"Artistak gara, ez gimnastak"

  • “...Dantzan ginen dantzan, elkarri estekan...”.

Itziar Mendizabal dantzaria
Itziar Mendizabal dantzaria

“Amatxo, baleta egin nahi dut”.

4 urterekin esan nion. Hori bai, grina horren jatorria misterio bat da oraindik. Dantzarekin zerikusia zuen guztiak sorgintzen ninduen, liluratzen. Soineko horiek janztea, pertsonaia ezberdinak antzeztea, musika entzun eta mugimenduak koordinatzea... Dantza gustatzen zitzaidan, dantzariaren bizitza baino gehiago. Ez naiz dantzaria dantzari bizitzak erakarri ninduelako, dantzak txundituta naukalako baizik. Gainera, orduan ez nuen dantzari bizitzaren berri, ez neukan erreferentziarik, gerora deskubritu dut bizimodu honek suposatzen duena. Horregatik gurea bizimodu sakrifikatua dela entzutean gaitzitzen naiz. Jakina nekeza dela, dena pikutara bidaltzeko gogoa sentitu izan dudala, baina hori ez al da edozein ibilbide profesionaletako gaitza? Izugarri maite dut egiten dudana, izugarri gozatzen dut dantzatzen, pribilegiatua sentitzen naiz, eta horregatik diot, sakrifizioak ez, aukerak egin ditudala.   

Aukerak egiterako orduan, lagundu dizu erreferentziarik ezak?

Erreferentziarik ez neukanez, ez neukan helburu urrunik. Ez dut sekula pentsatu ez dakit zein konpainiako bakarlari nagusia izan nintekeenik. Ez nituen konpainiak ezagutzen, ez nekien zeintzuk ziren puntakoak, ez nuen euren errepertorioaren berri... Aldizkariekin batera oparitzen zituzten bideoei esker deskubritu nuen Zisneen Lakua! Dantzatzeko grina neukan, dantza ezberdinak probatzekoa, koreografoak ezagutzekoa, baina ez neukan helbururik. Hala, bidean topatzen joan naizenarekin ikasi dut zer gustatzen zaidan eta zer ez. Horri esker gozatu dut bide osoa. Jende gehiegi dago ospe eta iritsi nahiak itsututa. “Ez dakit zein dantzari bezalakoa izan nahi dut” entzuten dudanero nik ez dudala sekula halakorik desiratu ohartzen naiz. Nik izan naitekeen dantzari onena izan nahi dut, egunero ikasi, egunero nire mugetara hurbildu, baina ez, ez dakit nor bezalakoa izateko!  

Eguneroko horretan urrats garrantzitsua izango zen 14 urterekin Madrilera joatea.

14 urteko nerabeak ikustean, “ni adin horrekin joan nintzen Madrilera?!” harritzen naiz. Sinesgaitza zait. Ez nintzen jabetzen 14 urte neuzkala, adin horrekin Madrilera joatea atipikoa zela, nik dantzan aurrera egin nahi nuen eta horretarako Madrilera joan behar zenez Madrilera jo nuen. Orain konturatzen naiz etxekoen kalbarioaz. Gurasoek ezer gutxi zekiten dantza profesionalari buruz, ez zekiten soldata onak ziren ala ez, zer lanbide mota zeuden, zein karrera... Baina nire apustua babestu zuten, konfiantza eta animo izugarriak eman, eta intentzio serioa neukala ikusirik ausartak izan ziren. Badakit kritikatuak izan zirela, abandonatu nindutela bezalako komentario pozoitsuak entzun behar izan zituztela, baina gauzak zer diren, orain aho berberek esaten diete “ai zuen alaba...”.

Zer da zuretzat dantzari ona?

Ezer baino lehen, artista da. Egun teknikoki oso dantzari onak daude, baina ni artistak mugitzen nau, teknikoki perfektua ez izan arren artistikoki zerbait aportatzen didanak. Julieta izan behar duenean izan dadila Julieta, Zisnea egokitzen zaionean Zisnea. Ezin litezke rol guztiak berdin dantzatu. Tamalez, hobea baino hobea izan nahiak birtuosismo teknikoan itsutzen du jendea. Ederrak dira itzuli-mitzuliak edo hanka altxatzeak, baina teknika bikaina ezinbestekotzat dudan arren, artistak gara, ez gimnastak. Ez dezagun ahaztu sorginkeria teknikoez gain rol bat antzeztu behar dugula. Ni sentimenduak mugitzen nau, eta horretarako, pausoak ahantzi behar dituzu. Agian ez zara perfekziora iritsiko, baina zuk bizitzen duzuna sentituko du ikusleak.  

Zenbat du dantzariak aktoretik?

Hor dago koska. Ezin hobeto dantzatu arren, ez baduzu antzezten, ez bazara komunikatzeko gai... Urratsak barneratzeaz gain, entseguetan, etxean, zure momentuetan, pertsonaia horrek bizi duena bizituta zer sentituko nukeen arakatzen dut nire baitan. Pausoekin hasterako saiatzen naiz pertsonaiaren azalean sartzen. Analisi horrek, hausnarketa ordu horiek eramaten zaituzte dantzatzen duzuna sentitzera. Hala, gerta liteke pertsonaia bera egunero modu ezberdinean interpretatzea, inguruko inpultsuen arabera, baina beti sentimendu orokor baten barruan. Horretarako, ezinbestekoa da ez kopiatzea, barruan duzuna adierazteko zure modua aurkitzea. Kopiatzeak naturaltasuna kondenatzen du. Paperean zinez murgiltzea da gauzak zure modura egiteko bermea. Aurrez egingo eta sentituko duzun guztia kalkulatzen bazabiltza, ez zaude pertsonaian sartuta, zure zilborrari begira baizik.  

Zilborraz ari gareno, zer harreman duzu ispiluarekin?

Ispilua zure lagunik minena edo etsai gaiztoena izan daiteke. Guk beharrezkoa dugu, ez du gezurrik esaten. Zure burua analizatzen, zure irudiaren jabe izaten, asko laguntzen dizu, baina batzuetan ahaztuta hobe. Pentsa, badira ispiluari ez begiratzea nahiago izaten dudan egunak! Gazteagoa nintzenean gehiago erreparatzen nion, ziurtasun ezari aurre egiteko modua da zure burua etengabe ispiluan neurtzea. Heltzean, egiten ari zarenaren jakitunago zara, zure gorputzaren kontzientzia errealagoa daukazu, eta errazago egiten duzu ispiluaz beste.

Ispiluarekin bezala, egin daiteke lehiakortasunaz beste?

Lehiakortasuna beti da gogorra. Printzesa beti da bakarra, bi lagun bakarlari ditu, lau laguntzaile... Zauden eskailera mailaren arabera beti daukazu aspirazio bat begi-bistan, beti zaude goragoko koskari so. Gora egiteko zu aukeratzen zaituztenean besteentzat da gogorra, eta besteak hautatzen dituztenean zuretzat. Hori hala da, ez dauka erremediorik. Pentsa, oraindik ere, bakarlari nagusi naizen arren, gertatzen zait espero nituen rolak beste bati ematea. Onartu eta aurrera. Dena den, hori ez al da lanbide eta bizitzako arlo askotan gertatzen? Nik zorte izugarria izan dut poliki-poliki goraka egin eta amestu baino askoz karrera hobea josi dudalako, baina jende asko ikusi dut bidean erortzen. Ez da dantzari ona izatea bakarrik, psikologikoki sendoa izan behar duzu, zortea alde eduki... Ez dira gutxi ni bezala 14 urterekin Madrilera joan, dena karta bakarrera jokatu, eta 21 urterekin dantza utzi eta Lehenengo BBBra itzuli behar izan dutenak. Horrelako kasuak egon dira, badaude, eta gurean dantza eta ikasketak bateratzeko egiturarik ez dagoen bitartean, egongo dira.

Egunero epaitua zaren irudipena duzu?

Egunero epaitzen naute eta egun txar bat duzunean nekeza da. Konpainia guztiarekin duzun entseguan bakarkako tarte bat trabatzen bazaizu edo ez bazaizu bila zabiltzanik irteten, negarraldiak ez dira aparte izaten. Beste batzuetan, aldiz, oharkabean borobiltzen duzu dena, eta gozamenak ez du parekorik. Garbi dagoena da, bakarlari nagusiaren ardura erantsia beti daramazula bizkarrean. Inoiz sumatzen dituzu dantzari gazteak maltzurki begira “hori nik ere egin dezaket!” pentsatuz, baina gauza bat da urratsak egin ahal izatea, eta beste bat balet osoa atzetik daramazula jende aurrean dantzatzea. Bakarlari nagusi izateko indar psikologiko handia behar da. Batzuek berezkoa dute, beste askok ikasi egiten dute, eta badira sendotasun hori sekula lortuko ez dutenak.

Zer harreman duzu denboraren joanarekin?

Garbi dut nire dantzari ibilbidearen azken txanpan nagoela. Data hori atzeratzen saiatu arren, erremediorik gabe iraungitze data duen karrera da gurea. Batzuetan, gero eta gutxiago falta zaidala pasatzen zait burutik, baina handik gutxira, egin dudan ibilbidea errepasatu eta oso asebeteta sentitzen naiz. Are gehiago, orduan gozatu arren, ez nuke 19 urterekin nintzen dantzaria berriz izan nahi. Askoz zoriontsuagoa naiz egun. Oraindik ez dut ezin fisikorik nabari, baina ohartzen naiz errekuperazioa lehen baino geldoagoa dela. Halaber, duela bost urte baino askoz dantzari hobea sentitzen naiz, gutxiago eginda hobeto dantzatzen dut. Gehiegi egin nahiak lotzen zaituen tentsioa sortzen dizu eta dantzari helduek duten auratik urruntzen. Hauek agian ez dute hanka hainbeste altxatuko, baina ez dio inporta, artistikoki helduagoak baitira, egiten dutenaren kontzientzia osoa dute, eta hori sentitu egiten da. Zer egin dezakezun eta zer ez jakiteak ziurtasun handia ematen dizu, eta zure bertuteak hauspotzen eta ezinak estaltzen erakusten. Hori hala, badakit urte batzuk barru festa bukatuko dela, ez dela une samurra izango, baina ezta drama bat ere. Ez daukat frustraziorik, egiteko hau edo hura geratzen zaidan sentsaziorik, gozatzen ari naiz, eta kontziente naiz pixkanaka nekatzen hasten zarela eta bizimodu arrunterako gogoa pizten zaizula. Gorputzeko mina behintzat ez dut faltan botako!

“Nola ez du ba minik izango exijitzen zaien diziplinarekin!” pentsatuko du batek baino gehiagok.

Ez dakit zergatik dagoen diziplina gaizki ikusia. Ni oso mugitua nintzen, eta baletak izugarri lagundu zidan ohitura onak hartzen, errespetua garatzen, eta nire indarrak kanalizatzen. Konbentzituta nago diziplina beharrezkoa bezain lagungarria dela. Hori bai, itsutu gabe. Diziplinatua izateak ez du esan nahi bekatu txikiak egin behar ez direnik. Ezin diozu diziplinaren izenean bizitzeari utzi. Dantza gauza bat da, baina dantzaz aparte gauza asko daude, eta esperientzia berriak probatzea nola ez da aberasgarria izango? Denetarako tartea eta aukera dago.

Baleta ere esperientzia berri bat izan liteke askorentzat, baina “elitista” dela diote mingain gaiztoek.

