Larrun 

Independentzia epeka, zatika?

Ikuspegi aldaketa sakon eta zabala gertatzen ari da Euskal Herrian independentziaren aitzin. Afera ez da zenbaki esparruan mugatzen.

Floren Aoiz

2363. alea
2013-03-31
alde 0    kontra 0

Nabarmena da gero eta gehiago garela independentziaren aldekoak, baina aldaketa harago doa, aldekoak, kontrakoak eta bestelako iritzia dutenak aldatzen ari baitira independentziari so egiteko era. Izan ere, bestela ikusten da estatu berriaren osaketaren aukera.

Independentziak ekarriko omen lukeen hondamendiaren aurreko beldurraren propaganda estrategia honen adierazpena dugu. Lehen, independentziaren kontrakoek ez zuten horrelako mezuetara indarrez jotzeko beharrik sentitzen. Gaur egun berriz, independentzia lekua hartzen ari da eztabaida eta jende askoren expektatibetan, gerta daitekeen zerbait gisa hartzen baita.

Independentziaren hautua ez da oraingoz hegemonikoa gure herrian eta begibistakoak ditugu lurralde mailan atzematen ahal diren ezberdintasunak, baina orohar, aukeraren aurreko joerak aldatzen ari dira.

Ikuspegi aldaketa honek hainbat eztabaida piztu edo indartu ditu. Eskoziaren ibilbideak eta Catalunyako gertaerek irakurketa ezberdinak bultzatu dituzte, besteak beste lurraldetasunaren inguruko eztabaida zaharren itzulera.

Gauzak honela, Euzkadi-Euskadi hirukiaren bertsio zaharberritua agertu zaigu, oraingoan ere.  Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duen espainiar autonomiak aldarrikatu beharko luke independentzia ala itxoin beharko luke beste lurraldeak “iritsi” arte? Batzuek esparru hipotetikoan kokatzen dute galdera, beste batzuek berriz, gaur egungo lehia gisa hartzen dute.

Azkenengoei buruz, zer esan? Barakaldon independentziaren asmoak duen babesa aipatzea erraza litzateke, hainbat irakurketa sinplista kolokan jartzeko, baina ez da haraino iritsi behar. Aipa ditzagun Donostia, edo hiruki horren hiri nagusia den Bilbo. Non dago, bestalde, gaur egun independentzia aldarrika dezakeen Gasteizko Parlamentuaren gehiengo independentista? Urkulluren berririk ez dute halakorik esaten dutenek?

Sakonagoa da maila hipotetikoan pausatzen den galdera. Izan ere, zer egin lurraldearen esparru zehatz batean urrats handiak emateko aukeraren aurrean? Erantzuna ez da erraza. Gure herria ez da Eskozia, argi esan dezagun. Gure lurraldetasuna kolokan dago, kanpoan nahiz barnean. Edozein independentziarako estrategiak hau hartu behar du aintzat. Nola, berriz? Ene ustetan, zatiketa gainditzeko, ez zatiketan oinarritzeko.

Zatiketa pentsamenduan ere badago errotua, batzuek zatiaren ikuspegia lehenesten dutelako, jabetu ala ez. Alderdi edo bestelako interesengatik, batzuetan, zatiketaren aurreko etsipenaz, beste batzuetan.

Ene ustez, zatiketaren aurreko etsipena independentziarako oztoporik handienetakoa dugu.  Menpekotasunaren hegemoniapean ez dago askatzerik.

(*) Floren Aoiz Independentistak erakundeko kidea da.



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2362
 
azala2361

2363 zenbakia.
2013ko martxoaren 31
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys