Piztu Ezazu Argia 970x90

 Pertsonaia 

Pierre Rabhi

"Gaur egun, 'on egin' ez, 'zorte on' esan behar da"

 “Xorieri mintzo zen, mintzo zen haizeari...”

Sustrai Colina

2363. alea
2013-03-31
alde 29    kontra 0
(Dani Blanco)
Politika “Ez dut politikan sinesten, ez egun egiten den moduan behintzat. Ez dator errealitatearekin bat. Horrexegatik nabil etengabe kanpainan. Politikarena ere baden diskurtso arrazionala erabili behar dugu sistema biluztu, desegituratu eta politikaren aurka bihurtzeko”
Komunitatea “Jendeak bildu behar du, elkar lagundu, eta bere oinarrizko behar-izan oro asetzeko komunitateak sortu. Nik zuk egiten ez dakizuna egingo dut eta zuk nik egiten ez dakidana. Soldataren arabera funtzionatu beharrean, zergatik ez mugitu elkartasunaren baitan? Solidarioak bagara biziko gara. Bestela, hilda gaude”

1968a baino lehen hasi zenuen zure iraultza Parisen.

1950eko hamarkada amaieran hartu nuen lur Parisen, Algeriako gerra giroan. Bizirauteko lan bat kausitu behar eta Someca enpresan eskaini zidaten postua, sistemarentzat baliozkoa izateko gaitasunik ez nuen arren. Filosofoekin asko ibilia nintzen ordurako, baina hori ez zitzaion piperrik ardura nire nagusiari. Garai hartan, langileriaren mikrokosmosa antropologiatik aztertzen nuen etengabe: etxetik lanera metro eta autobusean, lan-eguna, lanetik etxera metro eta autobusean, asteburua arnasa hartzeko, eta berriz haste... Gainera, enpresaren goialdean bulegoak zeuden enkargatu zein nagusiekin, eta behealdean ni bezalako langileak. Lan mundua arras piramidala da, desberdintasun sozialak azpimarratzen dituen graduazio sistema oso bat dago bakoitzaren gaitasunari lotua. Hierarkizazio horrek eredu osoa gizakiaren selektibitatearen baitan egituratuta zegoela ulertarazi zidan, eta hautaketa ez zela gizakiaren barne baloreen araberakoa, bakoitzak sistemari eskaintzen ahal zionaren neurrikoa baizik. Hori gutxi ez, eta preso nintzen, gatibu. Sistema horretan gehiegi engaiatzea soldatapeko esklabutzan parte hartzea zen. Soldata ematen zidaten, libre nintzela esan, baina funtsean ez zen egia. Filosofikoki eta humanoki ezin nuen halako existentziara makurtu.   

Hiritik landa eremura aldatzea erabaki zenuen, jende samaldak alderantzizko bidaia egiten zuenean.

1960-1961ean iritsi ginen Ardèche-ra laborantzan plantatzeko asmoz, baina nekazaritzari buruzko ideia zipitzik gabe. Bertako eskola batean teoria ikasi, inguruko baserrietan morroi aritu, eta harrituta geratu nintzen zenbat produktu kimiko erabiltzen zen ikusita. Fite ohartu nintzen bateraezintasun itzela zegoela bizitza eta bizi ahal izateko eskutan geneuzkan pozoien artean. Jaten eman behar zigun lurra erasaten ari ginen, ingurumena kutsatzen, edaten genuen ura pozoituz gure biziraupenerako ezinbestekoa mailatzen. Parisen soldatatxo baten truke bizitza osoa alienatzeari uko egin ostean uko egin nion sistema horri ere, eta laborantza biologikoari heldu. Horretarako, lurrak eta eremu bat behar nituen alta, eta garai hartan ez neukan txakur txikirik. “Zer arraio zabiltzate hemen? Hemengoak egin du! Itzuli hirira!” harritzen zitzaizkigun bizilagunak, eta Crédit Agricol-era mailegu eske joandakoan “ez diezuegu suizidatzen lagundu nahi” eman ziguten arrapostu. Orain gauden paradisu zati hau deskubritu, txunditu, eta nolabait aurrera egitea lortu genuen,ordea. Hamahiru urtez egon gara argindarrik gabe, zazpi urtez oso ur gutxirekin, lurra harriz beterik zegoen, oraintsu arte hemendik herrirako bidea ez zegoen asfaltatuta eta euri-egunetan ezin zen erabili... Baina guk ez genuen laborantza egiteko soilik instalatu nahi, naturaz profitatu nahi genuen. Hemen paisaiari so hasi eta naturak gaina hartzen dizu, sentiberatasuna arnasten da, zoragarria da. Gauden tokitik hamazazpi kanpandorre ikusten dira, isiltasuna itzela da, airea puru-purua... Zergatik ez dira balore horiek kontutan hartzen gaurko jendartean?

Zergatik?

Edertasuna ez zaigulako piperrik axola! Guztiz zatarrak diren etxeak eraikitzen ditugu, paisaiak desitxuratzen, arimarik gabeko gauzak gurtzen... Egungo etxeek ez daukate arimarik, bizi-kutxak dira. Gu naturaren arimaren bila genbiltzan. Gure seme-alabei ez zaie ezinbesteko deus falta izan, baina xumetasunaren aukera egin genuen. Ahuntzak genituen gasna egiteko, arbolak landatu nituen, baratzea landu, euri-ura berrerabiltzeko sistema bat fabrikatu... Aldi berean, abentura fisiko, estetiko eta espirituala izan da gurea. Kontua ez zen etxalde bat atzeman, lan egin eta sosa irabaztea, bizitzaren lege eta indarrengan berrintegratzea baizik. Izan ere, laborantza biologiko eta biodinamikoak bizitzara birkonektatzen gaituzte. Ez dut konprenitzen jendeak nola onartzen duen hiri handietako konfinamendu urbanoa. Naturarengandik geroz eta urrutiago gaude. Hiritarrek ez dakite deus naturaz. Bakantzetan naturara doaz haurrak jolas-ordura ateratzen diren gisan. Gehienentzat natura ez da bizitza zor diogun leku bizi bat, eguneroko jana ematen duena, giza-harremanak bultzatzen dituena. Ez, neguan eskiatzeko eta udan eguzkia hartzeko gunea da.

Halaxe gabiltza gero, zer jaten dugun ez dakigula.

Sistemak gizakia alienatu du. Kapitalismo internazionalak gizateria erabat bahituta dauka. Janaria ekoizteko landa-eremuak akuilatzea baino, jendeak nahiago du jakiak hara eta hona bidaiaraztea. Karroa bultzatzen duen jende masan inork ez daki nondik datorren ogia, nondik jantziak. Dena da anonimoa, eta azkenerako, sistemak emango dio jaten, sistemak jantziko du... Sistemak gizakia bahitzen du. Filosofikoki betitik errefusatu dut hori. Autonomia eraiki behar dugu, independentzia, ezin gara sistema baten menpe bizi, zeresanik ez sistema horrek etekina baizik ez badu helburu. Distribuzio handiari ez zaio baso honen balioa interesatzen, bere etekina baizik. Hala, dirua duenak dirua kolokatzen du, mozkinak biderkatzen dira, eta jende bat lo eginez aberasten da! Horrek pertsonaren benetako lana bigarren mailako bihurtzen du, eta horri ekonomia deitzen zaio, baina funtsean ekonomia naturak irakatsi diguna da: deus ez da sortzen, deus ez da galtzen, dena transformatzen da. Alabaina, gure planeta desertu zabaleko oasi edertzat izan beharrean, azken arraineraino, azken zuhaitzeraino, ustiatu beharreko baliabide putzutzat daukagu. Pentsa, diruaren aitzakian gizateriari ondasun kolektiboa legalki kentzen dion kasta bat sortu dugu! Nik hori ezin dut onartu.

Alienazio horretan, nola sinetsi dugu kontsumoan datzala zoriona?

Zoriona ez da erosten. Adiskide enpresari askok esaten didate “nire enpresak ongi doaz, baina ni ez”. Saiatu zaitezke zorion-eza auto garestiak eta itsasertzeko txaletak erosiz konpentsatzen, baina zoriontsu ez dena nonahi izango da malerus. Libertimenduak libertimendu, gizateria modernoa ez da zoriontsua. Ikusi besterik ez dago antsiolitiko kontsumoa, jendeak bizi duen drama salatzen du. Kontrara, Afrikara noanean jende zoriontsua ikusten dut: ez dakite bihar ogirik ukanen duten baina irribarre egiten dute. Nola azaldu oparotasunean bizi diren populuak zoriontsu ez izatea eta xumetasunean bizi direnak bai? Erantzunak gizakiarekin lotura zuzena du. Denok dakigu hiltzera kondenatuta gaudela, baina heriotzaren beldur horrek gure bizimodua pozoitzen du, eta beldur garenez ziurtasuna dugu xede. Dirua pilatzeak edo bortitza izanez bestea menpean hartzeak ziurtasuna ekarriko digutelakoan gaude, baina ez da hala. Hiltzeko beldur garelako dauzkagu hainbeste arma, bakoitzak egia berea dela dioten hainbeste erlijio, eta gatazkatik gatazkarako eskizofrenia tragiko batetik ezin askaturik gabiltza.

Horregatik da hazkundea arazoa eta ez soluzioa?


Hazkunde ekonomikoak beti gehiago behar izatera darama. Gauzak zer diren, Mendebaldeak, Europak, ideologia bat sortu du eta bera izan da pentsamolde horren lehen biktima. Behiala, ez ziren denetan berdin beztitzen, etxeen arkitekturak desberdinak ziren, bakoitzak zituen bere usadioak, bakoitzak bere hizkuntza... Aniztasun itzela zegoen Europan, baina egun, Europa estandar bat daukagu planeta osora esportatzen ari den jendarte eredu asegaitz eta bulimiko batekin. Alabaina, non ditugu baliabideak? Mundu guztiak europar arrunt batek adina kontsumituko balu planetak ezingo luke erantzun. Zibilizazio xahutzaile baten parte gara, ez dakigu behar-izan sinpleak aseta askiesten. Gizateriarentzat ezinbestekoa bakoitzak bere gosea berdintzeko lain izatea da, teilatu bat ukaitea, gaixotuz gero sendatzeko aukera... Baina kontuak ateratzen hasi eta lekutan gaude! Hori da hazkundearen baitan dagoena. Horregatik, hazkunde ekonomikoa arazo bat da niretzat. Ez bagaude sekula satisfos, nola egongo da zoriona? Etengabe ari dira gure asegaiztasuna akuilatzen, eta horixe bera bihurtu dute pseudo-ekonomia honen motor. Euren behar-izanei inolako mugarik jartzen ez dieten norbanakoek akuilatzen dute sistema. Hori hala, jendea gosez hiltzen denez ezinbestekoa ez dago konponduta, baina bitartean gainkontsumoak ez dauka mugarik. Gure behar-izanak determinatuta daude, baina gure baitan indar sinboliko handia duenarekiko apetituak ez du limiterik. Horrek ez du zentzurik. Xumetasun zoriontsua behar dugu. Sinpletasunean baino zorion handiagoa ez dago inon. Kontentatu gaitezen daukagunarekin, izan gaitezen zoriontsu daukagunarekin. Zergatik egin hainbeste lan? Behar ez ditugunak erosi ahal izateko? Zoritxarrez, ordea, gizakiak fantasia asko txertatu ditu berez aski sinplea den errealitatean.   

Gure errealitatea elikagai eskasiaren atarian egotea dela diozu zuk.

Gizateriari biziraupena bermatu dioten parametroak aztertzen ditudanean, dena gainbehera doala ohartzen naiz. Laboraria txikitu dugu nekazal ustiatzaileen eta lurraren industriaren mesedetan. Elikatzeko beharrarekin zerikusia duen oro bereganatu eta suntsitzen ari da sistema. Lehen oilaskoak baserrian hazten genituen, orain fabriketan! Gauza bera txerriekin. Gero harritzen gara idikiaren partez zaldikia sartzen digutelako. Nik ez dut konprenitzen nola uzten dugun hori fabriken esku. Hiri ondoko landa-guneetan aski jende legoke hiriek behar dutena ekoizteko, baina horretarako politika zehatzak behar dira. Aitzitik ez, nahiago dugu etxetik 100 metrora egin dezakeguna, etxetik milaka kilometrora bila joan. Erabat absurdua da, eta gutxi balitz, gizaki eta ingurumenarentzat toxikoa. Nola nahi duzu gu osasuntsu egotea etengabe lurrak hiltzen, ura kutsatzen, eta airea kutsatzen ari bagara? Gaur egun, “on egin!” ez, “zorte on!” esan behar da! Izugarria da, erabateko ilunaldi estrategikoan gaude. Delibero egokiak hartzen ez dituzten politikari ezjakinak eta gizateria manipulatua dauzkagu. Hala, elikagai eskasia noiznahi etor liteke, ez dagoelako bere autonomia alimentarioa bermatuta daukan populurik. Esaterako, Aljerian, nire jatorrizko herrian, seko pitzatuta daude. Ura, lurra eta eguzkia dauzkate, denetik ekoiztu daiteke bertan, eta hala ere %82a inportatzen dute! Alternatibak badaude, baina ez da egia alternatibak egote hutsagatik jendartea aldatuko denik. Jendartea aldatzeko gizakia aldatu behar da, eta hezkuntzatik ekin behar zaio gizakia aldatzeari. Lehia eta nagusikeria bultzatu beharrean, zergatik ez zaie haurrei elkartasuna eta auzolana irakasten? Zergatik ez dizkiegu gaitasun praktikoak ematen egun osoa pantaila aurrean izpiritua paralizaturik eta errealitatetik desbideratuta eduki beharrean? Beraien behar-izanei erantzuteko gai izango ez diren belaunaldiak prestatzen ari gara. Are okerragoa, sistema hau elikatzen eta betikotzen duen hezkuntza sistema daukagu.  

Zure ustez humanitatearen zibilizazio ahul eta hauskorrenean bizi garelako, agian?

Egitate bat da. Kendu ezantza, argindarra eta komunikazioa, eta zibilizazioa goitik behera amiltzen da. Apenas geratzen denez landa-eremurik, ez dago errekurtsorik. Hori hala deno, gizateriak asmatu duen zibilizazio hauskorrena izango gara. Erregaiarekiko erabateko menpekotasuna daukagu, horrek petrolioaren zaintzaren inguruko geopolitika determinatzen du, hortik gerrak sortzen dira, eta petrolio eskasia heltzean akabo festa. Horrek indarkeria basatia eta geopolitika hipokrita dakartza. Diktadore baten heriotzaren atzean gehien-gehienetan daude petrolioa, zentral nuklearretarako erregaiak, gasa edo uranioa. Petrolio, argindar, gas eta komunikaziorik ezean haizea hartzera goaz! Bitartean, jabetzen zara Afrikan bizitzen segituko dutela, ez dutelako euren zibilizazioa horren arabera eraiki, naturak emandakoaren arabera baizik. Horregatik itzuli behar dugu naturak emandakora. Natura beti erreproduzitzen da. Denbora eta gari ale bakar bat aski dira gizateria osoa elikatzeko. Ez ahantz bizitzaren potentziala izugarria dela, gizateriaren tontakeria bezainbatekoa.

Nortasun Agiria

Pierre Rabhi, Kenadsa-n (Aljeria) sortua 1938an. Laborari eta filosofo hau laborantza biologikoaren aitzindarietako bat da eta lur bizi batera itzuliz giza-sareak bultzatzen dituen mugimenduko ideologo nagusia. Altermundialismoaren izen garrantzitsu honek NBErentzat misioak egiten ditu munduan borondatezko xumetasuna eta desazkundea aldarrikatuz. Liburu anitzen egile, dokumental askoren protagonista, Frantziako lehendakaritzara aurkeztu zen 2002an, eta bere izena daraman fundazioa sortu zuen 2010ean.

Ederra

 “Politikari ekologistek oso gutxi hitz egiten dute edertasunaz, baina zer arraio, zuhaitz bat ez da egurra bakarrik, ederra ere bada. Ez dira ohartzen mundu zatar batean bizi garela, eta mundu itsusi horrek ez dituela gure barrenak elikatzen. Ni ortuan aritzeak elikatzen nau. Baratzean dabilenak ederki daki ezin direla aldi berean hazia erein eta uzta jaso, pazientzia behar dela, ez dagoela dena zure esku...Irakasle aparta izateaz gain magia hutsa da ortua. Hazitxo bat landatu eta tomate kiloak batu. Ederra. Zergatik ez gara mintzatzen edertasun hortaz?”.


Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2362
 
azala2361

2363 zenbakia.
2013ko martxoaren 31
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys