Net Hurbil 

Mamografiek ona dute asmoa, baina emaitza nolakoa?

Idatzi du Bernard Duperray mediku eta erradiologoak: “Bada hogei urtez goiti bularreko minbiziarentzako mamografia bidezko diagnostiko indibidual eta masiboa dagoela antolatuta, loturik demagogia baizik ez den propagandari, zeinak laudoriatzen baititu etekin onuragarriak eta ezkutatzen eragin kaltegarriak”.

Pello Zubiria Kamino

2363. alea
2013-03-31
alde 5    kontra 1
Online Healthcare Services erakundearen irudian medikua emakumeari azaltzen bere mamografiaren zertzeladak. Pharmacritique gunean Bernard Duperrayk azaldutako kritiken antzekoak zabalduta daude Mendebalde osoan eta gaixotasun askoren prebentzio eta tratamenduez. Hain zuzen “Surmedicalisation, surdiagnostics, surtraitements” gaiak landuko dituzte maiatzaren 3 eta 4an Parisen Bobignyko Medikuntza fakultatean burutuko diren jardunaldiek. Surmedicalisation guneak honela laburbiltzen du afera: “Gaixoen eta, gero eta gehiago, sano daudenen mesederako omen direlako argudioz ezarri dira diagnostikatzeko metodo, tratamendu eta kirurgiak, erantzuten dietenak gaixoen eskariei baina baita galbaheketa programei, hauek lortzen dituzten onurak funtsez demostratu gabe eta sarritan beren arriskuak ondo ebaluatu gabe eta horien informazio guztiak eskaini barik”.

Zilegi ote da auzitan jartzea kantzerra prebenitzeko antolatuta dauden kanpainak? Ez ote da azpilana egitea osasungintza publikoan murrizketak egiten ari diren indar erreakzionarioei? Ez du emango katastrofismo merkeetan dabilenaren itxura? Eztabaidaren garrantziagatik bederen onartuko al zaigu gaian eskua sartzea.

Kontua da Europa osoan, eta berdin Ipar Amerikan, kantzerraren inguruan multinazionalek antolatuta daukaten negozioaren salaketa orokorra gaindituta, mediku eta gaixo talde serio batzuk –minoritarioak, hori bai– ari direla auzitan jartzen minbiziaren prebentzioan urteotan erabiltzen diren teknikak.

Berrikitan Arte telebistan ikusi ahal izan zen Touche pas à ma prostate (Ez ukitu nire prostata) dokumentala, zeinetan klase askotako medikuek eta prostata operatutako gizasemeek hitz egiten zuten kantzer mota horren inguruan antolatuta dagoen industriaz, eta zehazki diagnostiko goiztiarrak eta ondorengo alferrikako terapiek beren ustez dakartzaten kalteez.

Arte-n prostataz entzun zirenak ederki josi litezke ondoko lerrootan aipatuko den beste kantzer motarekin eta horrentzako prebentzio neurriekin, alegia gure ama, emazte eta arrebei egiten zaizkien mamografia bidezko testen inguruko eztabaidarekin.

Medikuntza alopatiko ortodoxoaren barnetik osasungintzaren metodoak begirada kritiko batez aztertzen dituen Pharmacritique gunean gaia laburbildu du Bernard Duperray doktoreak artikulu bikain honetan: “Trente ans de dépistage du cancer de sein: bonne intention et obstination dans l’erreur pour un résultat monstrueux”. Euskaraz emango luke: “Hogeita hamar urte bularreko minbizia galbahetzen: asmo ona eta errorean egoskortzea, azkenik emaitza beldurgarrira iristeko”.

Galbahetzea itzuli dugu dépistage frantsesezkoa, espainolez cribado esaten dutena eta ingelesez screening, katalanez cribatge. Hots, adin tarte jakin bateko emakume guztiak harturik denei froga jakin bat egin, mamografia bana, hasieran egon daitezkeen kantzer txikiak aurkituz gaitzaren garapena prebenitzeko.

Bernard Duperray mediku eta erradiologoa da, senologian ari da 1971tik. 1993an Paris ondoko Oise departamenduan antolatu zenean minbiziaren baheketa egiteko elkartea, bere batzorde zientifikoko presidente izan zen. Aitortzen du gaiaz zalantzak zeuzkala 1980ko hamarkadatik, baina 1995ean berretsi zuela bere begiekin prebentzio sistema honen  porrota.

Urte hartan bertan, 1995ean, dimitituz aurkeztu zuen idatzian garbi esan zuen Duperrayk: “Emakumeek ez daukate gaur egun batere bermerik sistemaren eraginkortasunaz, ez eta ere, okerragoa dena, eragin kaltegarriak mesedeak baino handiagoak ez izatearen bermerik”. Geroztik uko egin dio mamografia orokortuen bidez emakumeen galbahetzeari.

Sobera diagnostikatuak

“Bularreko minbizia –hasten du Pharmacritiqueko artikulua Duperrayk– da gaur egun emakumeen kantzerrik hilgarriena. Ez da ikusten jaitsiera nabarmenik bularreko minbiziagatiko hilkortasunean. Jaitsiera ikusten den lekuetan, berdin aurkitzen da bahetik pasa direnen eta ez diren emakumeen artean”.

Frantzian lau aldiz mamografia gehiago egiten diren arren Ingalaterran baino, Europako hilkortasun tasa txarrenetakoa dauka. Masektomiak –bularra kentzeak– ugaritzen ari dira, neurri handiagoan galbahetik pasatakoen artean.

Frantzian, dio Duperrayk, prebentzio sistema 1987an senologia elkargoak erabakitako printzipioen gainean antolatu zen. Bularreko minbiziaren teoria finkatu zen: zelula kantzerigeno batetik metastasiraino doazen urrats eta epeak.

Honen arabera, zenbat eta beranduago diagnostikatu, orduan eta aukera gutxiago dauzka gaixoak hobera egiteko. Ordura arte klasikoak ziren bi azterlanetan oinarritzen ziren, 1963an New Yorken egindako batean eta 1985ean Suedian egindako beste batean. Bien arabera, mamografia bidez garaiz hautemateagatik kantzerren hilkortasuna %30ean gutxitua omen zen.

“Tamalez –dio Duperrayk– eraikuntza teoriko eder hori guztia erabat gezurrezkoa dela ikusi da”.  Batetik, esperientzia klinikoak gezurtatzen duelako: minbizi txikia ez da beti goiztiarra, txiki segitu dezake luzaz; txikiak ez du esan nahi pronostiko ona daukanik; gaitzaren garapena ez da ez saihestezina, ez denboran zehar lineala.

Gehiengoaren teoriari Duperrayk aurkitzen dion bigarren objekzioa teknikoa da: azterketa kliniko bat gabe sinesgarritasuna galtzen dute mamografiek. Mamografien kalitatea hobetzeko egin dira ahaleginak baina “lesio gehiago aurkitzeko gai garen arren, ez dakigu haien garapenaz gehiago. Ondorioz, zenbat eta efikazagoak [tumoreak] aurkitzen, orduan surdiagnostic [gehiegizko diagnostiko] gehiago sortu dugu. (...) Baldintza hauetan, zenbat eta gehiago hobetu, orduan eta perbersoagoa bilakatzen da galbaheketa bere ondorioetan”.

Hirugarren objekzioa epidemiologian aurkitzen du Duperrayk. Mamografia orokortuen planifikazioa antolatu baita aipatu bi ikerlan amerikar eta suediarren ildoan, geroztik egin diren lanek gezurtatu dituzte haien emaitzak. Frantzian 1997an Paul Schaffer epidemiodologoak plazaratu omen zuen: “Tumoreen galbahetze kanpaina: zuhur jokatu behar dugu”. Geroztik  ikerlan gehiago plazaratu da, tartean 2000an Cochran Groupek egin zuena, ondorio beretara helduz.

Gakoa ei datza surdiagnostic horretan. Froga batean, izan bularrekoa edo prostatakoa, norbaiti “gaixotasuna” aurkitu diotenean, behar bada aurkitu ez baliote bizi osoan arazorik ekarriko ez liokeena, diagnostiko hori medikuntzaren ikuspegitik zuzena da baina pertsonari ez dio balio. Nola jakin egokia den ala gehiegizkoa diagnostiko bat pertsonaren ikuspegitik? Epidemiologiak dauka erantzuna, ikusi denez.

Eta epidemiologiak, gizarte bateko pertsonek nozitzen dituzten gaixotasunak aztertzen dituenean, zer dio? Mamografien ugaritzeak ez dituela gutxitu heriotzak, ezta bularreko kantzer aurreratuak ere. Sintomarik ez duten emakumeen artean bularreko minbizia espero zen baino ugariagoa dela. Froga klinikoetan aurkitutako minbizi histologikoa ez dela derrigor gaixotasuntzat hartzekoa. Kantzer batzuek berez egiten dutela atzera. Minbiziaren jatorri eta garapenaz dagoen historia natural osoa berraztertu behar dela.

Beren bularren jabe diren emakumeek ba­dute honetan eztabaidagai galanta.



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2362
 
azala2361

2363 zenbakia.
2013ko martxoaren 31
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys