Ikatz koloreko etorkizuna

  • 1990eko hamarkadan, gerra zibila amaituta, Portugalen kolonia ohiak kanpo merkatuetara ireki zituen ateak eta multinazionalak bertaratu ziren. Orduko aberastasun promesak, baina, ezerezean geratu dira: gutxi batzuentzat diru-iturri dena, pobrezia kondena da gehienentzat.

Andoni Lubaki/Mundubat

Kexu da Francisco. Jolasten ari den semeari esaten dio lur hori ez dela berea izango handitzen denean. Hemendik gutxira, beste lur batean jolastu beharko dute seme-alabek, eta horrek sumintzen du. “Ez digute aukerarik eman, bai ala bai izan da. Ikatz erreserba izugarria dago gure azpian eta hori da Jainkoak guretzako gordeta zuen zigorra. Dirua ikusi eta Gobernuak ez die jaramonik egin gure eskakizunei, arrotzak gara gure etxean!”.

Buztinezko etxola txikiz osatutako herria da Kapanga. Tete hiritik iparralderantz doan errepidea hartuta, kilometro gutxira dago. Zambeze ibaiak goxatzen ditu herritarren lursailak, udako beroan freskatuz eta onuragarriak diren limoak utziz. “Lur emankorrak dira oso. Urtean hiru tomate uzta atera ditzakegu, gure teknologia erabiliz baino ez. Pentsa zer egin ahalko genukeen Europan duzuen tresneria eta jakituria izango bagenu”, dio Abiliok, lurra eskuetan hartu eta zapaltzen duen bitartean. Nazioko Nekazarien Elkartasuna elkartean (UNAC) egiten du lan. Azkenaldian beste gairik ez omen dute bulegoko mahaietan: ikatzaren ustiapenak sortu dituen nekazari errefuxiatuak. “Inguruko biztanleei erosotasun guztiak emango dizkietela esaten diete, etxe bat, argia, ura sukaldean eta komunean, lur eremu bat, tresneria, eta abar. Gero ordea, ez da betetzen eta entzungor egiten diete nekazariei, bai ikatza ustiatzen duen Rio Tinto enpresa brasildarrak, baita Mozambikeko Gobernuak ere. UNACen ateak irekita dituzte nekazariek, baina indar gutxi dugu Rio Tinto eta Vale multinazionalen alboan”, azaldu du Abiliok.

Iluntzen doan ikatza

Ikatza beti erabili dute Kapangako biztanleek, janaria berotzeko gehienbat. Mendietan beti izan da ustiapen txikiren bat, edota egur-ikatza egiten zuten inguruko basoetako egurra erabiliz. Baina 1990eko hamarkadan, ia hogei urteko gatazkaren ondoren, Mozambike bere errautsetatik irmotzen hasi zen eta kanpo merkatuek bistaz jo zuten Afrikako lurraldea. Arrantza baliabide izugarriak zituen, baita gas ustiapenerako aukera ugari ere. Ikatzaren negozio erraldoia ere garai hartan ernaldu zen. Lursail handiek sekulako erreserbak gordetzen zituzten azpian eta lur aberats hori ezbehar bihurtu zen bertako biztanleentzat. Ikatza ateratzeko sistema oso agresiboa da naturarekin eta inguruan dagoen bizitza itotzen du hauts beltz eta ke artean. Hori gutxi balitz, ikatza garbitzeko erabili behar den ur kopurua oso handia da; Zambeze ibaia belztuta dago horren eraginez, eta bertan gelditu diren arrainak jatera jende txiroa baino ez da ausartzen.

Rio Tinto eta Vale enpresa brasildarrak dira Tete inguruan minak ireki dituzten multinazionalak. 50 urteko ustiapen baimenarekin, egunean asko dira ateratzen dituzten ikatz tonak, datu zehatzik ez dagoen arren. Mendiak desagerrarazi eta bailarak kamioi erraldoiek ekarritako hondakinez betetzen dituzte. Inguruan bizi diren nekazarien fruitu eta barazkiak ilun ageri dira, jangarriak ote diren zalantzan jartzeraino.

Soluzio gisa, ikatz meta horien gainean bizi ziren herritarrak beste lur batzuetara aldatzeko konpromisoa hartu zuten bi multinazionalek. Baldintza onetan etxea eta lurrak emateaz gain, dirua eta lana ere eskuratuko omen zieten. Promesa faltsuak. Baina enpresen abokatuek erraz isilarazi dituzte nekazarien salaketak. Hasieran gustura joan ziren nekazariak etxe berrietara, agindutako eremuetatik askoz urrunago. Horren adibidea da Kateme asentamendua, Kapangatik 50 kilometrora. Etxeek sendoak ziruditen, eta argindarra zuten. Baina berehala konturatu ziren argia ordu gutxi batzuetan baino ez dutela, putzu komunitarioetara joan behar dutela ur bila eta lursail berriak idorrak direla, antzuak ia-ia. Lehen hiru uzta ateratzen zituzten denboraldiko, orain berriz bat ateratzeko gauza badira gaitz erdi. Lanik ez diete eman kanporatuei, bakan batzuk soilik dihardute soldatapean, euren etxea izango dena eraikitzen, ondoren kito.

Egarriz ito

Efrén-ek bere etxeko ateak ireki dizkigu eta barkamena eskatu du ezer ez duelako guri eskaintzeko. “Dugun ura gaur gauean edateko da, azken egun hauetan putzutik atera dugun ura ez baita edangarria, eta Vale enpresak ekartzen digu kamioietan”, dio. Bera da bertako nekazarien ordezkaria: “Denak haserre gaude emandako lursailak antzuak direlako. Artoa dugu gure elikaduraren oinarri eta ozta-ozta atera dezakegu uzta bat. Kalitate exkaxekoa da gainera, ur gutxi edaten baitu landatzen den unetik. Askotan intsektuek jaten dituzte, oso ahul hazten direlako. Hori adierazi genien Rio Tinto eta Vale enpresakoei eta haien erantzuna ongarri kimikoak zituen kamioi bat ekartzea izan zen. Luzera badakigu ez duela etekinik emango, lurra agortu eta kutsatu egiten baitu. Guk, nekazariok, badakigu zer behar dugun: ureztatze sistema indartsu bat. Baina hemen inguruan ez dago errekarik, ezta lakurik edo putzurik ere. Ura kanpotik ekarri beharko litzateke eta garestiegia da. Tokiz aldatzea nahi dugu eta multinazionalek euren hitza betetzea. Gure arbasoen modura bizi nahi dugu, lurra landuz, duin. Besterik ez. Eta hemen ezin da”.

Bere lurrak direnak ikustera eraman gaitu Efrének. Kapangatik Katemera aldarazi zutenean eman zizkioten. Lanabesak hartu eta lurra goldatzeari ekin dio gure begien aurrean. Hondartzako arearen pare mugitzen da, ordea, aitzurra sartu orduko zulora jausten da inguruko lurra. Arto idor landara seinalatu digu hatzaz: “Begira lur honek ematen duena. Ezer ez”. Urtaro hotza izanda ere, bero itzela egiten du Katemen. Uda garaian 50 gradu zentigraduetaraino iristen da tenperatura, eta horri ur eskasia lotzen badiogu, baldintzak ez dira onak nekazaritzarako.

“Enpresen konponbidea beti izan da ezikusia egin eta egoerak gain hartzen duenean adabakia jartzea”, kritikatu du Efrének. “Ura falta denean kamioietan ekartzen dute, lurra emankorra ez bada ongarria emango digute, medikurik ez badugu teknikari batzuek gainbegiratuko dituzte herri osoko biztanleak, kalean, eta horrela dena. Adabakiak adabakien gainean”, dio haserre Frantziskok. “Hemendik gutxira horrelako toki batera eramango naute eta etorkizun hori ez dut batere gustuko. Pobreziara kondenatu gaituzte kapangatarrok, ergelak garela uste dute!”.

Kateme bisitatzeko inguruko poliziaren baimena behar da. Berdin dio herrialde osorako kazetari akreditazioa baduzu, bertako agintariek erabakiko dute nor sartu asentamendura eta nor ez. Kartzela moduan funtzionatzen du, baina kartzela honek ez ditu paretak, kilometro ugariko isolamendua baizik. Urrutiegi daude gertuen dauden herriak, ezin da oinez joan. Asentamenduan egoteko eman diguten denbora agortu da, joan beharra daukagu, arazoren bat izan baino lehen. Frantziskok, bera ere laster asentamendura bidaliko duten jakitun, hor egarriz hilko direla bota dio Efréni, kezkatuta. “Itota gaude dagoeneko”, erantzun dio Efrének. Eskua elkarri eman eta Kapangara autoan itzuli gara Frantzisko eta biok.

Asaba zaharren baratzea usteltzen

Tete hiriburuan bizi dira Rio Tinto eta Vale enpresako langileak. Asko hoteletan bizi dira, kanpotarrak direlako gehienak, brasildarrak eta txinatarrak batik bat. Ikatzaren ustiapenak beste arazo bat sortu du: klaseen arteko desberdintasun ekonomikoa areagotzea. Abilioren esanetan, “lehen hotel bateko gela batek asko jota 10 euro balio zitzakeen. Orain, langile kanpotarrak daudenez eta afrikarrok baino diru gehiago dutenez, merkeenak 100 euro balio ditu. Zerbeza batek 5 euro balio ditu eta lehen 50 xentimotan garagardo on bat edan zenezakeen”.

Ikatz industriak ez die onik egin Mozambikeko biztanleei. Herri txiroak ez du inongo abantailarik jaso, egur-ikatza erretzen jarraitzen dute, eta ez enpresek ustiatzen duten ikatza. “Txina, Australia eta Brasilera doa ikatz gehiena. Brasilen kasuan, ustiapenak kutsadura handia sortzen duenez ez dute Estatuan bertan egiten, beste lurralde batzuk bilatzen dituzte horretarako, eta guri egokitu zaigu”, dio UNACeko kideak. “Jatekoa kanpotik ekarri beharrean gaude, Hego Afrikatik. Garestiago eta okerrago jaten dugu orain. Askok ezin dute behar adina jan eta hiri handietako zabortegietara jo beharra dute, ahora zer edo zer eramateko edo zakarraren artetik saltzeko moduko zerbait eskuratzeko. Nazio bidegabea sortu dugu, ez genuen honetarako hainbeste urtez borrokatu. Gure gurasoen landa usteltzen utzi dugu”, gehitu du Abiliok, etsita.

Gobernuak lagundutako negozioa

Ikerkuntza ugariren arabera, munduan dagoen ikatz erreserbarik handiena da Mozambike. Halere, ustiapena eskasa da duen potentzialarekin konparatuz. Gobernuak 50 urteko lizentziak banatzen dizkio ustiatu nahi duen enpresari. Ordainetan, enpresak diru kopuru jakin bat eman behar dio Gobernuari.  Kaltetuak diren herritarrei ere konpentsazio ekonomikoa eta materiala eman behar zaie. Baina kontratuak ez du zehazten zenbateko kalte-ordaina izan behar duen edo zer den konpentsazio “material” hori.

Frelimo Gobernuko alderdia pozik dago, Barne Produktu Gordina igo baita ikatz ustiapenari esker. Kazetari eta erakundeek aitortzen dute BPG igo dela, bai, baina aurrerapen sozialek atzera egin dutela. Jendea lehen baino txiroagoa da orain.

Urtarrilean, Rio Tinto enpresa kexu zen Tetetik ikatza ateratzeko zuten zailtasuna zela-eta. Gobernuak ez dio utzi Zambeze ibaia erabiltzen minerala garraiatzeko. Hori konpontzeko trena eraikiko omen dute Tete lurraldetik itsasoraino eta Gobernuak jarriko du diru gehien. Herritarrak haserre daude, minerala garraiatzeko bakarrik erabiliko delako. Protestak ere hasi dituzte azken hilabeteotan. Gobernuz kanpoko erakundeek Vale enpresaren jarrera salatu dute, muturreko biolentzia erabiltzen duelako herritarren aurka, Gobernuaren ustelkeria baliatuz. Horren adibide dugu Jeremias Vunjane mozambiketarra. Gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten duen kazetaria da eta Vale eta Rio Tinto enpresen inguruko artikulu kritikoak idatzi ditu. Vale enpresaren aurka idatzi zuen artikulu baten ostean, Brasilen ospatu zen Rio+20 bilerara zihoala, aireportuan atxilotu eta Mozambikera bidali zuten berriro, inongo akusaziorik izan ez arren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
Giza karenan ere aurkitu dituzte mikroplastikoak

AEBetako ikertzaile-talde batek 62 giza karena edo plazenta analizatu ditu, gas-kromatografia eta masa-espektrometria baliatuta, eta frogatu du lagin guztietan mikroplastikoak zeudela. Toxicological Sciences aldizkariak argitaratu du ikerketa. Haren arabera, karen batzuetatik... [+]


2024-02-09 | Euskal Irratiak
Alice Leiziagezahar, Europa Ekologia-Berdeak
"Pestizidek ez dute laborarien egoera hobetuko, haien osasuna okertuko baizik"

Laborariak karrikara atera dira Europa osoan, bizi eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Mobilizazioek eragin duten krisi politikoari, pestizidak apaltzeko planaren gibelatzearekin iharduki dio Europako Batzordeak.


Arbonako eskolara bideratu lurren kutsadura aztertzeko eskatu du Paueko Administrazio Auzitegiak

40 urtez zabortegi gisa erabilitako eremu batean ari dira eskola publikoa eraikitzen. Kutsadura arriskuak kontuan harturik, leku aldaketaren alde dabil borrokan Hats Berri Bat Arbonari deitu oposizioko taldea. 2024ko irailean abiatuko den ikasturterako bukatu nahi ditu obrak... [+]


Pelletak eta mikroplastikoak jasotzea, ohiko zeregina 'Mater'-entzat

20 urte baino gehiago daramatza euskal kostaldea inguratzen duten itsas hondakinak biltzen, tartean, palletak eta mikroplastikoak. Oraindik plastikozko bolatxoak gurera iritsi ez badira ere, "edozein unetan" iritsi daitezkeela ohartarazi du.


Eguneraketa berriak daude