Iaz ikuskizun bat antolatu genuen Hondarribian eta ordu erdian agortu ziren sarrerak! Arrantzaleek, baserritarrek, etxeko andreek... “Tira, gu bagoaz” esaten zidaten, eta amaieran, denak pozarren! Herri txikietara ere goi-mailako baleta ekarri behar da, bestela baleta beti izango da aspergarria, elitista... Maila goreneko baleta ikusita, batzuei gustatuko zaie eta besteei ez, baina inork ez du “hau kaka bat da!” esango. Kalitatea sumatu egiten da. Alabaina, zer publikorentzat programatzen ari zaren izan behar duzu gogoan. Ezin duzu baleteko kulturarik ez duen herri txiki batera baletaren purutasunaren esentzia frogatzeko haizearekin datorren konpainia ekarri. Kalitatezko pieza lixeri-errazak eskaini behar dira eta ikusleak hezten joan. Jendeak baleta ikusi nahi du, aukera eta programazio egokia eman behar zaizkio. Esaterako, Biarritzen bertan, heziketa lan handia egiten ari dira. Eskoletatik umeak eramaten dituzte baleta ikustera eta Biarritzeko konpainiak saio bereziak egiten ditu haurrentzat. Kulturaren har hori zabaltzea ezinbestekoa iruditzen zait. Izan ere, askotan, elitismoa baino gehiago, arazoa ezjakintasuna da.

Iritsi zaren lekura iritsi izanak lagundu dezake ezjakintasun horri buelta eman eta Euskal Herrian baletaren egoera hobetzen?

Baietz espero dut. Kanpoan gabiltzanok zein itzuli direnek zezenari adarretatik heldu nahi diogu, baina zaila da gauzak goizetik gauera iraultzea. Ezer baino lehen, goi-mailako eskola bat behar genuke, hemengo dantzariei eskola pribatuetatik profesionalizaziora salto egitea ahalbidetzeko. Horretarako, dantza klasikoko maila altuko konpainia bat edukitzea litzateke aproposena. Proiektu txikiak ez dira aski, dantzariek ere egonkortasuna behar dute, antzoki bat, urtean zehar garatuko duten errepertorio bat... Horrek hobetzen ditu bai dantzaria eta bai konpainia. Horrek piztuko die umetxoei dantzari izateko grina, horrek sortuko du etxetik bertan dantza konpainia izateaz harro dagoen antzokirako publikoa. Izatekotan, oso proiektu handia beharko luke, eta berez urruti bazegoen, egungo egoera ekonomikoak ez du gerturatzen.

Nortasun agiria

Itziar Mendizabal 1981eko abenduaren 14an sortu zen Hondarribian. 1998tik 2002ra Victor Ullatek Madrilen zuzentzen duen konpainian aritu ostean, Zuricheko (Suitza) baletean dantzatu zuen 2003tik 2006ra. Handik Leipzigeko (Alemania) baletera joan zen eta 2008an bakarlari nagusi izendatu zuten. 2010etik hona Londresko Royal Balleteko bakarlari nagusia da.

Balitz eta balego

Futbolarekin itsutzen garen bezala itsutuko bagina baletarekin, Itziar Mendizabal kalean dabilen bezain lasai ibiliko al litzateke? Emango al liguke elkarrizketarik bere oporren erdian? Zenbat prentsaburu eta komunikazio arduradun izango lituzke hilabeteetan zain eduki eta elkarrizketak ordu erdi baino luzeagoa ezin duela izan ohartarazteko? Kontatuko liguke aurrez entzun ez dugun ezer interesgarririk? Hitz bakoitza neurtu beharrak ez ote lioke irribarrea ajatuko? Zorionez, Itziar Mendizabal munduko dantzari onenetakoa da. Zoritxarrez, futbolari begira segitzen dugu.


ASTEKARIA
2013ko urriaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude