Krisi garaian alternatiba

  • Lanbide Heziketako ikastetxeak ikaslez beteta daude. Euskal Herriko Lanbide Heziketa erreferentea izateaz gain, indar handia hartu du azken urteetan, krisiaren eraginez langabezian daudenen aukera bilakatu baita.

“Tradizioa du garrantzitsu EAEko Lanbide Heziketak, urteetan garatu eta nazioartean erreferente izatera heldu da”. Errenterian dagoen Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroko zuzendari Iñaki Mujikaren hitzak dira. Krisi garaiotan, gainera, ohiko ikasleekin batera langabezian daudenetako askok –bestelako ikasketak egin dituztenak, tartean– LHren aldeko hautua egin du. Hori da Amaia Gonzalezen kasua: Arkitektura amaitu ostean, programazio arloan LHko ikasketak egitea erabaki zuen, lana lortzeko itxaropenez. Borja Menak unibertsitateko ikasketak utzi zituen, bere hitzetan praktika gutxiegi eta teoria gehiegi eskaintzen zutelako. Orain LHn ari da, baita lan munduan lehenengo pausoak ematen ere, Hezibi izeneko proiektuaren baitan urtebetez ikasketak eta enpresa batean praktikak uztartu ahal izan baititu. Aritz San Sebastianek aldiz, bukatuta ditu ikasketak eta bakarka ekin dio lan munduari, enpresa bat sortuz. Hasieratik argi zuen enpresa bat sortu nahi zuela eta ikasketek horretarako bidea zabaldu diote, Urrats bat proiektuaren bidez. Hiru urte daramatza enpresan eta geroz eta hobeto doakio.

Guztira, 36.600 ikasle inguru ari da LH egiten Hego Euskal Herrian. Nafarroan prestigioa dauka adar honek eta inoizko ikasle kopuru handiena du egun, langabezia maila altuaren eta itxitako enpresen ondorioz. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan aldiz, arrakasta handiagoa du unibertsitateak, eta industria alorreko ikasketetan, esaterako, jende falta du LHk Iparraldean, gehiengoak nahiago duelako ingeniaritzaren bat egin unibertsitatean.

LHren hiru oinarriak azaldu dizkigu Iñaki Mujikak: jakitea, egiten jakitea eta egitea. Horri izaten jakitea gehitzen diote, hots, pertsona gisa garatzea, eta egin beharretarako prest egotea. Taldean gauzak egitea, esaterako, oso garrantzitsua da eta ikasketen zutabe. “Hemen banaka gauza gutxi egin ditzakegu. Eta filosofia hori eta pentsatzeko era hori irakasle onek transmititzen dute”, adierazi du Mujikak.

Erdi mailako eta goi mailako zikloak eskaintzen dituzte Lanbide Heziketan. Hasiera batean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu ondoren erdi mailako hezkuntza zikloak egiteko dago pentsatuta, baita Batxilergoa egin ondoren goi mailakoak egiteko ere. Bi zikloetan derrigorrezko praktikak egiten dituzte ikasleek, eta lanera bideratuta dauden ikasketak dira. Horiek bide ohikoenak izan arren, gaur egungo egoera dela-eta gauzak pittin bat aldatu dira. Usurbilgo Lanbide Eskolan, adibidez, ikasleen %10 unibertsitateetatik joandakoak dira. “Pertsona bat etorri zen irailean matrikulatzera; zer gustatzen zitzaion galdetu ziotenean esan zuen gustatzen zaizkion gauzetan lizentziatu zela jada, Psikologian, baina orain lana dagoen zerbait behar zuela”, gogoratu du Mujikak.

Guraso askok galdetu ohi dio zer komeni den seme-alabak egitea Batxilergoa amaitutakoan. “Nik beti esaten diet LHn 26 familia profesional daudela eta eskaintza oso zabala dagoela. 18 urterekin Batxilergoa amaitu duen ikaslea, ikasle ona da, LH bi urte dira eta bi urte horietan hiru hilabetez enpresa batean egoteko aukera dago, gauza praktikoak egiten, lanbideari lotutakoak”. LH bi urteren buruan amaitu eta unibertsitatean ikasten jarraitzeko aukera izango luke nahi duenak. Unibertsitatean LHko ikasgaiak baliozkotzeko lanean ari da Mujikaren taldea. Urtean-urtean gaindituz gero, 24 urterekin LH eta unibertsitatea amaituta luke gazte horrek eta pertsona gisa beren lekua hartzeko adin egokia dela uste du Mujikak: “Ibilbide oso interesgarri eta praktikoa du jada ikasleak. Nik hori gomendatzen dut”. Zuzendariaren ustez, ibilbide horrek izan beharko luke ohikoena; Alemanian ikasleen %70ak hori egiten du, Frantziako Estatuan %65ak, eta EAEn aldiz, %50ak.

Amaia Gonzalezek denboran atzera egiteko gaitasuna balu, ez dago ziur 18 urterekin Arkitektura ikasten hasiko litzakeen. Eta ez daki zer esango liokeen Batxilergoa amaitzen ari den gazteari: “Sarri ez dakigu zer egin 18 urte ditugunean. Oroitzen naiz orrialde bat pasa zidatela eta hori bete behar nuela. Nik banekien zer egin nahi nuen, baina karrerak sei urte irauten ditu gutxienez eta sei urte asko dira, oso ziur egon behar duzu erabakiaz. Ikasle horiei esango nieke ez dela berdina sei urte egon edo bi egotea. Lanbide Heziketa amaitzean ikusten baduzu gustuko duzula, jarraitu. Aukera beti hor izango duzu gero unibertsitatera joateko”.

Praktikak nagusi

Ikasleak lan mundura erabat bideratuta daude hasieratik. Hala, ikasle guztiek dute praktikak egiteko beharra eta garrantzitsua iruditzen zaie denei. “Arkitekturan ez genituen praktikak egiten, opor garaian estudioetara joateko aukera izaten genuen, baina orain aukera hori ere ez dago”, adierazi du Gonzalezek. Pentsatzen du lanean hasi arte unibertsitarioek ez dakitela benetan zer den ikasi dutena, unibertsitatean eskaintzen dena teoriara mugatzen delako. “Amaitzen duzunean bakarrik zaude, ez duzu lan munduaz ezer ezagutzen, eta curriculumak bidaltzeari ekin behar izaten diozu”. Horri aurre egin nahi izan dio LHk, eta horregatik, praktika aldia egin behar dute ikasleek titulazioa lortu ahal izateko.

Horrez gain, praktiken garrantziaz ohartuta, proiektu berri bat jarri dute martxan aurtengo ikasturtean: Hezibi. Urtebetez enpresa batean lan egitean datza eta ikasketak eta lana uztartzen dituzte ikasleek. Lau ordu inguruko lanaldia izaten dute proiektuaren parte direnek, gelan ikasitakoa praktikara eramateko. Borja Mena, adibidez, bigarren mailan dago eta iazko urritik datorren urrira arte lau orduz egunero enpresa batean ari da lanean. “Niretzako hori oso garrantzitsua da. Unibertsitatea uztearen arrazoi nagusia hori izan zen, ez nuela alde praktikoa ikusten. Denek egiten dituzten hiru hilabeteko praktikak egin beharrean urtebete aritzea izugarria da. Denbora gehiago zaude eta benetan enpresa batean lanean aritzea zer den ikasten duzu, diru pittin bat irabazten duzu eta kontratua egiten dizute”. Gizarte Segurantza ere badute ikasleek. “Bost hilabete inguru daramatzat –jarraitu du Menak–, iruditzen zait hiru hilabetetan ez duzula hainbeste ikasten, eta langileekin ere hiru hilabetetan ez duzu hainbesteko harremana egiten. Oso baliagarria iruditzen zait”. Enpresan gauzek edo lanek benetan zein garrantzi duten ikusten dutela diote ikasleek. “Ikasgelan teoria ikasten duzu, baina enpresan benetako mundura zoaz”, dio Gonzalezek. “Langilea zara, kontratua duzu eta ardura batzuk dituzu”, gaineratu du Mujikak. Familiari ekonomikoki laguntzeko balio duela azpimarratu dute, baita enpresan urte horretan ikasleek beren burua ezagutarazteko ere. Gehienez, hiru urtez egon daitezke ikasleak enpresa horretan lanean eta enpresak nahi bezala prestatzen dituzte.

Beste ekimen interesgarri bat Urrats bat proiektua da. 2000. urtean abiatu zuten eta ikasketak amaitzean enpresa bat sortzera dago bideratuta, lehenengo pausoak ematen laguntzera. Ikasleek orientazioa jasotzen dute batetik eta laguntza teknikoa bestetik. Hasieran, gazteei bulego modukoak uzten dizkie eskolak, behar duten materialaz hornituta (ordenagailua, telefonoa…). Urtebeteko babesaren ostean, kalera ateratzen dira ikasleak. Gaur egun arte 360 enpresa sortu dituzte Lanbide Heziketako ikasleek EAEn.

Kanpora joateko aukera ere izaten dute, Erasmus programari esker. Urtean 1.000 ikasle inguru baliatzen da programaz. “Ni Finlandian izan nintzen. Ideia bat proposatu behar genuen enpresa bat sortzeko, eta irabazleak hara joan ginen beste ikasle batzuekin batera”, adierazi du Gonzalezek.

Bestalde, ekipamenduan ere EAEko ikastetxeak puntakoak direla ziurtatu du Tknikako zuzendariak: “Ikasleek erabiltzen dituzten makinak enpresa askotan ez dituzte ikusiko”.

Prestigioa lortzen

“Buruan dugu LH eta unibertsitatea daudela, baina biak dira lanbide heziketa. Hainbat maila daude, baina guztiak dira beharrezkoak. Medikuak beharko du autoa konpontzea, ezta? Eta automozioko teknikariak ere beharko du medikua, ezta?”, diosku Mujikak. Orain arte unibertsitatera joaten ez zena gizartean gutxietsi egiten zutela pentsatzen dute solaskideek, bigarren mailakotzat jotzen zela. Institutuetan bertan ikasleak unibertsitatera gehiago bideratzen dituztela ikusi dute. “Nik ikasi nuen institutuan Lanbide Heziketako eskolak ematen dituzte, eta ez dakit zer ematen duten ere”, adierazi du Menak. Mujika eta haren taldea saiatu dira hori aldatzen, baina ikaragarri kostatzen dela nabarmendu du. Neskekin ere hori gertatzen dela esan dute, arlo industrialetara joatea asko kostatzen dela.

Gonzalezek uste du orokorrean unibertsitatean norberak ahalegin handiagoa egin behar duela eta LHn eskolak jarraitzea dela gakoa: “Hemen oso zainduta nago, pentsatu nuen hasieran, baina hain daude zure ondoan, azkenean gauza asko onartzen dizkizutela”. Azpimarratu dute jarraipena egitea errazagoa dela eta hori luxua dela, gelak ere txikiagoak direlako.

Profil anitzak

Adin guztietako ikasleak daude ikastetxeotan. Gela batean 18 urteko ikasle bat eta 35 urteko beste bat aurki ditzakezu. “Lehen denak 18 eta 20 urte bitartekoak ziren. Orain adin tarte handiagoa dago ikasleen artean, eta gauza ona da. 18 urtekoek beste batzuen egoera ikusi eta serioago hartzen dutelako. Klaseak emateko era ere ez da berdina. 18 urtekoak motibatzen egon behar duzu, eta helduagoak ez, beste jarrera bat izaten dute”, azaldu du zuzendariak.

Gauza bereziak ari dira gertatzen azken urteetan, gurasoek eta seme-alabek leku berean ikastea, adibidez. Errenteriako Don Bosco ikastetxean ikusi du hori San Sebastianek. Hasierako Lanbide Heziketa deitzen diote ikasle gazteekin egiten duten horri, baina etengabeko prestakuntza ere egiten dute. Goizez normalean ikasle gazteak egoten dira eta arratsaldean eguneratzera agertzen dira helduagoak. Batzuetan gertatzen da arratsaldean gela berean gurasoa egotea eta goizean semea edo alaba; eta zalantzak batak besteari galdetzea. “Aitak semeari galdetu behar izaten dio askotan”, adierazi du Mujikak.

Hala ere, hainbat alorretan oraindik ez da aniztasun hori nabari. EILAS sindikatuaren  datuetan oinarrituz, emakume eta gizonen artean aldea dago oraindik; erdi mailako ikasleen %62 mutilak dira, eta goi mailakoen %58 ere bai. Alde hori handiagoa da ikasketa batzuetan: emakumeek besteen zaintza eta irudiarekin lotura duten ikasketak egiten dituzte gehien, baina orain arte gizonekin lotu izan diren ikasketa askotan emakumeen presentzia oso murritza da. Autoen mantentze lanetan, esaterako, ikasleen %2 inguru baino ez da emakumea.

Euskararen presentzia ere txikia da oraindik. 2010-2011ko datuei erreparatuta, Nafarroan G ereduan, erabat gaztelaniaz, ikasten zuten ikasleen %98,52k; D ereduan, euskara hutsean, %1,48k baino ez. EAEko datuetan ere alde nabarmena dago: A ereduan, gaztelanian hutsean, ikasten zuten ikasleen %74,4k; B ereduan, bi hizkuntzetan, %1,86k eta D ereduan, euskaraz, %23,74k.

Kontuak kontu, etorkizun oparoa aurreikusten diote Lanbide Heziketari. Azken finean, Mujikaren hitzetan, “garbi dago enpresetan %70 LHko lanpostuak direla, %20 goi mailako ikasketak dituztenak eta %10 kualifikatu gabekoak”.

Aritz San Sebastian

25 urte. Automozioa ikasi du Errenteriako Don Bosco ikastetxean. 19 urterekin Lanbide Heziketa ikasten hasi zen eta lehenengo urtetik Urrats bat proiektuan hartu zuen parte, enpresa propioa sortzeko asmoz. Sortu nahi zuen enpresako alor berean egin zituen praktikak. “Ondo doakit. Lana badugu pertsona bat edo bi kontratatzeko, baina gauzak poliki egin behar ditut eta ezin ditut pauso guztiak batera eman”.

Amaia Gonzalez

28 urte. Fabrikazio Mekanikoaren Programazioa ari da ikasten Usurbilgo Lanbide Eskolan. “Arkitektura amaitzeke nuen, proiektua nuen egiteko, baina lagunak ikusten nituen amaitu ostean lanik gabe. Interneten Lanbide Heziketako ikastaroak bilatu nituen eta oso gustura nago, irakasleen gertutasuna eta irakasteko grina nabaritu ditut”. Orain praktiketan dago eta estudio tekniko batean ari da lanean.

Borja Mena

21 urte. Administrazio eta Finantzaketa Teknikoa ari da ikasten Usurbilgo Lanbide Eskolan. “Batxilerra egin ostean unibertsitatera joan nintzen, baina oso teorikoa zelako utzi”. Hezibi proiektuari esker urtebete pasako du enpresa batean praktikak egiten. “Ikasgela berean 70 lagun ginen unibertsitatean, bi urte hauetan konturatu naiz dena kontzentratuagoa dagoela Lanbide Heziketan eta dinamikoagoa dela”.


ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Autorrealizazioa irakasgai

Irakaskuntzan "aniztasuna" aski ezaguna den kontzeptua da, eta irakasleok (ez zara harrituko Bestiak liburutegian ere irakasleak badaudela jakitean) aniztasuna bermatzeko, askotan, ikasle talde heterogeneoak egiten saiatzen gara. Baina badugu desberdinen arteko... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Eguneraketa berriak daude