"Sakrifizio eta lan askorekin, lehen mailara bueltatzea lortu nuen"

  • Profesionaletan debutatu zuenetik hamabost urte bete berri direnean, Berasaluze VIII.ak izena aldatu du: Berasaluze II.a da orain, aitaren omenez. Haren heriotzak bortizki kolpatu zuen pilotariaren bizitza eta frontoietako errendimendua, baina zulotik atera eta fin ari da berriro, maila gorenean.


2013ko apirilaren 21an
"Aitari zor diot dena pilota munduan, haren izenarekin jokatu nahi ditut azken urte hauek".Dani Blanco

Aita pilotaria izanik, ume-umetatik murgildu zara pilotaren eta pilotarien munduan.

Familia guztiak pilotan jokatzen zuen, aititek, osabek, aitak; zortzi aritu gara pilotan, bi zesta puntaz eta beste denak eskuz, eta aitarekin txiki-txikitatik joaten nintzen frontoira, zapatu eta domekak profesionalen partiduak ikusten ematen nituen. Aldageletan asko egoten nintzen, garaiko pilotarien artean, Ladis Galarza, Julian Retegi, Panpi Ladutxe, Tolosa… eta urte batzuk geroago profesionaletan Retegiren aurka jokatzea, haurra nintzela berarekin aldageletan egon eta 20 urterekin haren aurka jokatzea, oso gauza polita izan zen. Astegunetan ere, Berrizko frontoian egunero hiru-lau orduz aritzen ginen. Aitari zor diot dena pilota munduan, nahiz eta nik inoiz ez nuen buruan izan profesional izatea; pilota gustatzen zitzaidan, frontoira joaten nintzen disfrutatzera eta azkenean profesionaletara iritsi naiz.

Berrizko pilota-eskolan hasi zinen, eta handik Mañariakora, 11-12 urterekin.

Osabak Berrizko klubetik bota ninduen, Bilbon txapelketa bat jokatu nuelako Apatamonasterioko Jaiorekin. Etxera joan nintzen negarrez eta aitari esan nion gehiago ez nuela jokatuko Berrizko frontoian. Mañarira aldatu eta han oso ondo portatu ziren nirekin, sei-zazpi urte egin nituen, eta gero afizionatu mailan hasi nintzen.

Eta Espainian partidu ugari jokatu zenituen afizionatutan. Bada euskal pilotarekiko afiziorik Espainia aldean?
Bai, bada. 16 eta 20 urteen artean Salamanca, Burgos, Segovia aldean partidu asko jokatu nituen, ekainetik irailera 15-20 partidu hilean eta jokatzea da pilotan ikasteko inportanteena; frontoi txikiak dira hangoak eta oso ondo etorri zitzaidan ikasteko.

Asegarcerekin kontratua etorri zen ondoren, profesional mailan debuta eta berehalako arrakasta. Arriskutsua al da bat-bateko ospea?

Debutatu eta bosgarren partidua jada Ruben Belokirekin jokatu nuen, hortik aurrera partidu estelarrak jokatzen hasi nintzen, pilotari handiekin (Unanue, Alustiza, Jokin Etxaniz, Nagore, Retegi…) eta egia esan 20 urterekin debutatu eta hain azkar hain goian egotea… Askotan ez dakizu non zauden ere, hodei batean zaude, eta profesionaletan sartzen dira fama, telebista… Gazte batentzat ez da erraza hori guztia eramatea. Nik uste ez nuela hain txarto eraman, nahiz eta profesionalak zaindu egin behar duen topera eta garai batean igual dezente ateratzen nintzen, ez nituen gauzak behar bezala egin, gaztea nintzen eta lagunekin irtetea gustatzen zitzaidan.

Parranda zalea izatea leporatzen zizuten zaletuek?

Nik uste baietz. Jendeak kritikatzen ninduen eta egia esan irteten nintzen, baina inoiz ez naiz izan hain golfoa ere. Depresioan erori eta hiru urtetan ez dut uste gau bakar batean atera nintzenik, ez nuen alkohol tantarik probatu, eta halere jendeak berba asko egiten zuen nigatik, gauza batzuetan asmatuko zuten eta beste batzuetan ez, kirolariak gara eta erakustokian gaude, baina azkenean gura dudan jendea eta maite dudana daukat ondoan eta beste askok esaten duenari ez diot kasurik egiten.

Depresioa aipatu duzu. Lau urte eman zenituen aparretan, 2003an aitaren ezusteko heriotzak gogor jo zintuen arte.

Behera etorri nintzen guztiz eta bizpahiru urte txar pasa nituen. Antsietate krisia jasan, depresioan sartu eta psikiatra eta psikologo artean igaro nituen urte haiek, Bilbon, osaba-izeben etxean bizitzen. Momentu zailak izan ziren, medikamentu asko hartzen nuen eta pilotan horrela jokatzea ezinezkoa zen. Aurretik ez nuen inoiz halako botikarik hartu eta ez nekien nolako eragina zuten, baina antidepresiboa eta hiruzpalau lasaigarri hartuta gorputza nahiko hila geratzen zen eta txispa barik ateratzen nintzen frontoira, ia gogo barik.

Pasa zitzaizun burutik pilota behin betiko uztea?

Bai, momentu askotan. Frontoira ateratzen nintzen eta ez nintzen gustura jokatzen ari, nire partiduak ez ziren batere onak, entrenatu ere ez nintzen asko entrenatzen, gogorik ere ez nuelako. Horrela jokatzeko eta sufritzen egoteko, hobe da uztea, pentsatzen nuen, baina momentu gogorretan ere jarraitzea erabaki nuen, enpresak asteburutan partidu bat jartzen zidan eta nolabait ihesbidea zen niretzat, nahiz eta sufritzen egon.

Noiz eta nola lortu zenuen “hona arte” esatea?

Beti izan dut babesa, familiarena, gainean egon zen lagun on batena… eta nik nire aldetik ipinitakoa ere inportantea izan da, baxu egon naizenean fuertea izan naiz eta aurrera egin dut. Zaila egin zitzaidan hortik irtetea, baina medikamentuak utzi eta sakrifizio eta entrenamendu askorekin, lehenengo mailara bueltatzea lortu nuen. Lortu nuen gauzak beste modu batera ikustea.

Bilbon igaro zenituen urte haiek. Berrizen eta Durangon ere bizi izan zara. Zer nahiago duzu, hiria ala herria?

Bizitzeko herria nahiago, lasaiagoa da. Bilbon oso ondo pasa nuen, baina herrian oso gustura bizi izan naiz beti. Mendia ere herritik gertuago dago, eta oso gustura sentitzen naiz mendian. Orain Durangon bizi naiz, amarekin, baina amak Berrizen taberna dauka eta bazkaltzera hona etortzen naiz, denbora nahiko pasatzen dut hemen jaioterrian.

Josetxo Areitio duzu botilero. Zer bilatzen duzu botileroarengan, pilotaz asko dakien norbait ala lagun bat?

Josetxok zazpi-zortzi urte daramatza nirekin, oso laguna dut eta berak ezagutzen nau ondoen, egunero gaude elkarrekin. Haren “errua” da orain nagoen tokian egotea eta asko eskertu behar diot, asko lagundu dit entrenatzen, momentu txarretan asko hitz egin dut berarekin… Futboletik dator eta nirekin hasi zenean pilotaz ez zekien ezer, eta asko ikasi duen arren nik botilero nahi dut ez pilotaz dakienagatik, baizik eta pertsona moduan ezagutzen nauelako eta bere aholku eta animoak oso baliagarriak zaizkidalako.

Hark esana da Panpi Ladutxe bezalakoa zarela frontoian, baina bertsio hobetua.

Panpi Ladutxe bakarra dago, ikusi dudan pilotaririk artistena izan da eta eskertzekoak dira Josetxoren hitzak, baina bakoitzak bere izaera eta jokoa du.

Iazko Lau T’erdikoan hirugarren geratu zinen eta aurtengo Binakakoan fin zabiltza. Zein txapelketa duzu gustukoen?

Binakakoa da orain arte gehien gustatu zaidana, baina pasa den urtean Lau T’erdian asko disfrutatu nuen, momentu onean harrapatu ninduen, ikusi nuen hor goian egoteko aukera badaukadala, eta orain esango nuke biak ditudala gustuko. Buruz burukoa ez dut jokatuko, hor ez naizelako gustura aritzen, pilotari handiak daude eta euren kontra ezin dut jokatu buruz buru, jakin behar da non zauden, errealista izan behar da eta nik uste egokiagoa dudala ondo prestatzea Lau T’erdikoa eta Binakakoa, ondo moldatzen naizelako horietan.

Bikotekidearekin moldatzea beti ez da erraza. Partidu ona jokatzen ari bazara eta atzelariak huts asko egiten badu, zer egin ez amorratzeko?

Ruben Belokirekin partidu txar asko egin ditut nik eta bera maisua izan da hori nola gobernatu ikasteko; orain gazte askorekin jokatzen dut eta pilotak galtzen badituzte ez diet inoiz ezer txarrik esaten, animatu egiten ditut. Momentu horietatik denak pasatu gara, denok galtzen ditugu pilotak, eta animatzea eta aurrera segitzea da egin beharrekoa.

Azken txapelketan bikotekide izan duzun Jon Ander Albisu animatzea egokitu zaizu adibidez?

Pasa den urtean ere berarekin jokatu nuen, beti animatu izan dut eta aurten ere, momentu txarretan, hor egon naiz. Kritika asko jaso ditu eta ez dut uste hainbestekoak merezi zituenik, pilotari handia da eta momentu txarrak denek ditugu.

Beteranoenetakoa zara eta une gozoa bizi duzu, teknikoki indartsu.

Oso gustura. Azken sei-zazpi urteak pilotako politenak izan dira, asko disfrutatu dut eta momentu onean aurkitzen naiz bai, gauzak ondo egiten eta oso kontent. Topera nabil entrenatzen, astean zehar egunero, azken finean hori da nire lana eta gauzak ondo irteten ari dira, baina atzetik lana dago.

Noizko pilotari txapeldun bizkaitar bat?

Lau T’erdikoan atarian geratu nintzen, baina oso zaila da. Mikel Urrutikoetxearengan dauzkat esperantzak jarriak, txapelduna izateko dena dauka. Oraindik 23 urte ditu eta nik uste hemendik hiruzpalau urtera aukera guztiak izango dituela buruz buruko txapela Bizkaira ekartzeko.

Tentsio handiko txapelketa izan da Binakakoa. Batetik, beti zaudete bueltaka piloten aferarekin, biziegiak ote diren ala ez. Irizpideak mugatuko zenituzke ala libre utziko zenuke aukeraketa?

Ez dut uste egungo sistema gaizki dagoenik, beti egon dira tirabirak horren inguruan eta morboa ematen dio pilotari, horrela jarraitu behar dela uste dut.

Bestetik, giro gaiztotua sumatu da, Titinen hainbat adierazpen tarteko. Ba al daude ezinikusiak pilotarien artean?

Ez, ondo eramaten gara denak eta Titinena partiduko berotasuna da, edozeini gertatu ahal zaio eta ez zaio buelta askorik eman behar.

Enpresen aurka egin zituen adierazpenekin ados zaude? Interesengatik mugitzen dira enpresak, piloten aukeraketan adibidez pilotari batzuk lagunduz eta besteak ez?

Tira, beroan esandakoak dira, baina ez dut uste enpresek batzuen edo besteen alde egiten dutenik, partidu horretan Bengoetxeak eta Beroizek merezimendu osoz irabazi zuten eta pilotek ez zuten errua, ezta enpresek ere. Partidua jokatu, irabazi eta kito, hori da egin beharrekoa.

Zuk zure enpresarekin, Asegarcerekin, kontratua luzatu berri duzu.

Pilotan oso momentu txarrak izan ditut eta Asegarce oso ondo portatu da nirekin, bai Salva Bergara, bai Iñigo Zalbidea, Iñaki Gurrutxaga… 35 urterekin hiru urterako kontratua sinatzeak esan nahi du nigan konfiantza dutela eta inportantea da hori. Orain niri dagokit lana egitea eta erakustea, ea goi mailan mantentzen naizen.

Etorkizunean haurrak entrenatzea gustatuko litzaizukeela esan izan duzu, nola ikusten duzu pilota-eskolen lana?

Mutikoek orain ez dute ordu askorik sartzen frontoian, pare bat edo hiru astean baino ez, eta nik adibidez egunean hiruzpalau sartzen nituen, 6 urteetatik hasita. Astean frontoian hain ordu gutxi sartuta oso zaila da pilotari ateratzea eta nik uste Bizkaiko Federazioaren aldetik gauzak hobeto egin daitezkeela, pilota txikitatik bultzatzea komeni da: ez da zentratu behar 16-17 urteko pilotarietan, behean egin behar da lana, 6-7-8 urtekoekin, eta hor ez da nahikoa lan egiten. Emaitza ikusten da gero, Bizkaian oso pilotari gutxi irteten baita. Bizkaia osotik ibiliko diren monitoreak ipini beharko lituzke Federazioak, eta mutiko gazteekin ordu asko sartu.

Zergatik ez dago neskarik eskuz jokatzen?

Ez dakit. Duela urte asko Berrizen ibiltzen ginenean neska batzuk ere aritzen ziren, sei bat neska denera, tartean nire arreba, eta oso ondo moldatzen ziren. Nesketako batek gure aurka jokatzen zuen eta irabazi egiten gintuen, baina orain eskua baino zabalduago dago pala nesken artean, ea afizioa handitzen den.

Berasaluze VIII.a izatetik Berasaluze II.a izatera igaro zara, aitaren omenez. Hala ere, jendeak Pablito deituko dizu aurrerantzean ere?

Tira, beti izan naiz Pablito, debutatu nuenetik, beste batzuentzat Pablo, biak ditut gustuko, ez zait inporta. Berasaluze II.a jartzea aitari zor nion, aspalditik neukan buruan eta azkenetakoa izango den kontratua momentu aproposa zela erabaki nuen, aitaren izenarekin jokatu nahi ditut azken urte hauek.

Nortasun agiria

Pablo Berasaluze Zabala, 1977ko irailean Berrizen jaioa. Durangon bizi da egun. Asegarceko bere fitxak dio 1,74 metroko altuera eta 79 kilo dituela. Bergarako frontoian debutatu zuen profesionaletan, 1998ko otsailean, eta urtebetera txapeldunorde izan zen Binakako Txapelketan. Aurrelari bizkaitarrak gantxoz gozatzen du gehien, teknika baita bere arma nagusia.

Azken hitza
Inspirazioa

“Batzuetan nahi duzu eta ez duzu zure burua aurkitzen frontoian, partiduaren eta momentu pertsonalaren arabera, egun horretan gorputza zein baldintzetan dagoen… Ni beti topera ateratzen naiz, ahal dudan guztia ematera, eta batzuetan gauzak ondo ateratzen dira eta bestetan ez”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Naroa Iturain, pilota epailea
"Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako"

Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]


Eguneraketa berriak daude