Hodei toxikoa: urtebete erantzukizunak argitu barik

  • 2012ko martxoaren 25ean egin zen beheko argazkiko manifestazioa, Abantoko Udaleko Las Carreras auzoaren eta Petronor findegiko ate nagusiaren artean. Ia hamabost egunez Las Carrerasko eta Muskizko herritarrek jasan behar izan zuten hodei toxikoak eragin zuen mobilizazioa. Aire garbia arnasteko eskubidea aldarrikatu zuten orduko pankartan, baina ez hori bakarrik; gaur, oraindik, gertakari hari buruzko azalpen askoren zain jarraitzen dute.

Meatzaldea Bizirik

Iazko martxoaren 2an, Muskizko eta, batez ere, Abantoko Las Carreras auzoko biztanle asko buruko mina, zorabioa eta bestelako sintoma batzuk eragiten zizkien gas usainaz kexatzen hasi ziren, euren udaletxeetara edo SOS Deiak zerbitzura deituta. Kexa haiek etengabeak izan ziren martxoaren 15era arte. Hasiera batean, gertakariaren berri eman genuen hedabideok Petronorren webgunean aurkitutako informazio bat aipatu genuen, gas emisio haien zergatia azaldu nahian: koke plantako gas konpresore batean proba batzuk egiten ari ziren, eta enpresak abisua eman zuen horrek lurrun isurketa handitzea eragin zezakeela.

Haatik, koke plantako probek ez zeukaten zerikusirik. Ekainaren 12ko datarekin EAEko Ingurumen Sailak egindako txosten batek dio, Petronorrek berak emandako informazioan oinarrituta, gas ihesaren jatorria findegiaren 1 unitatean gertatutako matxura bat izan zela. Bero trukagailuetan, zehatzago esateko.

Findegian dauden hamasei bero trukagailuetatik lau guztiz ordezkatu behar izan zituzten, eta beste bi konpondu, zulatuta zeuden eta. Bero trukagailuak hodi bikoitzak dira, kanpo aldean nafta dutenak, eta barruko aldean, berriz, ura kasu batzuetan eta petrolio gordina beste batzuetan. Ingurumen Saileko txostenaren arabera, urarekin nahasitako nafta izan zen atmosferara jaurti zena, baina ez da hain argi geratzen ihesaren zergatia matxura bera izan zen, edo matxura konpondu ahal izateko Petronorrek aurrez egin zituen prestaketak. Edozelan, prestaketa horiek martxoaren 8an hasi zituela dio Petronorrek. Helburua zen martxoaren 20an findegiaren aktibitatea gelditu eta konponketa egitea. Datek garrantzia dute, ikusiko dugunez.

Petronor, arreta desbideratzen

Muskizko Turruntero eta Meatzaldea Bizirik elkarteetako zenbait kiderekin bildu gara –izenak ez aipatzeko eskatu digute–, eta adierazi digute euren ustez Petronorrek ez zuela garbi jokatu gertakari honi dagokionez. Eusko Jaurlaritzak egindako beste txosten batean oinarritzen dira hori esateko; kasu honetan, Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendaritzaordeak izenpetua.

Turrunteroko kide batek azpimarratu digunez, txosten horren arabera Osasun Publikoko Zuzendaritzaordeak martxoaren 11n hartu zituen lehen neurriak aferarekiko, SOS Deiak kexa oldea jasotzen hasi eta bederatzi egunera. Atzerapen hori baino larriagoa da, agian, ondoren gertatutakoa: martxoaren 11n bertan, Ingurumen Sailak larrialdiak kudeatzeko kontratatuta daukan enpresako teknikari bat Petronorrera joan zen. Enpresak jakinarazi zion findegiaren 2 unitatea geldirik zutela une hartan, eta garrantzi gutxiko obra batzuk egiten ari zirela, baina besterik ez. Teknikariak horixe bera esan zion Osasun Publikoko arduradunari, eta gertakaria amaitutzat jo zuten. Gauza bera gertatu zen handik bi egunera, martxoaren 13an.

Txosten biak erkatzean ikusten da, Turrunterok ohartarazten duenez, Petronorrek informazioa ezkutatu zuela. Alde batetik, martxoaren 11n Ingurumen Sailak bidalitako teknikaria lehen aldiz joan zitzaienean, bazekitelako –martxoaren 8tik gutxienez– matxura bat zeukatela. Bestetik, teknikariaren arreta 2. unitatera desbideratu zutelako, matxura 1. unitatean egon arren.

Osasun Publikoko Zuzendaritzaordearentzat ere baditu kritikak Turrunterok. Lehenik eta behin, gertakariak iraun zuen hamahiru egunetan ordezkaririk ez bidaltzeagatik ez Muskiz ez Las Carrerasera, eta bestetik, bizilagunen kexa oldeari garrantzia kentzegatik. Izan ere, elkarteko kideek salatzen dute inplikatuta egon diren EAEko sail guztiek gertakariak benetan izan zuen larritasuna ezkutatzen saiatu direla, eta kexu dira, besteak beste, Petronor inolako zigorrik jaso gabe onik atera delako.

Neurketak, hamabi egun berandu

Orain arte aipatu ez dugun datu garrantzitsua: bizilagunak inguruan zuten hodeiaz kexatu ziren hamabost egunez, baina benetan zer arnasten ari ziren ez zen martxoaren 14ra arte neurtzen hasi. Hau da, SOS Deiak eta udalak salaketak jasotzen hasi eta hamabi egunera. Inguruan dauden aire kalitatea neurtzeko estazioek zenbait datu esanguratsu emateari utzi ziotengertakaria hasi baino hilabete batzuk lehenago; horregatik ez dago zehatz jakiterik zer egon zen airean martxoaren 2tik 13ra. Ingurumen Sailak, azkenik, konposatu organiko hegazkorrak (KOH) neurtzeko unitate mugikorra bidali zuen Las Carrerasera, hilaren 14an. Hor hasi ziren lehen datuak eskuratzen, baina horien erabilpena makurra izan zela uste dute Turruntero eta Meatzaldea Bizirik elkarteek.

Dagoeneko aipatu dugun Ingurumen Saileko txostenean irakur daitekeenez, martxoaren 14an eta 15ean egindako neurketan 170 inguru KOH atzeman ziren, “hiriguneetan ohikoak direnak baino kontzentrazio nabarmenki handiagoetan”. Substantzia haien jatorria ia seguru Petronor zela ondorioztatu zitekeen –susmoa geroago baieztatu zuten, ikusi dugunez–, eta ondorioz Ingurumen sailak findegiko arduradunei agindu zieten neurriak hartzeko. Petronorrek bere 1. findegia gelditu zuen, bero trukagailuetan matxura zuena alegia, eta KOHen baloreak normaltasunera itzuli ziren.

170 konposatu

Itzul gaitezen berriz Osasun Publikoko Zuzendaritzaordearen txostenera. Hari kasu egitera, denbora tarte batean bentzeno kontzentrazio handi samarrak izan ziren airean, baina ezin esan gertatutakoa larri-larria izan zenik. Bizilagunak ez datoz bat, neurtutako datuen interpretazioa gaizki egin dela uste baitute. Gertatutakoari garrantzia kentzeko, hain zuzen.

Bentzenoa besterik aipatu ez izanak badu bere zergatia: detektatu ziren substantzia guztietan, hura da legearen arabera gehienezko balore bat daukan bakarra. Hortaz, gainerako substantzien baloraziorik ez du egin administrazioak, horietako batzuk kaltegarriak direla dioen dokumentazio ugari existitu arren. Eta bentzenoari dagokionez, araututa dagoen balio bakarra urteroko batez bestekoa da. Ez dago araurik denbora laburrean gertatzen diren esposizio larrietarako. Azkenik, Osasun Publikoko arduradunek nazioartean erabili ohi diren zenbait erreferentziatara jo zuten, eta MRL izenekoa aukeratu zuten konparazioa egiteko: eguneko 29 mikrogramo metro kuboko.

Gero, neurtutako datuak multzo bitan banatu zituzten: martxoaren 14ko arratsaldetik 15eko eguerdira artekoaren  batez bestekoa, eta 15ekoarena. 31 mikrogramo lehenak, 34 bigarrenak. MRLren gainetik biak, baina ez, Osasun Publikoaren aburuz, kezkagarri izateraino.

Turrunterok eta Meatzaldea Bizirik-ek uste dute administrazioak tranpa egin duela batez bestekook kalkulatzean. Kontuan hartu behar da kontzentrazio altuenak neurtzen ari ziren uneetan, balioak aipatutakoak baino askoz handiagoak zirela: atzemandako altuena 127 mikrogramokoa izan zen. Handik lau ordura, bost mikrogramo ingurura jaitsita zegoen. Arazoa da balio handienak neurtzen ari ziren hartan, hainbat orduz, unitate mugikorrak neurtzeari utzi ziola. Arazo teknikoengatik,  Osasun Sailaren arabera. Arartekoak erresoluzioa eman zuen gaiari buruz joan den irailean, eta nabarmendu zuen zenbait ordutako datuen falta, jakinda emisio handieneko orduak zirela. Turrunteroren kexa da hain modu irregularrean kalkulatutako batez bestekoan oinarritu zela Jaurlaritza gertakariari garrantzia kentzeko. Aipatutako irregulartasun guztien erantzulerik ez da izendatu eta Petronorri inongo zigorrik ez zaio ezarri, salatzen dutenez, eta gogorarazi dute gertakariari buruz administrazioari egin dizkioten zenbait galderaren erantzunaren zain daudela oraindik, urtebete igaro eta gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Petronor
Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]


Petronorrek erraustegietako hondakinak jaso eta eraldatzeko proiektua aurkeztu du

Zierbenako portuan planta bat eraiki nahi du enpresak. Arriskutsutzat jotzen diren hondakinak eraldatu eta hormigoi eta baldosen bidez, besteak beste, eraikinetan eta obra publikoetan sartu nahi ditu.


Petronorren obra batzuk geldiarazi ditu Muskizeko Udalak

Lizentzia-eskaeran “hainbat artxibo osatu gabe zeudelako” obrak geldiarazteko dekretua sinatu du Muskizko alkate Edu Brionesek.


2023-07-10 | Jon Torner Zabala
"Petronorrek kirola zikintzen du" mezua zabaldu du Greenpeacek Zierbenako estropadan

"Petronor eta Repsol dira Euskadin eta Espainiako Estatuan hurrenez-hurren CO2 gehien isurtzen duten konpainiak", salatu du Greenpeacek. "Gisa honetako ekitaldiak baliatzen dituzte haien irudia garbitzeko".

 


Eguneraketa berriak daude