Viomihaniki: Nagusiak ezin badu, geuk eginen dugu

  • Otsailaren 12tik berriro lanean ari da Greziako Tesalonikan Viomihaniki Metalleytiki faktoria. Eraikuntzarako gaietan berezitua, XXI. mende hasierako krisitzarrak harrapatu zuenetik gainbehera etorria zen. 2011tik sosik kobratu gabe biziraun dute langileek. Azken hilabeteotan langileek  autogestioan kudeatutako alternatiben ikur bihurtu da.

Albiste itxaropentsuak behar dira, diote Argiako lankide gazteek. Arrazoiz. Mundua ziklo ekonomikorik eta krisirik gabeko Arkadia kontsumistatzat margotzen zuten hedabide handiak orain sistemak baztertutako herritarren zaurietan jolasten dira, oro katastrofe. Ez al da inor ari irtenbide bila hainbeste hondamendiren artean? Baietz.

Otsailaren 14an Interneteko ARGIAk eman zuen albiste itxaropentsu horietako bat: “Langileak autogestiorantz Grezian. 2011ko maiatzaz geroztik soldatarik jaso ez duten Vio.Me fabrikako langileek eraikina okupatu dute, Greziako Tesalonika hirian. Jabeek fabrikatik alde egin zuten aspaldi, eta langileek euren kontrolpean berrabiarazi dute. Autogestioaren bidez aurrera egitea posible dela erakutsi nahi dute”. Bi egun lehenago produkzioa hasia zuten Tesalonikako usina hartan. Ezagutzeko istorioa dauka.

Interneteko bilatzaileei galdetuz gero “Viomihaniki Metalleytiki”, 2011z geroztik Tesalonikan bezala Atenasen burutu dituzten anitz mobilizazioen oihartzunak aurkituko dituzu. Grezia osoan baina baita munduan ere elkartasun uhin handia sortu da nagusiak abandonatutako obrero horiekiko. Baina laburduraz Vio.Me deitzen duten horren bilakabidea ezin da ulertu Philkeram Johnson konpainiarena ezagutu gabe.

1961ean Philippou familiak eta Christos Constantopoulosek sortu zuten Philkeram, teila eta zeramika gaietan aritzeko (Phil-keram, hortik izena), ordura arte eraikuntzarako osagaiok Italia eta Espainiatik inportatzen baitzituzten. Philippoutarrek, harro aldarrikatzen dutenez, 120 urte zeramatzaten teilagintzan.

40 urte geroago, 2000.ean, 350 behargin zeuzkan 4,5 milioi metro karratu zeramika ekoiztu eta 29 herrialdetara esportatzeko, bidean kapital ingelesa sartu eta Philkeram Johnson bihurturik. XX. mende hondarretan ISO zertifikazioak eskuratu, AEBetan sartzeko filiala sortu eta sei milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egin zituen.

Dena zen laudorio Philkeram Johnsonentzako krisia buru gainera erori zitzaion arte. Ekonomia atalen bat kolpatu baldin badu krisiak, eraikuntza izan da. Salmentek hondoa jo, argindarraren eta gasaren prezioak gora, hartutako kredituen konpromisoei ezin erantzun, dena joan zaio gain behera.

Puntako zeramikagile izandako horren adarra da Viomihaniki Metalleytiki, eraikuntzarako gaien produkzio eta salmentan ari dena.  Honetako langileak 2011ko maiatzean ohartu ziren ugazabak ez ziela jornalik sartu kontu korrontean. Beharginek ekin zioten antzeko kasuetan hasten den kalbario luzeari: legezko erreklamazioak egin, protesta, manifestazioa, itxialdia...    

Iritsi ziren arte nagusiak abandonatu zituen konbentzimendura. Pittinka hurbildu ziren aurreko krisietan leku askotan, tartean hainbeste kooperatiba eta SAL sortzen ikusia den Euskal Herrian, mahairatu den argudiora: “Nagusiak ezin duela segitu? Geuk egingo dugu!”.

Autogestioaren zalantzak

Pertsonalitate ezagunek azaldu diete atxikimendua Viomihaniki Metalleytikikoei:  Naomi Klein, Avi Lewis, John Holloway, David Graeber, Raúl Zibechi... Langileek erabilitako argudioak eta ikonografia kazetari honek oso oker ulertu ez baditu, anarkismoan, sozialismo libertarioan edo ekologia politikoan, globalizazioaren kontra,  kokatzen diren jendeek.

Otsailaren 10ean Tesalonikako antzoki batean langileekiko elkartasunezko batzarra egin ondoren, 11n  kantaldi handia burutu zuten estadium batean, tartean zirela Thanassis Papakonstantinou eta beste hainbat abeslari eta talde. Biharamunean ekingo zioten obreroek benetako borrokari, bizirauten saiatzekoari.

Faktoriaren bizialdi berriaz elkarrizketa egin zion langile batzordearen buru den Makis Anagnostouri  Nea Prooptiki kazeta elektronikoak, gero Vio.Meren gunean ingelesez erakusten dutena. Anagnostouk  hasteko eskertu ditu lantokia okupatzea erabaki zutenetik laguntza eskaini dieten guztiak, bi euro edo zorro bat indaba ematera hurbildu zaizkienak.

Kontatu ditu ere sindikatu nagusiekin eta ezkerreko taldeekin izandako harreman eta gorabeherak. Viomihanikiko obreroek batzarretan hartutako erabakiak ez dira beti bat etorri sindikatuetatik proposatzen zitzaienarekin. Lehenbizi Greziako Langileen Konfederazio Nagusira (GSEE grekerazko siglak, gure hizkietara ekarririk) jo zuten eta ez ziren ados jarri sindikalistek gomendatu zietenean greba egitea ugazabek enpresan kapitala sar zezaten presio egiteko.

Gainerakoan, krisi garaian enpresa beren esku hartu duten beharginen eta ezkerreko militanteen artean beti egongo diren eztabaida eta zalantzak egon dira Tesalonikako hauen artean ere: ez ote den kapitalari jokoa egitea, langileak ez al diren aldaketa gogoez ahaztu eta sistema barruan jokatzen hasiko, eta beste.

Iazko urrian Tesalonikatik hasita Larissa eta Volosen barrena Atenaserainoko ibilaldia egin zuten langileek. “Ordura arte –deklaratu du Anagnostouk– lankide asko zalantzan baldin bazeuden, ez zekitela mugimenduan sartu ala ez, bukaeran garbi esan zuten mobilizazioa berriro egitekotan haiek parte hartuko zutela”.

Martxo hasiera honetan biziraupena izango du buruhauste nagusi Viomihaniki Metalleytikiko jendeak.  Elkarrizketan Anagnostouk dio planak badituztela oso ahul dagoen merkatuan ere beren materialak ekoiztu eta saltzeko, ondo ezagutzen dutela ofizioa, kosteak murriztea lortuko dutela, Greziaz gain Balkanetan ere saltzeko modua eginen dutela.

Pioneroak ote diren amildegira kondenatutako greziarren artean? “Ez nuke esango pioneroak. Gure eskaria beti izan da lehentasunezkoa langile jendearentzako. Lanean ari denak, areago industrialak, beti eduki du itxaropena produkzio tresnak bere eskuetan hartu eta bere kabuz produzitzeko gai izateko. Baina burgesiak urte luzez eta orain ere langileak hipnosi batean dauzka, norabide horretan pentsa ez dezan”.

Vio.Meren gunean irakur daiteke  elkartasunezko mezu eder hau Egiptoko Ramadan Citytik bidalia: “Egiptoko Kouta siderurgiako langileek Greziako Vio.Meko faktoriakoei!”. Egiptoko langileek ere austeritate deitutako neurriak arbuiatuz, konbidatzen dituztela batzuek eta besteak autogestioan egiten ari diren esperientziak elkarrekin partekatzera. “Milioika langile dauzkagu begira,  espero zuten ametsa mamitzen ari garelakoan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Oxala

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko... [+]


2023-09-26 | Gedar
78 orduko lan astea legeztatu dute Grezian

Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak... [+]


Eguneraketa berriak daude