25 urte muinoa zaintzen

  • 1988ko erditze hark zeresan handia emango zuen eremua eskaini zion Gasteizi. Paretik kentzeko saiakerak gaindituz, autogestioan eta asanblearismoan oinarritutako proiektua aurrera ateratzea lortu dute gazteek. Aurten, sasoirik onenean ospatuko du mende laurdena Gasteizko gaztetxeak.

Gasteizko gaztetxea

Gaztetxearen gurasoak 1986an elkartu ziren. Hamarkada horretako eszenatoki latzean polizia eta drogak ziren antzezle nagusiak, eta gidoia aldatzeko asmoz Zapa kultur elkartea sortu zuen hiriko gazte talde batek. Ekintza kulturalak antolatzen zituzten bitartean, orduko arazoetan arreta jarri zuten. Hausnarketa lan horren ondorioa izan zen gune propioa behar zutela. 1988ko apirilaren 28an, arabarren zaindaria den Prudentzio Deunaren egunean, 300 bat gazte San Frantzisko Aldaparen goialdean dagoen Faroloiaren aurrean bildu eta apezpikuaren lorazainaren etxea zenerantz abiatu ziren manifestazioan. Atea ostikoz bota eta hirira irekita gelditu zen eraikina, betiko.

Krisiaren aurrean, jaia

25 urte pasa dira ordutik, gorabehera handiko urteak. Horietako hamar eman ditu Iñaki Goñik gaztetxearen funtzionamenduaz arduratzen den gazte asanbladan. Etxearen urtemuga erabili du aitzakiatzat belaunaldi berriei lekukoa pasatzeko. Ordezkorik ez da falta, zorionez.

Gazte asanblada astelehenero biltzen da eta eredu horren baitan hartzen dira erabaki guztiak. Hainbat lantaldetan antolatuta dago, materiala kanpora eraman eta kanpotik ekartzeko, propaganda egiteko, tabernaz arduratzeko edo ekonomia kudeatzeko. Kultur taldea, agenda lotzeaz arduratzen dena, aseta dago. Gaztetxeak festak antolatzeko aukera eskaintzen die kolektiboei, euren proiektuetarako dirua lortzearren. Murrizketak aurrekontu guztietan antzematen ari diren garai hauetan, irtenbide egokia da hau, eta iaz adibidez 50 festa baino gehiago egin zituzten.

Iñaki Goñiren ustez, “jende gehienak asteburuko aisialdiarekin lotzen du gaztetxea”. Horregatik, ekintzarik ezagunena kontzertuak dira, baina egunero irekitzen da gaztetxea, eta astean zehar hitzaldiak eta tailerrak daude. Doakoak dira tailer guztiak eta horietako batzuk asanbladatik sortu dira, euskara tailerrak adibidez, gehienbat unibertsitateko ikasle atzerritarrei zuzenduak. Tailerren bat martxan jarri nahi duen edonork ateak zabalik ditu. Autodefentsa klaseak, esaterako, egun batean gaztetxearen atea jo zuen australiar batek ematen ditu. Eta eskulan tailerra espontaneoki abiatu zen: esparru horri buruz ikasteko gura zuen talde bat elkartzen hasi zen, eta geroz eta jende gehiago batu zaie.

Muinoko etxeak duen ekimenik interesgarrienetakoa Tutti Free izenekoa da. Bertan biltzen dira jendeak eramandako objketuak (arropa, batez ere), jabe berri baten zain. Ez da trukea, berez. Edonork nahi duena hartu edota utz dezake. Zerbitzu hau ostegun, ostiral eta larunbatetan dago zabalik, arratsaldez.

Hasiera zaila

Orain natural funtzionatzen duen hau aurrera ateratzea ez zen batere erraza izan. 1980ko hamarkadan, okupazio mugimendua oso garatuta zegoen Europan, baina ez hainbeste frankismoaren errepresio girotik esnatu berria zen Espainiako Estatuan. Gainera, Europatik zetorren eredua bizileku izatera bideratutako okupazioa zen.

Barne arazoak ere ezagutu ditu gaztetxeko asanbladak. “Horrelako mugimendu irekia antolatzen duzunean, badakizu zer ez duzun aurkituko”, azaldu du Goñik, “baina, hala ere, oso ikuspuntu ezberdinak daude”. Aniztasun horrek tirabirak sortu zituen etxearen plantamendua definitzerakoan: praktikoek lan intelektualaren alde egiten zuten, teorikoek aldiz, eskulana bultzatzea nahiago zuten. Azkenean, eztabaida eta elkarrizketa izan dira gakoa, gai zehatzen inguruan sortutako iritzi kontrajarriak adosteko.

Hirian errotutako proiektua

Gasteizko Udalak esparru sozio-kulturalean du eskaintzarik onenetarikoa, Gizarte Etxeen bidez. Kirola, kultura, aisia eta herritarrentzako arreta zerbitzuak biltzen dituzten zentroen sare hau Jose Angel Cuerda alkatearen garaian hasi zen garatzen. Lehenengo Gizarte Etxea 1985an zabaldu zen, gaztetxea okupatu baino hiru urte lehenago. Gaur egun, mota horretako hamabi zentro daude Arabako hiriburuan, eta beste bi abian dira. Hala ere, gaztetxean ez dute konpetentziari buruz hitz egiteko arrazoirik ikusten, bien planteamenduak guztiz ezberdinak direlakoan: “Gizarte Etxeak oso instituzionalizatuta daude, formalagoak dira. Gaztetxean giro lasaiagoa dago, eta filosofia parte-hartzaileagoa da”.

Bi proiektuen osagarritasunaren erakusgarri da bai bata eta bai bestearen erabilera gora doala etengabe. Are gehiago, Goñik bien arteko alderaketa erabiltzen du gaztetxearen garapena deskribatzeko: “Lehen jende gutxiago hurbiltzen zen, ezezagunagoa zelako. Orain, gaztetxea kentzea, Iparralde Gizarte Etxea kentzea bezala izango litzateke”. Gaztetxearen irudia oso errotuta dago hirian, bai proiektu bezala, bai sinbolo gisa. Eta badirudi ofizialtasunetik at dauden proiektu hauen indartzea dela joera: “Azken urteotan kristoren gorakada nabaritu dugu. Izan daiteke krisia edo izan daiteke jendea egoerarekin nazkatuta dagoela eta alternatibak bilatzen hasi dela”.

Oztopoak gainditzen

Gaztetxea eraistearen mamua hasieratik egon da eraikinaren inguruan. Okupazioaren momentuan Gasteizko alkateordea zen Maria Jesus Aguirreri egozten zaio esaldi hau: “Hondeamakinak etortzerakoan alde egin beharko dute”. Gaztetxea botatzeko mehatxua hasieratik egon bada ere, eta zenbait ideia proposatu izan badira ere, ez da inoiz proiektu argirik zehaztu. Eraikinaren kontra sutsuen agertu zena Alfonso Alonso izan zen. Egun Kongresuan Alderdi Popularraren bozeramailea dena, Gasteizko alkatea izan zen 1999 eta 2007 urteen artean. Gaztetxeari buruz esandako “gustatzen ez zaidalako botako dut” opari ederra izan zen gazte mugimenduarentzat.

Alonsok izan zuen burutapenik sonatuena bosgarren dorrea eraikitzea izan zen. Gasteizko skylinea ezaguna da bertan bereizten diren lau dorreengatik: Santa Maria Katedralarena, eta San Miguel, San Pedro eta San Bizente elizenak. PPko alkateak beste bat marraztu nahi zuen, non eta apezpikuaren lorezainaren etxea izandakoaren tokian. “Alonsorena garairik txarrena izan zen –dio Goñik–, baina baita lan gehien egin genuen garaia ere, sozializazio lana, batez ere”. Eraso horien aurrean, basoetako iratxoak jaitsi ziren gaztetxea defendatzera. Kanpaina hori eta haren harira antolatu zen manifestaldia 80 kolektibok baino gehiagok babestu zuten.

Hala Bedi irrati libreak gaztetxearekin batera garatu du bere ibilbidea. Gasteizko alde zaharreko bi auzokide hauek elkarrekin ospatu zituzten urteurrenak (irratiak 25 urte, gaztetxeak 20) 2008ko urrian, “Piztu Gasteiz!” lelopean. Hiru urte lehenago, Gazte Eguna egin zen eta bi ospakizunetan milaka lagunek hartu zuten parte, gaztetxearen hormak zutabe sendoetan bermatuta daudela erakutsiz. Goñik adierazi moduan, “eraikina botatzen badute, honek guztiak haien kontra egingo du”. Hala ere, ez dirudi horrelakorik gerta daitekeenik etorkizun hurbilean: “Udalarekin ez daukagu harremanik, eta hori ona da”. 2011 urtean Bilboko Kukutza bota zutenean, Javier Maroto Gasteizko alkateak argi utzi zuen bere udal taldeak ez duela gaztetxearekin arazorik nahi. “Dena dagoen moduan geratuko da”, esan zuen.

Beraz, momentuz bere kokaleku pribilegiatuan jarraituko du, hiriaren erdigunean. Ez dauka etxebizitzarik inguruan eta zaratekin zerikusia duten ordutegiak (batez ere kontzertuenak) auzokideekin adostuta dituzte; bizikidetza ona izan da beti. Etorkizuna eraikitzeko Gasteizko gaztetxeak zabalik ditu ateak eta eraikinaren giltzak gazteek izateaz gain, eurak dira giltza.

Ekintzaz jositako hilabetea

25. urteurrena ospatzeko, Gasteizko gaztetxeak aurpegia garbitu du. Tabernako zoruari baldosak jarri dizkiote eta eszenatokia berritu dute. 1988ko apirilaren 28an apezpikuaren lorezainaren etxeraino egin zen manifestaldia omentzea aukeratu zuen gazte asanbladak ekintzez josi duten hilabete honi hasiera emateko. 6an Faroloiaren aurrean elkartu eta Aiztogile kalean zehar ibili zen kalejira. Hilaren 27ra arte, ekintzak daude programatuta ia egunero. Kontzertuak, mahai-inguruak, hitzaldiak, bertso saioak eta barreterapiaren gisako tailerrak, besteak beste. Burokrazia dela-eta, kalean ekitaldiak antolatzea zaila bazaie ere, bi ekintza antolatu dira gaztetxearen alboan dagoen Etxauri plazan: afrikar tailerrekin girotuko den haurren eguna eta bazkari herrikoia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazte mugimendua
Zestoako gaztetxea husteko agindua eman du epaileak

Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte. Gaztetxearen defentsan mobilizatzera deitu dute igandean, otsailak 4, Zestoako plazatik.

 


Bi gazte epaitu dituzte asteazkenean Zestoako gaztetxearen okupazioagatik

Zestoako Elizondo eraikina gaztetxe berri gisa okupatu zuen Gazte Asanbladak. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta gotzaindegiak gaztetxearen aurkako prozedura abian du. Protesta ekintzak nagusitu dira azken asteetan, igandean Zestoako elizan, esaterako. Zestoako Udalak adierazi... [+]


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


Zarauzko gaztetxean lapurreta egin dutela salatu dute

Kontzertuetarako materiala eta baliozko tresnak eraman dituzte.


Eguneraketa berriak daude