"Aitona-amonen lurra zapaldu dut, eta orain, pachamama deika ari zait"

  • Ama bat, semea autista, munduan barna. Argentina sorleku, euskaldunak arbaso.  Bizitza bat opari, emozioz eta maitasunez gainezka. Bizitza bat, arima ez beste gidari…

Liliana Ugartek euskaldunak zituen aitona-amonak, Amezketan eta Urdazubin haien erroak.
Liliana Ugartek euskaldunak zituen aitona-amonak, Amezketan eta Urdazubin haien erroak.Dani Blanco
Argentinarra zaitugu.

Buenos Aires baitako hiri batean jaio nintzen, Mercedesen. Aita posta zerbitzuburua zen, ordea, eta noiz batera, noiz bestera bidaltzen zuten. Ondorioz, ez nintzen inon sustraitu, leku guztiak nituen etxe. Horrela izan zen haurretarik, eta, harrezkero, leku guztiak izan ditut etxe. Are gehiago orain, denok bat garela esaten dugunean, inoren minarekin enpatizatzen dugula esaten dugunean, inoren poza gurea ere badenean… Horrexek eraman nau, eraman nazan utzi dut, zirkunstantzia guztiak gorabehera. Erromesaldi horrek bizitza aberasten dizu, tokian-tokian geratzen zarela, bizipenez betetzen zara, dena da berri. Hil eta berriro jaiotzea bezala da, ez dago errutinarik. Oso da ederra, ustekabez beterik dago. Norberaren esku dago.

Norberaren esku?

Bide bi ditugu, ezker, eskuin. Batean, bizitza jasan beharra dugu. Bestean, etorri zaigun bizi hau bizitzea. Eta ni bizitzen saiatu naiz, bizitzak dakartzan emozio guztiak presente ditudalarik. Norberaren erabakia da. Ez dakit genetikoa ere den. Gurean, esaterako, anaiek ez dute horrela jokatu, baina gure aitona-amonek (Huarte Mendia alde batetik, Larriolanda bestetik), XIX. mendearen amaieran Euskal Herritik Argentinara joan zirenean, bulkada horixe izan zuten. Bulkada bat da, ez besterik. Arima barruan, zure baitan sentitzen duzu bulkada, eta erromesaldian jartzen zaitu. Horrela bizi dut nik.
Erraz ari zara…
Baina ez da erraza. Ez da erraza, baina ezta ezinezkoa ere. Nik jokatu egiten dut, bizitzarekin jokatzen dut. Egiten ahal dut, bakarrik nagoelako.

Baduzu familia…

Bai, seme bat munduari itzulia egiten ari da. Oraintxe ez dakit Kanadan ez ote den. Indian, Errusian, Txinan ibilia da. Bartzelonatik abiatu zen, Euskal Herritik igaro zen, Finlandia, Eskandinavia… Mexiko ere jo zuen, maia zibilizazioa eta kultura ezagutu nahi zituen. Mutil horrek, Emilianok, badu niretik, nire hazia du. Une oro bizi du, egoera bakoitza. Ama beti da ama, seme-alabak babestu beharra du beti. Galdetu nion: “Zer daramazu zakutoan?”, “amatxo, barruko elastikoa jantzita daramat, eta aldagarria. Ez dut besterik behar”. “Dirurik badaramazu?”, “txanpon batzuk”. Eta egia da, erromesaldian dela, dena delako toki edo lekuan dela ere, beti inguratzen du beharrena. Mexikon, Oaxacako herri txiki batean, alkatearekin hitz egin eta biblioteka bat eratu zuten! Eta erabilera anitzeko zentro bat. Dena musu truk! Fuera kontsumismoa, fuera kapitalismoa! Emilianok unibertsitate ikasketak eginak ditu, informatika aise erabiltzen du, eta internet, blog eta gainerakoen bidez, munduan lau kornerretako jendearekin harremanetan bizi da. Trukea baliatzen dute, ez diote uzten diruari beraien biziak muga ditzan. Bizia aberastasuna da, dirua ez besteko aberastasuna. Bizitza bizitzen jakin behar da.

