Euskal dualismoa (edo duelismoa)

Oraingoan bertsolariei eta idazleei egokitu zaie, baina euskal lurretan ohikoa dugu gure baliabide ez oso ugariekin sokarekin bezala tiraka ibiltzea: dena, edo ia, bitan zatitzen da hemen, politikan, kulturan edo euskalgintzan. Joera hori dugu, eta onartu beharra dago. Apika, zergatik gertatzen den aztertu beharko genuke (protagonismoen ego puztuak, ezinikusi inoiz ez aitortuak...), eta, batez ere, zertara eramaten gaituen.

Oraingoan, esan bezala, bertsolariei eta idazleei egokitu zaie duelua, eta horren berri jakitean Xenpelarren eta Iparragirreren arteko hura etorri zait gogora, musika eta guzti. Ez bainuen ideiarik kontu honi buruz, Juan Luis Zabalaren Nahi edo nahi ez, haurride artikulua irakurri arte (Berria, 2013-01-31). Ez nau harritu, euskal duelurako zaletasunaren hamaikagarren adibidetzat jo dudalako, baina ez nuen espero. Eta, nire oharkabean, albisteak ez dit eman atsegin (disgustu handirik ere ez, bestalde).

Izan ere, nik biak maite ditut, literatura idatzia eta bertsolaritza, biak iruditzen zaizkit interesgarri aldika, eta biekin gozatzen dut, plazer ematen badidate: bertso guztiek ez dute lortzen, ezta liburu guztiek ere. Eta hori normala da, inork ez baitu zertan izan gogoko munduan interesgarri jotzen den oro.

Agian horregatik ez dut oso ongi ulertzen duelu honen nondik norakoa, eta aizun samarra (dantzen antzera, aretokoa?) dela pentsatzera ere iritsi naiz. Ulertzen ditut argudioak: bi diziplina direla (nahiz biek ala biek hitzak, euskarazko hitzak, dituzten lantegi...) eta horietako batek ikuskizun kutsu hartu duela zenbait kirolen antzera (ez al zuten hitzaren kirol nazionala izendatu aspaldi?). Eta uler dezaket bi eremuetako jokatzaileek elkar hartuta egon beharrean zeharka baino ez egitea so elkarri. Haatik, elkar begitan hartzen hasteak euskaldunok hain kutuna dugun elkarren arteko auto-boikot arraro horren itxura hartzen du, berriro ere.

Eta beti eta gauza guztietan bat etorri beharra aldarrikatzen duten horietakoa ez banaiz ere –besteak beste, herri honetan, batasunak aldarrikatu ahala bitasunak egiten trebeak garelako–, kostatzen zait irudikatzea zer bateraezintasun klasek galarazten ahal digun aldi berean aurrera egitea letra idatzietan eta hitz kantatuetan (antzerkia eta bertso-paperak barne). Ez bada egoak hegoak astintzen hasi direla. Edo ezinikusiak ikusgai bilakatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude