Kritika eta ziria helduentzat, marrazki bizidunen bidez

  • Tabernan zigarroak eta kalean kontainerrak erretzen ziren garaikoak dira The Arlotes euskarazko marrazki bizidunetako protagonistak. Umorez eta musikaz lagundurik, Ruben Sanchez eta Uraitz Soubies proiektuaren egileak elkartu zituen XX. mende amaierako Gasteiz hura ekarriko dute gogora. Hamar kapituluak Argiako Beranduegi saioan egongo dira ikusgai; lehenengoa aste honetan.

Ruben Sanchez bertsolaria eta Uraitz Soubies musikari gasteiztarrak The Arlotes heldu zein gazteentzat egindako euskarazko marrazki bizidunen egileak dira. Gasteizko Kutxi kaleko ostegun famatuetako giroan, zurrut artean, sortu eta hogei bat urteren ostean gauzatu da proiektua. The Arlotes rock musika taldeko Harry, Bego, Iñi eta Goiz kideen bidez Gasteiz eta oro har, Euskal Herriko garai hura gaur egungo begietara ekarri dute.

Euskal Herriko komiki eta fanzine satirikoen tradizioari jarraiki, The Arlotes proiektuko egileak TMEO, Ostiela, Putz edota Sabinator bezalako lanen iturritik edanak direla nabari da. Baita nazioartean sona handia eskuratu duten The Simpsons edota Family Guy telesailetatik ere. Umorea, kritika, ziria eta musika baitira Arabako hiriburuan kokaleku duen atalkako marrazki bizidun hauen ardatzak.

Ordenagailuz animaturiko marrazkiez gain hezur-haragizko aktoreek antzeztutako eszenak ere tartekatu dituzte. Haien Twitter kontuan irakurri ahal izan dugunez, Txerra Bolinaga RIPeko bateria-jotzailea Enamorado de la muerte abestia jotzen azaldu zenekoa, tarteko.

Sanchezek adierazi digu marrazkiak maila teknikoan kalitate onekoak direla: “Halere, indar-guneak pertsonaien bitartez azaleratu nahi ditugun pasarte, kezka eta kontraesanetan daudela azpimarratuko nuke. Kaleko gai politiko eta sozialez diharduten marrazkiak, euskara gertukoaz eta gazte ikuspegitik eginda, jorratu gabeko esparrua dela”.

Musikak ere aparteko presentzia izango du. The Arlotes musika taldeak joko dituen abestiak Mexiko DF eta Gasteiz artean bizi den Soubies—Trikitixa Kontrairo eta La Mexikana Klandestina taldeetan aritutakoa— eta Sanchezek propio sortutakoak dira. Zentzu berean, eta egiletako bat bertsolaria izanik, bertsoaren munduari egindako keinuak ez dira urriak izango, lehendabiziko kapituluan Harryk Euskal Herriko bertsolari txapelketa irabazteko duen ametsak erakusten duen moduan.

Batetik, krisiak eta zenbait gauzetarako dagoen diru eskasiak eta bestetik, proiektua independentziaz burutu nahiak crowdfundingaren bidea hautatzera eraman ditu egileak, proiektuarekin aurrera egin ahal izateko. Azken urteotan gero eta ugariagoak dira Internet bidezko finantzazio kolektiboaren bitartez argia ikusten ari diren proiektuak. The Arlotes-ek inguruko lagun, saltoki eta zenbait komunikabideren laguntzaren bitartez eskuratu du beharrezko zuten 4.000 euroko babes ekonomikoa. Soubiesek esan digu proiektua ezagutarazteko bide eraginkorra dela: “Jendearengan sortu duen erantzun positiboak, segurtasuna eta animoak ere eman dizkigu”.

Argia ere proiektua diruz babestu dutenen artean dagoenez, seriea osatzen duten hamar atalak –zazpi eta hamar minutu artekoak– Beranduegi saioan eskainiko ditugu. Aste honetan hasi eta uztailaren amaieran sareratuko dute azken kapitulua. Atalek jasoko duten harrerak eta egileei geratuko zaizkien indarrek erabakiko dute uztailekoa proiektuaren amaiera izango den ala geldiunea.

Ikus The Arlotes-en lehen kapitulua:

The Arlotes taldeko protagonistak
Iñi

Gipuzkoarra. Lehen kolpean oso tipo gogorra dela ematen du baina lasaia da. Nahiko “normala”. Gaya da baina Harryk ez dio entenditzen. Bateria jotzen du.

Bego

Bizkaitarra da, hippy itxurakoa, eta arlotea den arren, taldeko intelektualena da. Gitarra jotzen du eta literaturan eta gai sozial eta politikoetan jantziago edo arduratuago dago.

Harry

Taldeko gasteiztarra, denetan arloteena eta bizitzaren aurrean heldu gabe dagoena. Taldeko abeslaria da, mami ona du baina findu gabea. Gurasoen etxean bizi da.

Goiz

Musika taldean lan egiten duen bakarra. Babak eltzetik ateratzen ohitua. Kastakoa. Jenioa soberan du. Pisuan bizi da Bego eta Iñirekin. Baxu-jotzailea.


ASTEKARIA
2013ko martxoaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Eguneraketa berriak daude