Saioaren barne mundua

  • Saioa ::Natura

    Moonplace, 2013

Saioaren ahotsak, bere abesteko moduak erraiak mugiarazten dizkit, oilo-ipurdia jarri, eta bihotza ukitzen dit. Oso bereziak eta hunkigarriak dira bere kantuen bitartez sortzen dituen giroak.
Leun abesten du gehienetan, baina beste batzuetan ez hainbeste. Bere aieneak entzuten ahal dira, bere samina sentitu, eta bere arima urraturik dagoela sumatzen ahal da.
Saioa Garin, Legorretako (Gipuzkoa) bakarlaria, folk-rock kantari bat baino gehiago da. Estilo horien aireak bere doinuetan sumatzen ahal dira, baina bere kantuak hain erraz sailkatzea oso zaila egiten zait, Saioak estilo propioa baitauka.
Diskoz disko urratsak aurrera egiten ditu. Ñabardura, xehetasun, ukitu eta apaindura desberdinak aurkitzen ditu bere kantuak janzteko. Natura lanean hori guztia ederki egin du, eta oso disko ona osatu du, borobila.
Natura-n, 11 kantu berri ditugu gozagai. Kantu bakoitza hasi ahala, bere ahotsak, gitarraren akordeek edo gainerako musika tresnen notek berehala harrapatzen gaituzte, eta gure arreta osoa bereganatzen dute.
11 istorio, 11 bizipen daude diskoan. Doinu edo giro batzuk oso intimoak dira, beste batzuk alaiagoak –melodia polit sorta bat entzun daiteke diskoan–, baina denek Saioaren barne mundura eramaten gaituzte.
Desoreka lehenengo kantua oso polita da, eta bere sentipen eta kezken berri ematen digu jadanik. Higadura ere ederra da, eta Unean uneko kantuak kutsu alaia dauka. Gainerakoak lasaiagoak dira, oro har. Besteak beste, Dar-dar, bor-bor abestian elektronikoaren ukituak entzuten ditugu, eta Natura kantuko koruetako ahotsak aipagarriak dira.
Kantuak grabatzeko garaian, Joseba Irazokiren languntza estimatzekoa izan da. Gitarra akustikoa, 12 sokako gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, banjoa, lap steel-a, Q Chord-a jo, eta koruak egiteaz gain, bera izan baita ekoizlea. Lan ederra egin du, eta Saioari oso ongi lagundu dio kantuak garatzen eta janzten. Josebak, eta grabazioan parte hartu duten gainerako musikariek ere, ederki ulertu dute Saioaren kantuen mamia, eta kantu bakoitzak eskatzen zietena egin dute.
Saioak berak abestu, eta gitarra akustikoa eta pianoa jo du grabazioan. Diskoan parte hartu duten gainerako musikariak hauek dira: Felix Buff (bateria eta perkusioak), Jaime Nieto (baxua), Txus Aranburu (pianoa, Hammond organoa, Wurlitzer piano elektrikoa eta akordeoia), Igor Telletxea (tronboia), Mikel Xedh (elektronika ukituak), Iñigo Irazoki (grabazioa eta nahasketak) eta Jonan Ordorika (masterizazioa).
Natura ez ezik, Saioak beste bi disko ere baditu kalean: Matrioska heart (2008) eta Particular land (2007). Denak Moonpalace Records zigiluarekin. Ez da harritzekoa, Moonpalaceko Juanrak mimatu egiten baitu, eta diskoak atsegin handiz osatzen eta plazaratzen baitizkio. Juanra bera arduratzen da lanetako aurkezpen, diseinu eta arte-lanaz, eta bere zigiluko diskoetan ohikoa den bezala, Natura gustu handiz egin du, eta oso txukun eta dotore gelditu da.

ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude