"Argazki bakoitzeko istorio bat kontatu nahi izaten dut"

  • Sare sozialek duten indarragatik heldu da Ion Markel Saez de Urabain argazkilaria (Lazkao, 1970) Donostiako Okendo Kultur Etxera. Interneten, Flickr-en eta antzeko galerietan lan ugari duen arren, lehendabiziko erakusketa fisikoa du Kalekumeak deiturikoa. Iphonography munduak jarri du bogan. Iphonekeriez mintzo da bera.

Ion Markel Saez de Urabain. Autoerretratua.
Ion Markel Saez de Urabain. Autoerretratua.

Jende anonimoa erretratatzen duzu. Non ikusten diozu magia horri?

Jende anonimoak daukana naturaltasuna da. Ezagunei argazkia ateratzen hasita, lehenengo gauza, konturatu egiten dira argazkia atera nahi diedala. Jendea ez konturatzea bilatzen dut, argazkiak indarra galtzen baitu bestela. Kaleko argazki hauetan, Kalekumeak bilduman, istorio bat kontatu nahi izaten dut argazki bakoitzeko. Istorio arruntak dira, gure begien aurrean egunero pasatzen direnak. Abiadan bizi garenez, ez diegu erreparatzen, ez dugu horretan pentsatzen, eta nik, patxadaz, eszena hori hartu eta nabarmendu egiten dut, bakoitzak bere interpretazioa egin dezan, eszena arrunt horren atzean zer dagoen osa dezan.

Anonimo horietatik asko, jende zaharra da.

Adin batetik gorako jendeak istorio gehiago du, azken batean. Kalean ikusten dudan zaharrak gazteak baino gehiago esaten dit nolabait, aurpegiagatik, edo egoteko moduagatik, egiten ari denagatik... 90 urteko pertsona batek bizi izan dituenak argazkian harrapatzea politagoa da, saiatzea behintzat.

Hain gardenak al dira?

Ez dut benetako istorioa harrapatzera jotzen. Ez dut esan nahi ikusten dudan istorioak erreala izan behar duenik. Istorio horren interpretazioa egiten dut, argazkia ikusten duen bakoitzak bere istorioa ikus dezan nahi dut. Eszena bat ematen dut, nork bere istorioa asma dezan.

Zein dira batez ere interesatzen zaizkizun egoerak?

Egunerokoak. Ez dut eszena anormalik edo fantasiazko egoerarik bilatzen. Erosketan ari den emakumea, ohiko edadeko koadrila bankuan eserita berriketan, txikiteroak… Ohikoa bilatzen dut, normala, eguneroko abiadan arreta pizten ez duena.

Benetakotasuna interesatzen zaizula esan izan duzu. Zer da hori zure begietatik, nola esplikatzen da?

Benetakotasuna naturaltasuna da nire ustez, poserik edota artifiziorik gabekoa. Pertsona den bezalakoa hartzen saiatzea da, horrek ez du esan nahi pertsona hori beti horrelakoa denik, bere bizitzako momentu bat hartzen edo lapurtzen diot, eta une horretako naturaltasuna bilatzen dut.

Argazki zuri-beltzak dira denak. Zergatik?

Koloretan emanez gero, ikusleari gehiago markatzen diozu bidea, kontatu nahi duzun horretara bideratzen duzu errazago. Ikuslea inplikatzeko orduan, zuri-beltzak imajinazioa lantzea eskatzen du, ikusleak berak jarri behar dio kolorea.

Arrazoi estetikorik ere izango duzu.

Bai. Garai bateko kamera analogikoen itxura lortu nahia ere bada.

Konta iezaguzu istorio bat.

Ez naiz batere trebea. Horregatik eramaten dut kamera aldean. Argazkiak ateratzeko uneaz ari bazara, adibidez, M 15eko hartan Madrilen nintzen. Argazki asko hartu nituen iphonez, baina baita inplikatu ere, argazkiak ateratzen ari nintzen bitartean laguntza eskatzen zidaten, interakzioa zegoen. Kasu horretan naturaltasuna eskasa da. Baina polita ere huraxe zuen, argazkiak ateratzen ari nintzen bitartean, bertan sartzea, inplikatzea.

Batzuetan zaila izango da kanpo geratzea.

Tira, gehientsuenetan kanpo geratzen zara, inplikatzen hasten bazara naturaltasun hori galtzen delako. Langatik bezala begiratu behar duzu naturaltasuna bilatzeko.

Gizakiaren presentzia ezinbestekoa da zure argazkietan?

Kalekumeak bilduman bai, izenburuak berak dioenez. Atera izan ditut paisaia hutsak, hirikoak nahiz naturalak, garai batean gehiago. Orain gizakiaren presentzia bilatzen dut, erreportaje soziala interesatzen zait.

Nola heldu zinen Okendoko Kultur Etxera?

Sare sozialek duten indarragatik. Kontatu zidatenez, lotura bat iritsi zitzaien, Flickr-eko nire webgunea bisita zezaten. Donostiako argazkiak omen nituen, gustukoak, eta iphonez eginak. Horregatik eman zidaten aukera. Gaur egun argazki asko hartzen dut iphonez, gehienak Kalekumeak-erako, baina baditut esaterako abstraktuak. Erakusketarako argazki sozialak indar handiagoa izango zuela iruditu zitzaidan.

Kalekumeak ez da gaur hasi eta bihar buka litekeen proiektua, erakusketa jarrita badago ere, horretan jarraitzen dut. Ez da sekula bukatuko. Halaxe nahi nuke, behintzat.

Bizitzeko lain ematen al dizu lanbide honek?

Momentuz ez. Argazkigintza profesionalerako bidea hartu nahi nuke, erreportaje sozialak eginez, familia erreportajeak, umeenak, ezkontzak, gizakiak beti ere. Ez da erraza.

Iphonekeriak omen dira zureak.

Hitz jokoa da. AEBetatik dator kontu hau, Appleren telefonoa bezala. Han Iphonography izena jarri zioten. Gauzak gure estiloan esatea gustatzen zait, eta zentzu horretan, Kalekumeak nahiago, Street Photography baino.

Iphonean bertan tratatzen dituzu argazkiak.

Telefono marka gehientsuenek denda dute, eta bertan aplikazioak salgai. Argazkiak tratatzeko sorta handiena, alde handiz gainera, Applek du. Pixkanaka joan naiz horretara, bat eta beste probatzen, eta azkenean bizpahiru hobetsi ditut. Argazkia normal hartzen dut, koloretan, eta gero bi aplikazio baliatzen ditut. Bat, argazkia mozteko, enkoadratzeko, eta bestea, zuri-beltz bihurtzeko prozesurako. Azken finean, lehen ordenagailuz egiten zen lana telefonoan bertan egin dezakezu orain.

Nola erabaki zenuen iphonea argazkiak egiteko tresnatzat hartzea?

Teknologia zalea izan naiz beti. Eguneratuta egotea gustatzen zitzaidan. Lehen iphonea telefonoa behar nuelako erosi nuen, ez nuen argazkiak ateratzeko asmoz hartu. Orduan, gainera, ez zuen kalitate oneko argazkirik egiten. 2008an hasi zen iphonography mundua, bigarren modeloa atera zutenean. Probatu egin nuen, eta 2009ko ekainean proiektu bat ondu nuen, 365 aztarna deiturikoa [365 autoerretratu sareratu zituen Flickr-en, urteko egun bakoitzeko bat: www.flickr.com/ photos/iphonekeriak]. Oihartzun zabala izan zuen, jendeari gustatu zitzaion. Oso esperientzia ederra izan zen, ordurako hasia nintzen kameraz gauzak harrapatzen. Baina ez uste etengabe kliskatzen aritzen naizenik. Ez noa horretara. Ez da argazkiaren bila joan behar, hura etorriko da zugana, baina prest egon behar duzu, telefonoa aldean duzula. Eramangarriak horixe du ona. Gainera berehala pizten dira gaurkoak, prozesadore askoz hobeak dituzte.

Ez al da bitxia, jende anonimoa baina telefono marka hiper-ezaguna?

Gaurko telefonoak ez du zertan izen bat atzetik eramanik. Horrek ez du garrantzirik. Tresna besterik ez da, eta balio duena azken emaitza da. Iphone hitzak indar handia du gaur egun, nire erakusketa egin bada, mundu horrekin bat egin dudalako izan da, baina kontraesanik ez diot ikusten.

Izenak berak propaganda egiten duelako diot.

Argazkilaritzan beti izan da izena gako, hor dira Canon zaleak eta Nikon zaleak. Jende arrunta aparatu horren jabe egin delako hartu du hainbesteko indarra.

Kalekumeekin aurrera zoazela diozu. Beste proiekturik?

Proiektu txikiak gustatzen zaizkit, herri festak, kulturako gauzak… Egun bateko lanak, norabait joan eta erreportajea egitea.

Zer diozu bideoaz?

Estetikarekin eta irudiarekin zerikusia duen guztiak erakartzen nau, marrazkiak, bideoak, orok. Baina momentuz ez naiz horretan sartu. Probak egin ditut baina besterik ez.  Gaurko argazki-kamera onek, reflexek, sekulako kapazitatea dute, pelikulak ere egiten dira, eta kalitatezkoak. Gero eta erlazio handiagoa du gainera, argazkiarekin. Ezagun da irudiak beste estetika bat bilatzen duela. Beste mundu batean sartzea litzateke, eta denbora behar da. Ez gara denetara ailegatzen.

Zerk eraman zintuen argazkigintzara?­

Beti gustatu izan zait argazkiak ikustea, etxekoak, aitak egindakoak, gero familian ere banuen argazkilaria, osaba bat, gero haria lotzen joaten zara, marrazkiak egitea ere gustatzen zitzaidan, eta iruditzen zitzaidan errazagoa argazkigintza, eta eskua ere banuela... Ideiak ateratzeko bide bat da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-01-28
Isabel Azkarateren lana, Tabakle
Kliska bakarreko argazkilaria

Donostiako Maria Cristina Hoteleko sarrerako eskaileretan dozenaka argazkilari elkar kolpatzen dira, argazki eta bideo kamerak eta objektibo eta lenteak daramatzaten zorroekin kargatuta. Jende multzoaren erdian emakume bakarra ageri da taldean. Ilea solte darama eta kamerarik ez... [+]


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


2023-09-03
Gabrielle Duplantier (argazkilaria):
"Argazkiekin ez nabil errealitatea harrapatzeko bilaketa batean"

Gabrielle Duplantier argazkilariarekin elkartu gara Baionan, Aturri bazterreko terraza batean. Esku artean erakusketarik ala liburu berririk ez duela, elkarrizketa zertaz izango den galdetu dio kazetariari, zehaztuz gainera argazki guti egiten duen bizi fase batean dela. Espazio... [+]


Eguneraketa berriak daude