Euskal estatua, nola eta nolakoa

  • Euskal Nazioa osatzen duten herritarren elkartea da Euskal Herria. Politikoki, Euskadi izena duen Nazioa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa biak, Lapurdi eta Zuberoak osatua. Nazio kontzientzia duen herriari, zer izan nahi duen erabakitzeko eskubidea dagokio, nazioartean funtsezko giza eskubidetzat aitortua: autodeterminazio-eskubidea.


2013ko martxoaren 31n

Eta hortik, herritarrek hala nahi badute, Estatu izateko eskubidea. Etorkizuneko Euskal Estatuaren mamian sartu nahi nuke orain.
Benetan aldi berri bati eman nahi badiogu sortzea, Euskal Estaturako bidean aurren-aurreneko urratsa hauxe onartzea da: ez dagoela ezer giza duintasunaren aurrekoa denik edo bere gainetik dagoenik, ez ideia edo egitasmo politikorik, ez hauen defentsarik, ez bidegabekerien salaketarik, ezta Estatu arrazoirik ere. Euskal Herri independente eta sozialistagatik giza eskubideak tiroz eta bonbaz txikitzea justifikatua dagoela denbora askoan sinetsi eta barneratu du makina batek, heldu nahiz gazte. Ez dago zalantzarik: zuztarretik aldatu beharko ditu pentsaera eta sentiera. Bai pertsonalki bai kolektiboki.

Beste mugarri bat ikusten dugu ezinbestekoa: mugarri demokratikoa. Alegia, ez dago ideia edo egitasmo politikoen alde egitea galarazterik ezta ere horiek gauzatzeari betoa jartzerik, bide baketsu eta demokratikoen bidez bakarrik defendituak direnean eta gizartearen gehiengoa alde daukatenean. Printzipio honek erabakitzeko eskubidera garamatza. Euskadik, herria denez, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dauka eta hori gauzatzeko akordio berri bat egin behar da. Azken hitza herritarrek dute. Eta gero, egokitzapen juridiko-politikoak egin, baiezkoa nagusituz gero.

Gure helmuga ez da edonolako Estatua. Ez dugu nahi historian porrot eginda geratu den eredu sozialista/komunistarik. Ezta ere indarrak metatzera hots eginez hasi eta botere-metaketan amaitzen den alderdi bakarreko estatu klaserik. Arrotza da Euskadiko kultur politiko, sozial eta ekonomikoan, baita XXI. mendeko Europan ere. Are okerragoa, beste indarkeria baten atea izan daiteke. Gogoratu besterik ez ditugu Sobietar Batasunaren eta Ekialdeko Alemaniaren porrota; ikusi baino ez daukagu haien sokako zenbait tokitan gertatzen dena: injustiziazko egoeretan salaketa bidezkoak egin eta, agintera iritsitakoan, injustizia erein, boto bidez lortutako gobernua sistema itoa bilakatuz.

Europar Batasunean gaude, zorionez. Bideak bestelakoak dira ipar eta erdialdeko sozialdemokrazian, Norvegian, Danimarkan, Alemanian... Justizia soziala eta elkartasuna ederki josten dira enpresak aurreratzearekin eta ekonomia indartzearekin; arlo publikoak eta pribatuak, enpresariek eta sindikatuek badakite elkar hartzen herri-beharrei erantzuteko; elkarrizketa, ardura eta errespetua dira lege; gehiengoaren aginduak betezale, demokrazia sendoak dira. Horrelako Estatuetara begiratzen du EAJk.

Gure bide-orrian, eskubide historikoak gaurkotu eta estatus politiko berria proposatzen dugu: Euskadiko zazpi herrialdeak Nazio izaerako egitura politikoan konfederalki elkartuta, nazioaren batasuna eta herrialdeen berezitasuna bermatuz eta estatuekin kideko harremanak ziurtatuz. Pluraltasuna gatazka-gune izaten da eta serio hartu beharra daukagu, aske eta bakean bizitzeko, hitza eta begirunea zor dizkiogula elkarri.

Ez da elkarren aurka borrokan aritzeko garaia. Herri-mugimendua piztu eta indartzeko, bat egitea da motorra. Horrela erakarriko dugu jendea marko juridiko, ekonomiko, instituzional eta politiko berriaren aldera, Euskal Estaturako bidean. Eta bitartean, gure aurrekoek utzi ziguten aldarria hots egingo dugu: Gora Euskadi Askatuta!

(*) Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea eta legebiltzarkidea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Independentismoa
Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


2024-02-19 | Leire Artola Arin
Bizi baldintzen gogortzea eta pribatizazioaren areagotzea izan dira Talaia Feministaren 2023ko ondorio nagusiak

Otsailaren 17an ezkerreko 170 emakume feminista subiranista elkartu dira Oreretako Lekuona aretoan, 2023ko sei gertakari aztertu eta Talaia Feministaren behin betiko txostena adosteko. Euskal Herriko trantsizio feministarako proposamenak egiteko lehen pausotzat jo dute dosierra... [+]


2024-02-04 | Karmelo Landa
Independentzia nola?

Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia aztergai da atzerrian. Nevadako Unibertsitateak, Renon, Ameriketako Estatu Batuetan, liburu mamitsua argitaratu berri du, ingelesez, Pro-independence movements in the Basque Country and Catalunya [Independentziaren aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude