Austerizidioa: ez du hiltzen krisiak baina murrizketek

  • David Stuckler eta Sanjay Basu ikerlariek liburu berri batean erakutsi dute: krisi ekonomikoari aurre egiteko Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak gidatuta Europan bezala mundu osoan nagusitu diren murrizketa eta politika fiskalek kalte handiak eragiten dituzte herritarren osasun fisiko eta mentalean. Austeritateak hiltzen duela, alegia.

Ez dugu aurkitu irudietako gizonaren izen-deiturarik. Agentziek zabaldu zutenez (irudiak Nodas Stylianidisek eginak dira) 55 urte zituen Greziako Tesalonikan 2011ko irailaren 26an banku atarian bere buruari su eman zion gizonak. Bizirik eraman omen zuten
Ez dugu aurkitu irudietako gizonaren izen-deiturarik. Agentziek zabaldu zutenez (irudiak Nodas Stylianidisek eginak dira) 55 urte zituen Greziako Tesalonikan 2011ko irailaren 26an banku atarian bere buruari su eman zion gizonak. Bizirik eraman omen zuten erietxera eta ez omen zuen lehen aldia. Protesta aldarrikatu ostean diru-etxeak berekin zerabilen jokabidearen kontra.

Italiako Civitanova Marchen gertatu zen, joan den apirilean, suizidio hirukoitza. Anna Maria Sopranzi (68) eta Romeo Dionisi (62) senar-emazteak borrokatzen ziren 500 euro inguruko pentsioarekin bizirauten, baina etxearen errentaren hilabete batzuk zor zituzten.

Dionisi harrapatua zuten Erromako Gobernuaren murrizketek, tartean erretreta adina atzeratzea. Beste milaka gehiago bezala aurkitu zen laguntza sozialen babesik gabe. Apirilaren 5ean berak eta emazteak lehen auzoari autoan oharra utzi barkamena eskatuz eta ondoren beren buruak zintzilikatu zituzten etxeko garajean. Albistea jakitean, emaztearen anaia Giuseppe Sopranzik (73) bere burua bota zuen Adriatiko itsasora.

Historia latz horrekin ekin diote “How Austerity Kills” (Austeritateak nola hiltzen duen) artikuluari David Stuckler eta Sanjay Basuk New York Timesen. Bien artean idatzia dute The Body Economic: Why Austerity Kills, gaztelaniaz berrikitan Por qué la austeridad mata: el coste humano de las políticas de recorte titulupean azaldua. Madrilen ekain hasieran aurkeztu dute. Liburuaren erreferentziak badira Interneten hizkuntza guztietan.

Stuckler soziologian ikerketa buru da Oxfordeko unibertsitatean, Basuk medikuntza irakasten du eta epidemiologian berezituta dago. Ikerlariontzako langabeziaren eta suizidio tasen arteko lotura demostratuta dago XIX. mendetik. “Baina suizidioak balira krisi ekonomikoen ondorio ezinbestekoak, Atzeraldi Handi honen giza prezioaren kontakizuna bestelakoa litzateke. Ez da ordea. Osasungintza eta gizarte babesa ahuldu dituzten herrialdeek, Grezia, Italia eta Espainiak, askoz datu txarragoak dauzkate osasun arloan austeritatearen kontra pizgarriak aukeratu eta babes sozialeko sareei eutsi dieten Alemania, Islandia eta Suediak baino”.

Osasun publikoan aditu izaki, aspaldi ohartuak ziren krisi ekonomikoaren eztabaida amaiezinetan politikariek arreta txikia baizik ez zietela jartzen beraiek erabakitako neurrien giza kosteei. Aldi berean, ugaria da krisiak eta gizakien osasuna lotzen dituen literatura. Baina Stucklerrek eta Basuk garbi diote arazoa ez dela krisia bera: “Jendea ez du gaixoarazten ekonomiaren beherakadak; aldiz, politika fiskala bihur daiteke hil ala biziko arazo”.

Grezia aipatu dute, Europan osasungintza publikoaren murrizketa basatiak ezartzen lehena izateagatik, %40ko jaitsiera 2008tik ditxosozko Troikaren aginduz, 35.000 mediku eta zaintzaile kalera, botiken garestitzea, medikuetara jotzeko zailtasunak.... “Haurren hilkortasun tasa %40an handitu da Grezian, IHESaren kutsadura bikoiztu xiringen banaketa eten delako [urtean 200 emateko ordez dozena erdira urrituz], malaria kasuak azaldu dira berriro hegoaldean...”.


Pribatizazioa lehenetsiz biziari


Alderantzizko kasua da Islandiarena. Krisiak erdiz erdi jo zuen arren, bi erreferendumen bidez islandiarrek erabaki zuten bankuak ez erreskatatu eta kanpo zorra epeka ordaintzea. Ekonomia hasi da berreskuratzen eta osasun mailan ez zen murrizketarik izan. Suizidio tasak ez dira aldatu.

Baina Islandiakoa da salbuespenetako bat, Finlandia eta beste batzuekin batera. Europako eta Ipar Amerikako gobernu gehienek murrizketei ekin zietenetik ikerlariok uste dute suizidioen ordura arteko kopuruak 10.000 gehiagorekin ugaritu direla. Honetan Grezia pasatu da Europako gutxien nozitzetik taularen goiko aldera, %60an ugarituta. Gainera, horietan helburua lortzen duen bakoitzeko 10 eginahal gehiago zenbatu behar dira, gehi hain urrun iristen ez diren depresioak. Kopuru izugarriak.

Espainian murrizketak beranduago hasiak direnez, osasun publikoaren matxurak ere oraindik ez direla beren gordinenean azaldu uste dute Stuckler eta Basuk. Diote kronikek Madrilgo aurkezpenean ziren asko harritu zirela bien dokumentazio aberatsa ikusirik, harritu Espainian bertan informazio horiek lortzea oso zaila delako.

Britainia Handia aipatu dute austeritateak nola hiltzen duen adibidetzat. Erkatu dituzte azken hamarkadan hango ekonomiak nozitutako makalaldiak eta suizidioak, oso garbi atera omen zaielarik hauek ez direla ekonomiaren gorabeherekin batera aldatzen, Gobernuak ezarritako austeritate neurriekin baino.

Xehetasun argigarri bat. Denetan hedabide nagusiek kanpaina egiten baitute laguntza sozialekin omen dauden abusu eta iruzurrekin, Stuckler eta Basuk erakutsi dute pobre jendearen iruzurragatik Estatuak galtzen duen diru kopurua txikiagoa dela iruzurra saihesteko enpresa berezituari pagatzen diona baino.

Murrizketak hilgarriak diren ala ez frogatzeko testa Sobiet Batasunaren eraisteko aroan miatuz egin dute ikerlariok. Sobiet Batasuna desegin zenean, 1991n, Errusiako ekonomiak hondoa jo zuen. Txirotasuna ugaritu zen, bizi itxaropena erori, batik bat lanerako adinean ziren gazteen artean.

Baina Sobietarrak izandako lurralde osoan ez ziren gauzak berdin jazo. Errusia, Kazakhstan eta Baltikoko herrialdeetan herrialdeetako gobernuek shockeko terapia ezarri zutenean suizidioak, bihotzeko atakeak eta alkoholagatiko heriotzak ugaritu ziren. Aldiz, gobernuek aldaketak era gradualagoan ezarritako Bielorrusia, Polonia eta Eslovenian herritarren osasunak ez zuen hainbeste nozitu.

Antzera gertatu zen Asiako 1997ko finantza krisiaren ostean. Tailandia eta Indonesiak berenganatu zituzten Nazioarteko Diru Funtsarearen errezetak, ondorioz ugarituz gosetea eta gaixotasun infekziosoak. Bitartean, NDFri aurre egin zion Malasiak hobeto eutsi zion herritarren bizimoduari.

Ura pasa eta gero presa egitean bezala, NDFk behin eta berriro eskatu du barkamena... beranduegi. Asian hanka sartu zuela aitortu zuen 2012an, Grezian kalkuluak oker egin dituela onartu berri du.

Orduan, hori dena frogatuta baldin badago, zergatik segitzen dute gobernuek bankuak salbatu eta herritarren bizimoduak kondenatzen? “Ideologiagatik, ez da beste arrazoirik. Politikoek krisia erabiltzen dute ondasun publikoak pribatizatzeko”.

Madrilgo aurkezpenean Stucklerrek bereziki nabarmendu zituen Kataluniako osasungitzaren pribatizazioak ekarri dituen zenbaki txarrak. Australian eta Britainia Handian bezala, hasi dela frakasoa erakusten. Azkenean garestiago pagatzen da herritarren zainketa txarragoa. “Austeritatea balitz entsegu klinikoa, honez gero eten zuten bere alboko kalte hilgarriengatik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


2024-02-15 | ARGIA
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean

Ostegun eguerdian gertatu da ezbeharra Cementos Portland enpresan, Olaztin. Urtea hasi denetik 15 langile hil dira Euskal Herrian.

 


Eguneraketa berriak daude