Mundu baten hasiera

  • Portua esaten zaio San Pedro kale entzutetsuaren alde banatara hedatzen den Hondarribiko auzoari. Jaizkibel magaleko auzotegiak gibelaldean. Parez pare Bidasoa, Txingudi, itsasoa; laño, Baionako barraraino. Izango da gaur egunean auzorik zapalduena, akaso estimatuena. Alde zahar eder, baina lozorro, denboran geldituak ematen duen postalezko irudiaren aurrean, bizitasuna baitu ezaugarri.

Madalen karrikara jaisten diren eskailera mekanikoetan hasiko dugu txangoa.
Madalen karrikara jaisten diren eskailera mekanikoetan hasiko dugu txangoa.

Lehen kolpean eman dezakeenaren kontra, aspaldikoak dira auzoa existitzearen zantzuak: Antso Abarkarena zen –eta orain Carlos V.aren izena daraman– gazteluaren bueltan osatu zen hiribilduaren aurrekoak. Madalena ermita zenaren inguruan hasi zen auzoa egiten. Santiago bideetan –eta kostako bideko pasaleku da Hondarribia– ibai ertzean eraikitzen ziren erromesen ostatuetako bat zen Madalenakoa. Baina beti izan da murruetatik kanpo geratu den auzoa, aldiria, errebala. Eta gaur egunean ezagutzen duen estimua, ez da beti izan halakoa. Itsasoari eta arrantzari emana, jaso izan du urte luzeetan zehar hiribilduaren destaina: etxe berriak eraikitzeko debekua, komertzioak irekitzekoa, labur, hiribilduari itzal egitekoa.
Bigarren Gerra Karlistaren ondoren hasi ziren gauzak aldatzen, auzoa gaur ezagutzen duguna izateko bidean jartzen. Udalak, Alde Zaharraren gainbeheraz kontziente, “hiriaren etorkizun bakarra” Portuan zegoela erabaki zuen. Batetik, arrantza indarrean zelako. Baina bestetik, eta batez ere, hasiberria zen jarduera ekonomiko batek sortu zuelako esperantza: turismoak. Lehen Gerra Karlistan herrian agertu ziren soldadu britainiar haiek hasi zuten: bainatzen ziren eta eguzkia hartzen zuten Portuko hareatzetan, herritarrengan harridura eragin, itsasoko bainuak osasunarentzat kaltegarriak zirela uste baitzen garai hartan. Horiek izan ziren lehen “bañistak”. Egun, izen horrekin ezagutzen dituzte oraindik hondarribiarrek turistak.
Eta egin dezagun guk ere soldadu britainiarrarena, izan gaitezen, egun batez behintzat, bañista. Eta has dezagun ibilbidea Madalen karrikan. Karrikaren gainaldean, eskailera mekanikoak jaisten hasten diren lekuan. Kotxea utz dezakegu bertan, garraio publikoa hobetu beharreko kontua baita Hondarribian. Eraiki aurretik auzo-erresistentziaren sinbolo –lelo gogoangarriekin, “Lajazia eskiletak dagozten bezela”–, behin eraikita, Leitzaranekin gertatu moduan, mundu guztiak erabiltzen ditu. Jaisten ari garela, berehala ikusiko dugu Madalena ermita zegoen lekua, egun etxetxo batek hartu arren, erraz irudika daitekeena. Motza da karrika gero: Amparito agurtu eta berehala gaude, Santiago kalea gurutzatuta, San Pedro entzutetsuan.

Soldadu britainiarraren paradisu

San Pedro kalea, beraz. Egun bateko soldadu britainiarraren paradisu. Ez alferrik, ostatu, pub, jatetxeak gehituta, 40 aukeratik gora ditu eskura bisitariak. Horietarik zenbait, gainera, adibidez Arrantzaleen Ermandadea, urte luzeetan familia beraren eskuetan, bestelako turismo eredu basatiagoengandik urrun. Bide batez, munduko arrain-zopa onena egiten omen dute jatetxe horretan, japoniarren arabera. Itsasoari begira ezker muturrean dago Azken Portu, garai batean arrantzaleentzat izango zena, gaur egun beste legatz klase batzuk harrapatzeko portua den pub batekin. Bertatik hasten da Arrantzale auzoa ere, 1939ko etxe merkeen aldeko legeak akuilatuta eraiki eta, 46an, Francoren bustoaren aurrean, inauguratu zen etxadia. Junkien txokoa izan ondoren 80etan, merketik gutxi izango dute egun 58 etxebizitza horiek. Baina San Pedro kale osoak merezi digu, Azken Portutik Zabalaren txokoraino behintzat. Txantxangorri ostatuan har dezakegu zerbait, 1976ko jaietan Guardia Zibilak hildako Josu Zabala irundarraren omenetan.
Oraindik indar pixka bat gorde behar baitugu, kresala bertatik bertara ukitzeko. Garai bateko Benta Zaharrera hurbiltzea dugu onena, Butroi pasealekua hasten den tokira. Hor nonbait jarriko zuen Espainiako errege Alfontso XIII.ak Nazioarteko Zubia deitu nahi izan ziotenaren lehen harria, 1928an. Baina Hondarribia eta Hendaia lotuko zituen zubi hori gabe ere etortzen dira gaur den egunean, saldoka, frantsesak –sinistu, frantsesak dira–. Luze gabe, bi ertzak batzen dituen txalupatxoan. Eta guk ere kontinente oso bat dugu begien pare, Bidasoaren bestaldean. Gero batzuek esango dute hau dela munduaren bukaera. Baina garai batean herriko senide pobrea bazen, aldeko haizeak jotzen dio gaur Portuari. Eta gehiago hartzen zaio, bukaera traza baino, mundu baten hasierarena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa
2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2024-03-21 | Estitxu Eizagirre
Leire Udabe, Lakari proiektuko kidea
"Elikadura osasungarriaren izenean zer kontsumo mota egiten ari garen aztertu beharko genuke"

Zer da dieta osasuntsu bat? Galdera hori egin dio Egonarria saioko aurkezle Eli Pagolak Leire Udaberi. Udabe Lakari proiektuko kidea da: bertako elikagaiak eta elikagai ekologikoak saltzen dituzte Zarauzko dendan, eta asteko otorduak antolatzeko Jaki tresna garatu dute.


25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


2024-03-20 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Euskara harrotasunez transmititu dutenen lekukoa

Korrika egunez egun erakusten ari da pasatzen den txoko guztietan nola pizten duen harrotasun sentimendua, euskaldun izatearen harrotasunarena. Emozio horixe da, batik bat, euskara transmititzen jardun duten adineko pertsona horiena.


Eguneraketa berriak daude