"Herri honi benetako argazkia egingo dio Udalbiltzak"

  • Gasteizen jaioa, 1974an. Turismo ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. EA alderdiko kide da, eta Arabako Batzar Nagusietan batzarkide izan zen 2003tik 2007ra. Egun Gasteizko Udalean zinegotzi dabil Bilduren izenean. Udalbiltza berregituratzeko talde eragileko bozeramaile da. Martxoaren 2ko batzar eratzailea antolatzen dabil orain.

"Hamairu urte hauetan Udalbiltzaren bi espresioek egindako gauza on eta txarretatik ikasi behar dugu".Josu Chávarri

2012ko martxoaren 31n aurkeztu zenuten Udalbiltza berregiteko nahia, zer sukalde lan egin duzue aurretik?

Egoera politiko berriak gauza asko ekarri ditu eta horietako bat da Udalbiltza. Zain zegoen kontua zen eta orain errazagoa da lanean hastea. Alderdien arteko sukalde lan normala izan da, beste gai askorekin egiten den moduan. Azkenean, ez da bakarrik Udalbiltza, aukera berriak zabaldu dira, esaterako Bildu gisako koalizio bat osatzeko.

Hautetsien iritziak biltzen jardun duzue orain arte.

Aste bakarrean ehun erantzun baino gehiago jaso genituen. Batzuk oso zuzenak izan dira, baina beste batzuek ekarpen sakonak egin dituzte. Horren gainean balorazioa egin beharko dugu orain.

Eta zer sumatu duzue orokorrean erantzun horietan?

Zehatz-mehatz ezin dut askorik aurreratu, ez da galdetegi erraza aztertzeko. Dena den, gauza batzuk nahiko argi ikusten dira, esaterako elkarlanerako nahia, hori behin eta berriz azaldu da hautetsien erantzunetan.

Zenbat zinegotzik eman dute atxikimendua?

Azkeneko datuen arabera 1.206 lagunek eman diote babesa Udalbiltzari, zinegotzi eta alkateen artean. Zenbaki borobilak dira, areago alkateen atxikimenaren kasuan, kopuru polita bildu dugu. Baina ateak ez daude itxita, hemendik gutxira askoz gehiago izan gaitezke.

Udalbiltza 1999an sortu zen, baina laster barruko batasun hori hautsi egin zen eta bi sentsibilitate sortu ziren, tartean ETA jarduera armatura itzuli zen… Zer irakaspen atera daiteke iragan horretatik?

Deia egin genuenean garbi esan genuen: 13 urte hauetan Udalbiltzaren bi espresioek egindako gauza on eta txarretatik ikasi behar dugu. Gauza asko gertatu dira eta horiek kontuan hartu behar ditugu derrigorrez. Momentu hartan zailtasunak izan ziren, baina egoera asko aldatu da eta orain ez dago inolako arrazoirik bananduta egoteko.

1999an Euskalduna Jauregian ezarritako printzipio berak aldarrikatu dituzue. Baina zein lirateke Udalbiltzaren helburu zehatzak?

Helburuak berak dira. Euskal Herria desegituraturik dago, bai administrazioari eta baita lurraldetasunari dagokionez ere. Bestalde, oraingo marko juridikoak ez die erantzuten euskal herritarren beharrei, ez daukagu estatu propiorik eta nazio borondateak ez du erantzunik. Udalbiltzak egoera horri buelta emateko tresna izan behar du, horretan lagundu behar du.

Sektoreen artean bilerak egin dituzue, zertarako?

Gaur egun Euskal Herria datutan nola dagoen ez dakigu. Ekonomiaren, enpleguaren edo etxebizitzaren inguruan EAEko datuak, Nafarroakoak eta Akitaniakoak –Iparraldekoak ere ez baititugu– banatuta daude. Gipuzkoak Errioxarekin has dezake lan ildo bat, eta aldiz Iparraldearekin ez du egiten, errazago litzatekeen arren. Baina daturik ez dugunez, ezin jakin. Udalbiltzak horretan ere lagundu behar du, datuak eskaini eta beharrak non dauden jakiteko.

Zinegotzien %18ak eman dio babesa oraingoz. Ez al du hanka motz geratzeko arriskurik?

1999an EAJko zinegotzi guztiak batera sartu ziren eta orain ez da hori gertatu, baina uste dugu hau ez dela definitiboa, Udalbiltzak badauka abertzale ororentzat konexio berezi bat. 2011ko hauteskundeen ondoren Bilduk aukera zuen prozesu hau guztia bakarrik hasteko, zinegotzi kopuru ederra dauka-eta. Baina gauzak beste modu batera egin nahi ditugu, aniztasunak ematen digu indarra eta lanean jarraitu behar dugu.

Zein izan da EAJren ingurutik jaso duzuen erantzuna Udalbiltzan ez parte hartzeko?

Herri honetan beti dago hauteskunderen bat edo horrelako zerbait, eta zaila da erabakiak hartzea. Kontaktuak izan ditugu exekutibekin eta behin eta berriz esan dugu ateak irekita ditugula.

Aurreko Udalbiltzaren proiektu sendoenetako bat “Zuberoa Garatzen” izan zen. Identitatearen aldarrikapenetik harago, zer egin dezake Udalbiltzak orain gauden egoera ekonomikoari begira?

Benetako argazkia egin behar dugu. Nazio eraikuntza bultzatzeko adar asko dago, ez da soilik hitz politiko potoloak esatea, alor guztietan eraiki daiteke: gizartean, kirolean, hain txarto pasatzen ari den lehen sektorean… Baina lehenik ikusi behar dugu argazki orokor hori zein den, horregatik jarri dugu prozesu parte hartzailea martxan. Martxoaren 2ko biltzarretik aterako den zuzendaritzak finkatuko ditu lehentasunak, hausnarketa egin ondoren.

Aukeren artean dago diru-laguntzak eta funtsak sortzea?

Lehen ere egin da halakorik. Udalbiltzaren lana herrietatik sumatu ahal izango da, hautetsiek esango dute zein diren beharrak eta arazoak, eta herritarrek ikusi ahal izango dute ekimen horiek eragina dutela beren herrian. Erakundearen udal izaera aprobetxatu behar dugu herritarrengandik gertuago egoteko, guk dugu gure herriaren berri.

EAk Udalbide barruan egin zuen ibilbidearen zati bat. 2006an esan zuen Udalbide “dirulaguntzak kudeatzeko leihatila” bihurtu zela.

Orain ez dago inolako arrazoirik bi espresio horiek egoteko. Esaterako, Jesus Mari Agirrezabala Udalbitza-Udalbideren lehendakari orde izandakoa, orain lanean ari da Udalbiltzaren berrantolaketan. Dena den, Udalbidek 2012ko Aberri Egunean kaleratutako oharrean zioen, hasierako printzipioek balio dutela egungo egoera politikorako. Beraz, ez dugu uste arazorik egon daitekeenik.

Bilduk agintzen duen udaletan ez diote Eudeli kuota ordainduko. Eudel barruko tira-bira horiek eraginik izan al dute Udalbiltzak babes gehiago ez izateko?

Asko hitz egin da Udalbiltza eta Eudeli buruz, baina gauza guztiz ezberdinak dira. Ez dakit nahita piztutako polemika izan ote den edo zer gertatu den. Eudelen EAEko udal guztiak eta Nafarroako batzuk daude eta batik bat aholkularitza teknikoa eskaintzen du. Udalbiltza zazpi lurraldeetako nazio erakundea da, helburu guztiz diferentea duena. Kontua da denboran bat egin dutela Udalbiltzaren berrantolaketak eta Bilduk Eudeli egin dizkion kritikek.

Baina kritika horiek kalte egin diote Udalbiltzari?

Kalte egin badiote, ez dugu ulertzen zergatik. Gu beste gauza batez ari gara. Dena den, Bilduk ez dio kritika Eudeli berari egin, funtzionamenduaren eta izaeraren inguruan hausnarketa sakona egin behar dela esan du, eta ez dugu erantzunik jaso. Bildu da Euskal Herriko lehen indarra udal eremuan eta Eudelen zuzendaritzan ez dugu ordezkaririk, herritarrek bozkatu dutena ez dago islatua zuzendaritza horretan. Baina askoz okerrago dena, udalak larri dauden garaiotan, Eudel desagertuta dago.

Katalunian udalek protagonismo berezia izan dute, erreferendumak antolatu dituzte eta euren burua  “udalerri katalan independente” izendatu. Zer hausnarketa eragiten dizue horrek?

Udalen lana ezinbestekoa da, horregatik du Udalbiltzak halako garrantzia. Katalunian gertatutakoaz asko ikasi dezakegu, azken batean udalen bidez gauza mordoa egin dezakegu, eta ziur halako ekimen ugari irtengo direla. Proiektu bat aurrera atera nahi duzunean, ideia guztiak ongi etorriak izaten dira, eta beste tokietan gertatzen ari denari erreparatu behar diogu sinergia horiek aprobetxatzeko.

Herri honetan badaude soberanistak ez diren herritarrak, zinegotziak eta udalak. Udalbiltzak zer eskaini diezaieke?

Udalbiltza Euskal Herria aintzat hartzen dugunon bilgunea da. Hori garbi daukagu eta helburuak hor daude. Ezin ditugu zalantzan jarri.  Tira, PPko zinegotziak ez dut uste inoiz Udalbiltzara etorriko direnik. Baina Euskal Herria eraikitzeko modu asko daude, ez bakarrik identitate edo burujabetza kontuekin. Zinegotzi batek ikusten badu bere herria indartuta atera litekeela, errazago izango zaio Udalbiltzan parte hartzea. Noski, bakoitzak bere tokia izango du. Guk garbi duguna da edonorentzat irekita dagoen erakundea dela, ez diogu inori betorik jarriko, Euskaldunako bost printzipioak argi izanda, beti ere.

Izan duzue kontakturik alderdi sozialistako ordezkariekin?

Talde eragileak ez. Hori alderdi bakoitzaren lana da, exekutiben bidez harreman horiek izatea.

Martxoaren 2ko batzarraren ondoren, zein izango da agenda?

Batzar horretan zuzendaritza berria hautatuko dugu eta bera izango da proiektu espezifikoei izenak eta epeak jarriko dizkiena.


ASTEKARIA
2013ko otsailaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udalbiltza
‘Hamarreko bitxia’ ipuin liburu kolektiboa argitaratu du Udalbiltzak

Udalbiltzak 2021etik antolatzen du Geuretik Sortuak sormen beka. Oraingoan, literaturaren alorrari dagokion Hamarreko bitxia ipuin liburua aurkeztu dute Donostian.


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


2021-04-27 | ARGIA
Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" proiektua
26 artistek bere herria ez den batean landuko dute bere obra

Udalbiltzak bere lehen kultur-egitasmoa martxan jarri du: Geuretik Sortuak proiektua. Artistek beren sormen lana burutzeko hiru aste bitarteko egonaldia egingo dute, bere bizilekua ez den herri batean. Udalbiltzak azaldu duenez, proiektu honek "euskal kultura Euskal Herriko... [+]


2020-12-27 | Estitxu Eizagirre
Udalbiltzaren 'Hauspotu' programa
Lur gorrietan ekonomia eraldatzaileaz herritarren bizitza eraikitzen

Artikulu honek udalgintza eraldatzailearen adibide praktiko bat azaltzen du: despopulazioa, langabezia edo zerbitzuen irisgarritasunean arazoak dituzten zonaldeetan ekonomia suspertzeko Udalbiltzak eta Olatukoopek elkarrekin martxan jarritako Hauspotu programa, hain zuzen... [+]


Eguneraketa berriak daude