Emiliano munduan erromes. Matiasek ekarri zintuen Euskal Herrira, haren autismoak.
Emiliano, Matias eta Gabriel, txikiena. Ekonomia ikaslea da Argentinan. Ea, Matias. 22 urte ditu. Matias jaio aurretik afari handi batera joateko gonbita jaso genuen. Senar ohia, Ricardo, gizon ikasia nuen, Harvarden ere ibilia. Teknokrata lanbidez. Ekonomia ministroa ere izan zen Argentinako administrazioan. Ni (haren emazte), goi mailako afari hartara joatea zegokigun. Bada, haur autistak zituzten guraso batzuek elkartea osatu nahi zuten eta beste askori bezala, kide izateko eskatu ziguten guri.

Hara!

Eta elkartea osatu genuen: Haur Isolatuari Laguntzeko San Juaneko Elkartea. Garai hartan, haur autista “haur isolatua” zen, ez “autista”. Handik bi urtera, Matias jaio zen. Parametro estandarrak zituela etorri zen (pisua eta beste), baina bazituen berezitasunak, komunikatu ezina... Medikuetan hasi ginen berehala, lehenengo Argentinan, AEBetan gero. Garai hartan ez ginen interneten asko ibiltzekoak, ez zen oraingo bat-batekotasunik, eta Kaliforniara joan ginen, Rikardok Los Angeleseko UCLA unibertsitatean zenbait lotura eginik. Hara joan ginen, Matias azter zezaten. Oso zeuden aurreratuak han, diagnosian, maila terapeutikoan, klinikoan… Maila guztietan. Haurraren komunikazio modu eta era guztiak aztertu zituzten, haren autonomia maila… eta Matiasek etorkizunean ere zer harreman-bide egingo ote zuen aurreikusten lan egin zuten.

Matias autonomo izatea zen helburua?

Ahal bezainbat. Ikerlariek parametroak baliatzen dituzte. “Halako adina, halako neurriak iritsi beharko lituzke” diote. Ni ama izan, ordea (hegazti hegalaria), eta zientzialarien esanak transgreditzera jotzen nuen, hein batean, bederen. Uste nuen, eta uste dut oraindik, ez genituzkeela pertsonak eskala baten arabera neurtu behar. Nor bere baitakoa da, nor bere gisakoa, eta hainbestean onartu behar da, dariola, doala, dabilela…

Zure ikusmoldeak talka egin zuen UCLAn zutenarekin.

Bai, egingo ez zuen ba! Oso errebeldea izan naiz. Bata dela, bestea dela, zenbat aitzakia eta zenbat eragozpen jartzen dituen jendeak munduan! Eta, bitartean, bizitza badoa. Eta bizitza, hatz kriskitina da, ez besterik. Da orain, da momentu hauxe. Eta borrokan bizi behar, zeure pentsamoldea duzulako, zeure hegaldia, eta borrokan beti era bateko eta besteko erakundeek jartzen dizkizuten eragozpenen kontra.

Horixe esaten didate immigrante askok. “Zenbat eragozpen Europan!”.

Bai. Europan, AEBetan, Argentinako zenbait lekutan… oztopo eta eragozpenak ezker-eskuin. Ez zait gustatzen. Bizirik hiltzea iruditzen zait.

Galanta bota duzu, horratik!

“Bizitza” hitza hain da ederra, izan ere! Interpretatzen jakin behar da, geratu, dastatu… baina ez digute uzten. Gizakiok ez dugu geratzeko imintziorik egiten, zurrunbilo etengabean murgildurik gabiltza, eta, azken finean, zertarako?
Aitona-amonak Euskal Herritik Argentinara, zuk itzuliko bidea egin duzu.

XIX. mendearen amaierako kontuak. Gerrak eta beste. 1898 inguruan heldu ziren. Txile jo zuten, nonbait. Hango lurra gustatu ez, eta Argentinara. Horrela dio gure konstituzioaren atarikoan ere: “Munduko bizilagun guztiek dute, nahi izanez gero, Argentinako lurretan bizitzeko eskubidea”. Garai hartan, Argentinak batere oztoporik gabe ireki zizkien ateak bateko eta besteko gizataldeei. Hainbat jende joan zen Europatik. Gaur egun, Argentina Europa txiki bat dela diote, parrastaka ditu Europako komunitateak. Europarrak mordoa, aborigenak gero eta gutxiago, eta, hain zuzen, haiek behar zuten lehenen! Argentinara joandakoak ketxuera, guarania edo beste hizkuntza bat ikastera behartu behar zituen herrialdeak, baina ez zuen egin. Bertakoak ere ez zituen behartu! Ez zuten hizkuntza autoktonoa ikastera inor behartu. Ez zuten lekuari berezko zitzaion hizkuntza errespetatu. Euskal Herrian egiten den bezala egin beharko zuketen, bertako hizkuntza irakatsi. Zer egiten dute AEBetan, zer Ingalaterran? Semeak ere esaten dit, Argentinatik. Cordoba probintzian, Rio Cuartoko unibertsitatean euskara erakusten diote Gabrieli. Txat edo skype bidez ari garela, galdetzen dit: “Eta?”. Alegia, bera han euskaraz ikasten ari dela, eta ni hemen, ez naizela berari erantzuteko gai. Ikasi dut zer edo zer, hala ere, jardun dut euskara ikasten.

Aitona-amonak…

Pampa aldean kokatu ziren, artzain hasi ziren. Lur pusketa txiki bat, lehenengo. Gero, bi. Artalde txiki bat hasieran, buru gehiago gero. Lan eta lan egin zuten, ondoan beren moduko jendea zutela, haien moduko euskaldunak. Familia handi bat osatu zuten. Haiei zor zaie euskal gautxoaren irudia ere.
Euskal gautxoa?
Bai. Eta gautxoaren jaiak egiten direlarik, ikaragarria da euskal gautxoa ikustea, txapela, galtza bonbatxoak eta alpargatak jantzirik, oilarra baino harroago gautxo kriolloaren ondoan! Euskalduna mimetizatu egin zen, bat egin zuten Argentinarekin. Argentinak denak besarkatu zituen, euskaldunak, galegoak, andaluziarrak, italiarrak… Aitona-amonek lurrak eta lurrak erosi zituzten artzain ibili ahal izateko, eta gure esku daude oraindik haiek erositako lurrak. Zereal lurrak dira eta garia, artoa, soja, zekalea, garagarra… ereiten dira, eta Txina, Japonia, Kanada eta Europara bidaltzen da. Ez nago oso jakinaren gainean, hamar urte ere badira-eta handik irten ginenetik.

Hamar urte…

Baina urtero itzultzen gara. Bizpahiru hilabete igarotzen ditugu han, lurra sentitzen dugu, emozioak, afektuak, familia… Bide luzea egin dut Matiasekin batera. Hura babestu nahirik beti, niri ezer gertatzekotan ere bera onik izan dadin. Kezka hori ibili dut gogoan urte askoan. Orain ez, bidea egin dut eta indartsu nago: zakutoa hartu, Gautenakoei eskerrik asko esan eman diguten laguntzarengatik, eta alde egiteko moduan gara. Aitona-amonen lurra zapaldu dut, eta orain, pachamama deika ari zaidala sentitzen dut, iturrira itzuli behar dudala.

Pachamamaren deia.

Bai. Benetan ari naiz. Nirekin etorriko da Matias, lurra ereingo du, arbasoek egin zuten moduan. Hegaldi osoa egin dugu, itzultzeko garaia da. Badira herrialdeak gustura ezagutuko nituzkeenak. Australia, adibidez. Mexiko. Izan ginen, baina hor dut oraindik. Afrika ere jo nahiko nuke… Ez dakit zenbat denbora ere. Bertako airea sentitu, jendea sentitu, zertaz ari diren hizketan, nahiz eta haien hitzak ez entenditu, euskaraz ari direnean hemen entenditzen ez dudan bezala.

Ez duzu euskaraz entenditzen…

Hitzak ez, baina jendearen bibrazioak heltzen zaizkit, uhinak jasotzen ditut. Badakit zein den habitata, nola mugitzen den dena delako pertsona habitat horren barruan, haien emozioak…

Nortasun agiria

Liliana Ugarte (1958, Mercedes, Buenos Aires). Euskaldunak zituen aitona-amonak, Amezketan eta Urdazubin haien erroak: Huarte Mendia, aitaren aldetik, Larriolanda amarenetik; nahiz eta “Ugarte” eta “Landalarrea” bihurtu dizkieten Argentinan. Ugartek Ostalaritza eta Turismo ikasketak egin zituen eta, aldi batez, agroturismoa izan zuen lanbide. Zazpi etxe ere zuzendu zituen garai batean. Behin halako, arlo hori utzi eta munduan barnako erromesaldiari ekin zion, Matias semea gidari. Haren autismoak ekarri zuen Euskal Herrira, Gautena elkartearen babesera. Yoga irakaslea da, eta Astigarragan bizi da, baina jasoa du ama-lur pachamamaren deia.

Naturaleza

“Paraje zoragarria duzue, lur bedeinkatua, ura nonahi, berdea, euria… Euri zoragarria! Eta hala ere, jendea kexu euria ari duelako! Eguzkia nahi du! Eguraldiaren aitzakia egunero: dela euria, lainoa edo txingorra… Jendeak ez du, nonbait, beste problemarik. Pentsatzen jartzen naiz: ‘Hori da pena! Euriari kantatu besterik ez, zeruari eskerrak eman, gozatu, busti… eta, aldiz, hainbeste protesta!’. Naturalezari ateak ixten dizkio jende horrek, zerutik datorren erregaloa ukatzen duzue Euskal Herrian”.
 

Apartamentua

“Euskal Herrira baino lehen inoiz ez naiz apartamentu batean bizi izan. Argentinan, jendeak etxebizitza du, besteetatik aparte, eta lorategia, baratzea eta animaliak bertan. Apartamentuan bizitzeak ere badu bere tolesa. Auzoen bizimoduaren parte zara, haien bizitza-erritmoaz jabetzen zara, haien zaratak entzuten dituzu, zapata-hotsa, haserre orroak… Bizitza partekatzen duzu, nolabait. Argentinan ez nuen horrelakorik esperimentatu”.

Keinuak
Azken hitza

“Matiasi asko gustatzen zaizkio aldizkariak. Hiper atarian, liburu-denda. Matias, aldizkariei begira. ‘Zein aldizkari nahi duzu, Matias?’, galdetzen diot. Berak bat seinalatzen dit. Hartzen du. Esaten diot: ‘Bi euro eta hogeita hamar zentimo. Hartu txanponok, eman dendariari’. Eta joan eta mahai gainean uzten dio dirua, saltzaileari begietara begiratzeke, Matias ez baita begiradari eusteko gai. ‘Ez, Matias, begiratu saltzaileari, eta eman dirua eskura’. Eta saltzaileak: ‘Eskerrik asko, Matias’, niri mutilaren izena entzun eta ordurako izena ikasita. Erregalo bat bilatu du saltzaileak, kutxa txiki bat, txanpon eta gozokiak barruan sartu eta eman dio Matiasi. Horrelako keinu mordo bat jaso dut hemen. Horrekin geratzen naiz, nekeak eta penak bazterrean utzirik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guaraniak
Brasilgo guaranien suizidio tasa hazten, euren lurrak galtzearekin batera

Guarani herriko indigena batek bere buruaz beste egiten du astero Brasilen, batez beste. Azukre kanabera ustiatzen duten enpresek haien lurretik bota dituzte guaraniak. Geroztik, arrisku larrian daude: elikadura arazoak, lurjabeen jazarpena eta biolentzia egoerak jasaten... [+]


Haur guaraniak euskara ikasten
Estebe Ormazabal, Brasilgo Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeko kideak eman du guaranien berri www.sustatu.com-en. Brasilgo hiriburuko Jabaquara auzoan dagoen Tekoa Pyau herrixkan haurrak tupi guarania hizkuntza ikasten eta beren kultura mantentzen saiatzen dira. Era... [+]

Eguneraketa berriak daude