Iratxe Esnaola


2013ko maiatzaren 12an

Zorretan nago Iratxe Esnaola (Arribillaga) informatika ingeniariarekin, software librearen defendatzailea bera, ekimen herrikoiei atxikimendua eskainitakoa eta hainbat medio eta elkarteren kolaboratzaile izateaz gain, dotEUS proiektuko koordinatzaile ere badena, besteren artean.

Ez dut zarauztarra ezagutzeko plazerik izan, baina bai bestelako asebeterik hari esker, izen-abizen berberak izateko zoriak ni harekin nahastea ekarri baitu biok prentsan jarduteko dugun ohitura medio. Aldiro dibertitu naute nahasmenok. Izeba maite batek irratian hizketan entzun ninduela esan zidan behin, eta ez nintzela ni arrapostu nionean, deskuidatua nintzela argudiatuz amaitu zuen eztabaida modu xarmangarri eta hunkigarrian, nik uste. Beste behin, Radio Euskadin egin zidaten elkarrizketa. Grabazioa Interneten zintzilikatzean haren lagungarri Arribillagaren argazkia paratu zuten. Berriki bere errenta aitorpenerako agiri bat iritsi zait etxera.

Plazerez dakusat nahastea handitzen, prentsan urlia edo sandia aipatu zuena ni al nintzen galdetzen didaten adiskide nahastuekin solastatzean. Ohartua nago hark bi abizenez aurkeztu ohi duela bere burua, amaren abizenari leku eginez, nonbait, argitasunaren alde egitearren, akaso, ezagutzen ez dudan arrazoiren baten sostengu, bestela. Bigarren abizenik aireratu gabe erantzun ohi dut nik, ostera. Noiz eta zergatik erabaki nuen aitaren senditik jasotako deiturarekin korrituko nituela liburu azalak eta testuen oinak?

Gogorapenean izan ohi ditut orain gutxira arte gizonezkoei esleitzen zitzaien literatur jardunean kortse sozialek eragin destinotik ihes egiteko estrategiak baliatu izan dituzten emakume idazleak. Ezizenez sinatzera edo beren izena senarraren abizenari atxikitzera behartuak, anagramak zein piktogramak asmatzera emanak, bestela. Genealogia honen baitan ezin uka izen abizenez sinatzearen garrantzia, eta aitaren eta amaren abizenaren artean aukeratzerakoan, arrazoi andana izan badu hamaika emakumek aitarena beren bizietatik erauzteko. Berdin, emakume ez direnek sufrituen margen zabaletik.

Pedro Lemebel idazle txiletarra datorkit gogora: “Lemebel femeninotasunerako aliantza dut, amaren abizena inskribatzen dut ama huacha onartzeko ene ilegaltasun homosexual eta trabestitik”. Baina nire legaltasun lesbiarretik zer munta du sinbolikoki amaren abizena baliatzeak hark ere aitarenetik jaso bazuen berea, eta berdin amonak? Aitor dut inertziaz hautatu nuela lehen abizena eta gaur-gaurkoz aldakortasunean jar nezakeela gakoa. Batean batekin sinatu, hurrena bestearekin, hurrengoan biekin, nahi bada, aldika ordena aldatuz. Baina nago, ezizenen moduan atentzio estra erakartzen dutela hitz jolasok gure txikian. Nolabait, kuxkuxean jarduteko grina pizten du identifikatze nahiak, eta aitor dezadan, nahaste-borrasteok betikotzeak tentatzen nau ni. Irudikatzen dut hirugarren Iratxe Esnaola bat dugula gure artean, zarauztarraren eta neronengandik aparte bizi den Iratxe Esnaola birtuala, prentsan eta Interneten bizi den kreatura zibernetikoa, lau eskutara osatzen diharduguna. Izatez, sarean dagoen orok du bere izen abizenezko kreatura birtuala, kaleko haragizkoa ez dena, eta anitzetan, kalekoaren iritzi berak ere ez dituena birtualtasunaren gortinaren atzean. Izena duenak ba omen du izana. XXI. mendeko izen birtualak fikziozkoa du izana. Eta Iratxe Esnaola fikziozkoak, ama baten lekuan bi ama.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude