Rock and roll itzela

  • Sermond's: Bidegurutzean

    Mauka musikagintza, 2013

Elorrioko Sermond’s taldeak beste urrats bat aurrera egin du bere lan berriarekin. Kantuak entzunez hainbat aldaketa sumatu ditugu Amaiera hasieran dator aurreko diskoaren garaitik. 
 
Alde batetik, taldea boskote izatetik laukote izatera pasatu da. Tximis (bateria), Koldito (baxua eta ahotsak), Gotz (ahotsa) eta Moin (gitarra eta ahotsak) dira Sermond’s taldeko kideak, gaur egun. Gitarra jotzaile bakar batekin aritzen dira orain, baina, hala ere, doinu mardula gauzatzen jakin dutela argi dago diskoa entzunez gero. 
 
Bestetik, Bidegurutzean lanak aurrekoak baino kutsu existentzialistagoa dauka. Gizakiaren eta garapenaren inguruan egin dute gogoeta, eta gizakiaz eta munduaren norabideaz nazkatuta daudela nabarmena da. 
 
Diskora bildu dituzten sei kantuetan zorrotz mintzo dira: “Agortu ditugu ur putzu denak, ito behar dugu egarriz” (Bidegurutzean), “Gure ama zaindu, lurra usaindu, berpizte izpi bat bilatu, berriz irauli, masailak eutsi, ukabilak gora eta kalera!” (Harri honi), “Hau ez da uste genuena, ez gara eroso sentitzen, ekoiztea behar ez dena, eta zaborra edonon gainezka” (Igneo), “Gure bizitza aurrera doa eta inori ez zaio inporta, seme-alaben irribarrea izango da gure mendekua” (Inori), “Azkarregi bizi nahi, gugan urtuz noraezean, eguzkira heldu orduko kixkaltzen baikara” (Noraezean), “Gizakiak nahi du izatea kontrolatu, artistak nahi du animalia izan” (Parez pare).
 
Baita diskoari buruzko datuak eta gainerako nondik norakoak emateko azalpenetan ere: “Abesti hauek gordetzen dituzten amodio eta elkartasun doinuak, urrun eta bahiturik jarraitzen duten lagunei eskaintzen dizkiegu”.
 
Azkenik, soinu berri batzuk aurkitu dituzte, ahotsa apur bat leundu dute, eta kantuen leloak buruan erraz geratzen zaizkigu. Hard rock erritmoei eta melodiei eutsi diete, eta stoner-rock estiloan murgildu dira. Black Sabbath mitikoen, nahiz Hellacopters eta Eskandinaviako beste zenbait talderen aireak sumatzen ahal dira kantuetan. Sermond’s taldekoek doinu trinko eta ozena lortu dute, indar eta kemen handia transmititzen dute, eta hard rock-and-roll kutsuko lan ederra osatu dute.
 
Grabazio saioak Tolosako Bonberenea etxeko estudioan, Moin gitarra jotzailearen etxean eta taldearen entsegu lokalean egin dituzte. Karlos Osinaga grabazioaz eta nahasketez arduratu da, eta Sermond’s taldeko kideei diskoa ekoizten lagundu die. Jonan Ordorikak grabazioaren masterizazioa egin die, eta Ibon Urizarrek diseinu lanak eta argazkiak egin ditu. 
 
Sermond’s taldea duela urte batzuk sortu zenean punk rocka zen bere ardatz nagusia. Urteotan taldeak bilakaera nabarmena izan du, eta rock gogorrean eta stoner giroko doinuetan murgildu da. 
 
Hasieran, Tximis, Koldito, Gotz eta Moin egungo partaideekin batera, Biziush zen taldeko bosgarren kidea. Aipatu bost musikariak Arto Bixarra, Dirties, Mus, Kuntur Lee, Txakurren Putse, Midnight Murders, Perros del Diablo eta Yoko Out taldeetan aritzen ziren Sermond’s sortu aurretik. Sermond’sen lehenengo diskoa (Azken Bala) 2009an kaleratu zuten, eta bigarrena bi urte beranduago (Amaiera hasieran dator). 
 
Azken urteetan, Euskal Herriko talde ugarik gitarren soinuan oinarritutako punk rock gogorra landu izan dute, Ameriketako Estatu Batuetako eta Eskandinaviako makina bat taldek egiten duten bezala, baina gutxik lortu dute beren nortasuna nabarmentzea, kopia hutsak egin gabe. Sermond’s da horietako bat. Beren gustuko soinuak, melodiak eta erritmoak ederki baliatu baitituzte beren egitasmoa osatzeko: Sermond’s. 
 
Bidegurutzean lana entzuten dugunean piztu egiten gara, suspertu, transmititzen duten energia eta grina handia baita. Eta are gehiago, beren jendaurreko emanaldi batean gaudenean, beren saio bakoitza ikuskizun itzela baita.

ASTEKARIA
2013ko azaroaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude