Bilboko Aste Nagusian bi estreinaldi, Pabellon 6 aretoan

Bertan ekoitzitako bi lan estreinatuko ditu Bilboko Pabellon 6 aretoak Aste Nagusian. Hoy, Última Función antzezlana dugu bat, Karrakaren taldearen aspaldiko lana, Ramon Bareak eta Itziar Lazkanok antzeztua.

90eko hamarkadan ekin zion bideari Karraka taldeak. Arriaga Antzokian izan zen, eta aipatu lan hau taularatu zuten, hain zuzen. Halaber, Ramon Barea eta Itziar Lazkano izan ziren protagonistak. 20 urte geroago, La Galleta del Norte literatur tailerrak Karrakaren laguntzaz idatzitako lana berriz eskaintzeak “bereziki ilusionatu ditu antzezle biak”, Irene Bau Pabellon 6ko kide eta antzezleak aipatu digunez. Bi aktore zaharren istorioa kontatzen digu obrak. Bikotea bizitza errealean, balizko azken emanaldia antzeztuko dute, eta hainbat pertsonaia agertuko dira: Godot, Ionesco, Juan Tenorio, Stanislavsky... Beraiekin hitz egingo dute, galderak egingo dizkiete, epaitu egingo dituzte, azken emanaldi handia hasi baino lehen. Abuztuaren 15etik aurrera ikusi ahal izango da, gaueko bederatzietan, Pabellon 6 aretoan.

Bilboko Aste Nagusiko bigarren estreinaldia Chihuahua kabareta dugu. Zortzi antzezle biltzen ditu lan honek: Mitxel Santamarina, Enriqueta Vega, Lander Otaola, Itxaso Quintana, Iñaki Maruri, Quique Gago, Diego Perez eta Irene Bau. Felipe Lozak idatzi eta zuzendua da kabareta, eta antzezleek dantzan egin, abestu eta hainbat pertsonaia ezagun imitatuko dituzte. Besteak beste, Liza Minelly, Marilyn Monroe, Amy Winehouse, Cantiflas eta Sabino Arana. Mexikar giroko gau alaien lokala da Chihuahua kabareta, baina krisiak ere gogor jo ditu bertako biztanleak: publikoa eskasa da, BEZ zergak dena garestitu du, EEE bat egitea beharrezkoa da, Frida Khalo eta Monserrat Caballe langabetuen hileran daude. Irene Bauk azaldu digunez, “kabareta bizitza bera bezalakoa da. Komedia musikal honek errepaso ironikoa egingo dio azken hamarkadako egoerari. Gure garapenari egingo diogu barre, kontsumo alaitik krisi latzera emandako jauziari”.

Aste Nagusiarekin batera, arte eszenikoetako sortzaile eta antzezleek kudeatutako Pabellon 6 aretoak bi urte beteko ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gomendioak
Eguneraketa berriak daude