diren Berritzegunetan, Ikuskaritzan, ISEI-IVEI institutuan), hezkidetzako eta genero-indarkeria prebenitzeko arduradun bat izendatuko da. Zerbitzu estrategiko hauetako bakoitzean lanpostu bat egongo da, zeinaren esleipenerako ezinbestekoa izango den hezkidetzan, berdintasunean eta genero indarkeriaren prebentzioan gaitua egotea, unibertsitatearen edo administrazioaren 150 orduko prestakuntzaren ziurtagiria izatea.

- ISEI-IVEIk ikerketa diseinatuko du, eskola ereduaren garapenari jarraipena egiteko.

- Tutoretza eta orientazio planetan genero ikuspegia txertatu beharko da.

- Ikasmaterial gomendagarrien eta saihestu beharrekoen erreferentziak emango zaizkie ikastetxeei. Eta material sexistei buruzko kexak bideratzeko prozedura zehaztuko da. Material ez sexistak lantzen dituzten argitaletxeei ziurtagiriak banatuko zaizkie. Garamendiren hitzetan, “material onak definitzeko hauek dira Hezkuntza Sailaren irizpideak: familia ereduen, sexu identitateen eta kultur ezberdinetako emakumeen aniztasuna islatzea, erantzunkidetasunean eta arretan oinarritutako harremanak aintzat hartzea eta arlo akademikoen orientabidean aniztasuna bultzatzen duten materialak izatea”.

- Indarkeria mota desberdinak antzemateko adierazleak finkatuko dira eta bete beharreko jarduera protokoloak zehaztuko dira.
 

Zergatik erakartzen gaituzte mutil gaiztoek?

Txano-gorritxo otsoaz maitemindu zenekoa izendatu zitekeen gaurko neska mutilen arteko harremana. Garamendik azaldu duenez, “kuriosoa da baina horrela da: sexu indarkerien subjektua norberak harreman afektibo-sexualak izateko libreki hautatutako pertsona da. Hainbat ikerketetan agertu da eredu agresiboa erakusten duten pertsonen hautu kontzientea egiten dela. Pertsona horiek desiragarritzat hartzen direla. Gazte askok ez dituzte patroi tradizionalak (nagusitasuna eta jabetasunean oinarritzen diren patroiak) gaitzesten. Nahiz eta ohartzen diren ez direla berdintasunean oinarritutako harremanak. Askotan patroi tradizionalak erakargarriak direla iruditzen zaie, are gehiago, berdintasunean oinarritutako jarrerak ez dira behar adina erakargarri izaten. Neskek garrantzi handia ematen diote maskulinitate irudi tradizionalari, alegia, berdintasunean oinarrituta ez dauden balio eta jokabideei eta mutilek gauza bera egiten dute feminitate irudi tradizionalarekin”. Gaiztoa/desiragarria binomioa haustea da kontua. Horixe baitu arazoak alde onena: erakarpena, desioa eta gustuak eraiki eta eraldatu egiten direla familian, ikastetxeetan, lagunartean eta hedabideetan. Eta beraz, aldatu daitezkeela. Berriozabalek jokoa hausteko klabea eman digu: “Balioan jarri behar da gaiztoak ez diren mutilek dutena eta hauek bihurtu behar dira desiragarri”. Garamendik nola egin aholkuak eman ditu: “Ikasleekin aztertu behar da zer mutil motak erakartzen dituen, zergatik gertatzen den hori, zein balore dituzten... Euren jokabideen ondorioez hausnartzen lagundu behar diegu”. Berriozabalek azaldu du urteak badirela Elorrioko Udaleko Berdintasun teknikari Maitane Iribarrekin batera, Tratu onen tailerra edo Eraldatzen tailerra lantzen dutena: “Tailer hauek jende gazteak ematen ditu eta eurak gehiago heltzen dira ikasleengana. Horrela mezua eraginkorragoa dela iruditzen zaigu”.

Bikotetik kanpo ere harreman afektibo-sexualetan ikuspegi matxista dela nagusi azaldu du Berriozabalek: “Mutilak zenbat eta gehiago ligatu edo neskekin sexu harremanak izan hobe, desiragarria izango da, neskak jokabide horrekin permisiboak dira. Neskak harreman asko baditu ‘emagaldua’ dela esango dute, ez da mutilen ideala. Eta bestetik homofobia ere antzematen da: mutilei ‘marikoia’ esango diete eta nesken kasuan izendatu ere ez da egiten, lesbianismoa ez da existitzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkidetza plana
"Eskolako patioa aldatzeak ekarri du neskek zentralitatea irabaztea"

Ikastetxeko kanpo espazioa aldatzeak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan zein eragin izan duen aztertu du Haizea Egiartek; ikasleen arteko harreman, gatazka eta jarrerei nola eragin dien jaso du ikerketan, Asier Huegun zuzendari duela. Eta jaso du, baita ere, zein neurritan... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
II. Hezkidetza eta Pedagogia Feministen Jardunaldia
Bi egun, ikuspegiak zabaltzeko eta pausoak gozamenetik emateko

Ekainaren 26 eta 27an Igeldoko hotel dotorean egingo dute II. Hezkidetza eta Pedagogia Feministen Jardunaldia. Itsasoa etengabe bistan izanik eta goizetik arratsalderako denbora osoa eskifaia berarekin emanaz, buru-belarri murgilduko dira gaian. Euskarak lehentasuna izango du... [+]


2019-07-01 |
"Berdintasunean hezi daitekeenaren adibide garbia da Skolae"

Skolae izeneko Nafarroako hezkidetza programaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren II. Hezkidetza planaren diseinuan parte hartu du  Marian Moreno (Leon, 1964) irakasle, idazle eta hezkidetzan adituak. Orain, Skolae hezkidetza programa prestatu izanagatik... [+]


II. Hezkidetza Plana
101 ikastetxe betaurreko moreak janzteko prest

Euskal Autonomia Erkidegoko II. Hezkidetza Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. 2023. urtera arte “berdintasunaren eta tratu onen” bidean egin beharreko bide orria markatu dute. Planak ikastetxeko komunitate guztiari eragin nahi dio, langileei,... [+]


2018-08-21 | Nahia Ibarzabal
"Berdintasunean bizi gara gaur egun baieztapena, zoritxarrez, ez da errealitatearen isla"

Gizarte parekidea lortzeko prozesu hezitzailean, zenbait elementuk duten garrantzia azpimarratu du Kalaka enpresako Ilazki Gainza formatzaile feministak Hik Hasin.


Eguneraketa berriak daude