4,8 milioi eta gogoeta batzuk

Herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideek 2012ko martxoaren 13an Andoainen egin zuten agerraldi bateratua.
Herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideek 2012ko martxoaren 13an Andoainen egin zuten agerraldi bateratua. Berton aldizkaria

AURREKONTUAK nola geratuko diren, hori da urte sasoi honetan murgiltzean han-hemenka zorrotz begiratzen dena. Edozein leku edo gunetan asko izaten da jokoan. Etxe honetan ere berdin egiten dugu: “Nola daude datorren urterako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak?”

“Aurreikuspenetan euskal hedabideentzat berdin, aurtengoa mantenduko ei da”.
Eta hala denean, uf… izaten da lehenengo erreakzioa, aukera bai baitago gutxiago izateko eta orduan komeriak. Itzulpena eginda, soldaten murrizketak, kolaboratzaileentzat diru gutxiago, inbertsiorik ezin egin izana… Diru-laguntzetatik datorrena, lankide batek dioen moduan, “zuzenean zainetara” doa, hori guztia salmentetatik atera beharko bagenu… herri ekimeneko euskal hedabideetan ez leudeke hainbeste hedabide eta leudekeenak ahulagoak lirateke. Hortaz ez dago zalantzarik, are gutxiago krisi sasoi honetan, eta bestela begira erdal medioetan gertatzen ari dena.

Hori da errealitatea, eta neurri esanguratsu batean erakunde publikoei esker daukagu halako euskarazko komunikazio esparrua. Hori onartu eta eskertu behar zaie erakunde publikoei, bereziki Eusko Jaurlaritzari. Gainera, ez dut inongo zalantzarik hala izan behar duela, erakunde publikoek herri ekimeneko euskal hedabideak babestu eta bultzatu behar dituztela. Arrazoi askogatik gainera: 600 lanpostu inguru babesteko, euskaldunak euskaraz irakurri eta ikus-entzuteko aukera izan dezan; euskal komunitatearen ikuspegia Euskal Herrian eta munduan indartu eta zabaltzeko, komunitatea bera trinkotzeko, gizarte pluraltasuna bultzatzeko… Eta, besteak beste, oro har, oso eraginkorrak direlako efizientzia ekonomikoaren alorretik. Adibidez, zenbat kostatzen zaio administrazioari EITB finantzatzea? Zenbat herri ekimeneko hedabideak? Bietako zein multzok du eraginkortasun handiagoa euskaldunen komunitatean, euskal hiztunen komunitatearen garapenean?

Nik ez dakit eta gustatuko litzaidake zerbait gehiago jakitea, jakin badakidalako biek dutela oso eragin handia, gizarte moderno batean edozein komunikabide sarek duen moduan, baina egin beharko litzateke zelanbaiteko neurketa. Era guztietako datuak ditugu mila konturen gainean, baina halakorik ez. Adibidez, zein multzo ote da, berez, erresilienteago? Zein multzok du gaitasun handiagoa egoera gaitzetik indartsuago ateratzeko? Bai, erresilientziarena ez da oso konparaketa justua, finantzazio publikorik gabe ez legoke EITBrik eta herri ekimeneko euskal hedabideak bai (beste gauza bat da zenbat eta nolakoak). Baina, esaterako, %25eko beherakadak noren produktuei eragingo lieke gehiago?

GUSTURA irakurriko nuke –adibidez tesiren batean– bi komunikazio multzo hauen eragin hori zein izan den azken 30 urteetan: lanpostutan, audientziatan, hizkuntzaren corpusaren garapenean, eragin sozialean, sarean, euskal kulturan, gure imaginarioan, pluraltasunean… Euskaldunek nola ikusiko ote gaituzte bi multzoak esparru horietan? Ez da lehia kontu bat, ea nork irabazten duen, baina jakina, baliabide publikoen efizientziaren ikuspegitik interesgarria litzateke. Hainbestetan entzun eta irakurri behar izan baitut zein menpeko garen euskal hedabideak. Eta krisi garaiotan enpresa eta ekimen pribatura milioiak nola mugitzen diren ikusita, gutxi da euskararen mundura bideratzen dena (nahiz eta seguru nagoen Euskara Sailburuordetzan dirua banatzerakoan izango zituztela euren buru hausteak). Jakin badakit, gainera, eskatu-eman dialektika horretan, eskatzen duenak beti duela gehiago eskatzeko tentazioa.Tira, tesiari ekiteko datu bat behintzat badugu: Eusko Jaurlaritzako 2014ko aurrekontuan EITB­rentzat 107,3 milioi euro aurreikusten dira (zenbat da euskarazkoentzat?) eta herri ekimeneko euskal hedabideentzat 4,8 milioi euro.

LERRO hauetatik ez beza inork ulertu EITBko kazetari lankideekiko murrizketak eskatzen ari naizenik, nahikoa dute dutenarekin. Baina baliabide publikoen eraginkortasunari begira, koska horiei ere heldu beharko zaie noizbait, ez EITBkoak murrizteko, baina bai gureak handitzeko. 2014ko Eusko Jaurlaritzako aurreikuspenetan euskarazko hedabideek iazko diru kopuru bera dute, aurrekontu guztia ia %10 hazten denean eta Kultura Sailarenak %5 gora egiten duenean. Gainera pozik egon behar dut, eta nago, hedabideena mantentzen delako, beste batzuk behera doazenean. Baina zer esango dizuet, eta akaso hausnarketaren azken hari hau ez da oso arrazionala, baina amorrua ematen dit jakitea gure esparruko hedabideetan 2014an 4,8 milioi euro gastatuko direla eta Segurtasun Sailean 606 milioi edo abiadura handiko trenak 365 milioi euro irentsiko dituela. Milioi bat euro eguneko!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


35 urteurrena emanaldi berezi batekin ospatuko du gaur Euskalerria Irratiak

1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.


Eguneraketa berriak daude