Tragedia hutsa

Arteshoy.com

OLBEren eskaintza aldi honetan ez da izan opera ikuskizun arrunt bat. Holako espektakulu batean sentsazio nahasketa espero da: musika liluragarria, koloreak taula gainean, akzioa, produkzio erakargarria… Dudarik gabe, Maria Stuarda honek, Stefano Poda eszena zuzendariaren eskutik, denetik zuen, baina hasieratik bukaera arte drama usaintzen zen, eta horrek beste guztia estaltzen zuen. Emaitza? Batzuentzat, zirraragarria; beste batzuentzat, aspergarria.

Egia esan, Donizetti-ren opera honek –Milango Scala-n estreinatua, 1835 urtean–, ez du akzio gehiegirik. Ingalaterrako XVI. mendeko giro odoltsua primeran irudikatzen du: konspirazioak, erlijio gatazkak, jelosia… Hau guztia sumatzen dugu obra honetan, baina ezer gertatu gabe. Elisabetta Ingalaterrako erreginaren burutazioak, eta Maria Stuarda Eskoziako erregina protagonista eta heroiaren heriotza: horiexek osatzen dute, laburbilduz, operaren mamia.

Eszenaratze soila baina adierazkorra izan zen. Eszenografia, jantziak, argia, dena batu egiten zen, giro bakarra lortzeko. Stefano Poda-k adierazi zuen bezala, eszenatokian irudikatu nahi zena bizitzaren vanitas-a zen. Jantziak ez ziren apaingarriak, barruko urratzearen irudikapena baizik; mugimendua “ez-mugimendu” bihurtzen da; keinua ez da adierazten, barrukoa baita…

Eta musikalki? Ondo. Sondra Radvanovsky soprano estatubatuarra izan zen protagonista totala. Ahots liluragarria du Radvanovsky-k. Agudo ederrak ditu, baina grabe potenteak ere, eta oso segurua da. Musikaltasunez aritu zen uneoro. Veronica Simeoni ere, Elisabetta-ren rolean, modu konbentzigarriz aritu zen, eta tinbre interesgarria azaldu zuen; baina, egia esan, Maria Stuarda sendo horren ondoan, ez zuen agian merezi zuen distira izan. Bestalde, Franceso Demuro tenoreak, Roberto-ren paperean, eta Mirco Palazzi baxuak, Giorgio Talbot-en rolean, ongi eta taxuz bete zituzten beren zereginak.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak, José Miguel Pérez Sierra-ren batutapean, jakin zuen ahotsak azpimarratzen, zapaldu gabe, eta Bilboko Operako Abesbatza, beti bezala, fin.

FITXA

Donizetti-ren Maria Stuarda. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: José Miguel Pérez Sierra. / Bilboko Operako Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Sondra Radvanovsky (sopranoa), Veronica Simeoni (mezzosopranoa), Francesco Demuro (tenorea), Mirco Palazzi (baxua). Non: Euskalduna Jauregia. Noiz: Apirilaren 20an.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude