Aterrunea ekaitzaren erdian

  • Argia Sarien aurtengo edizioak denetarik utzi digu: eskariak eta txaloak, txisteak eta momentu hunkigarriak, despedidak, omenaldiak, hausnarketak... Beste behin ere, kazetaritzako eta kulturgintzako ordezkarien plaza bilakatu da Usurbilgo Atxega jauregia.

 Zutik: Estepan Aldamitz eta Nerea Iriarte (Azpimarra), Arantza Kaltzada (Portobello,  Asier Leozen ordez), Maddalen Iriarte (Azpimarra), Felipe Juaristi (Euskadi Irratia), Edu Lartzanguren (Berria), Eire Vila eta Arantxa Uriguen (Dantzan.com). Makurtuta:
Zutik: Estepan Aldamitz eta Nerea Iriarte (Azpimarra), Arantza Kaltzada (Portobello, Asier Leozen ordez), Maddalen Iriarte (Azpimarra), Felipe Juaristi (Euskadi Irratia), Edu Lartzanguren (Berria), Eire Vila eta Arantxa Uriguen (Dantzan.com). Makurtuta: Beñat Zarrabeitia eta Amaia Esnal (Herrira); Eneritz Urkola, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi (Bertsoa.com) eta Oier Araolaza (Dantzan.com).

Euriak, elurrak eta txingorrak tregua txikia eskaini zuen Argia Sarien banaketan. Aterki gabe eta  lehor iritsi ziren gonbidatuak zitara. Baina euskalgintzako eragileek badakite bustitzen, badakite oinak lokatzetan sartzen, ohituta daude. Horixe izan zen ekitaldiko aldarrikapen nagusietakoa.

Otordu aurrean Argiak kaleratutako Bixente Ameztoiren azalen bildumaren berri eman zuen Elixabete Garmendiak; bera eta Joseba Sarrionandia aritu dira buru-belarri proiektuan. Marrazkilariak 1978an astekariarentzat egindako hamarnaka portada dira, garai hartako giroaren erakusgarri paregabeak.

Postrearen orduan Xabier Letona Argiako zuzendariak hitz batzuk egin zituen euskal prentsaren egoeraz (37. orrialdean hitzaldia osorik), eta herri ekimeneko komunikabideen eta hedabide publikoen finantzazioan dauden aldeak azpimarratu zituen.

Sarien banaketa hastearekin, Bertsoa.com-eko Jexux Mari Irazuk datu andana eman zuen proiektuaren sendotasuna azpimarratzeko: “2005ean, Youtubek Internet ezagutu baino lehen, bertsoa jada bazebilen sarean”. Bestetik, Oier Araolaza Dantzan.com-eko sortzaileak webgunearen zailtasunak nabarmendu zituen. Hilabete batzuez ixtera beharturik, dantzarien komunitateak lagunduta berpiztu dute Dantzan.com. “Badakigu epe laburreko lora izango dela hau” aitortu zuen Araolazak, baina sinetsita agertu zen dantzari eta dantzazaleen artean beti izango dela komunikatzeko behar hori.

Edu Lartzangurenek Berrian elkarrizketatu dituen ehunka sortzaileak izan zituen gogoan; Asier Leoz Portobello irratsaioko gidariak Madrildik eman zituen eskerrak bideoz –Arantxa Kaltzada Euskadi Irratiko programazio arduradunak jaso zuen saria bere ordez–; eta Herrira mugimenduko Amaia Esnalek gogorarazi zuen ostirala zela, eta presoen senide asko bidaia luzea hastear zela une horretan –Lander Garroren Denbora film laburrarengatik jaso du Herrirak publizitate arloko saria–.

Azpimarra saioaren aurkezle Maddalen Iriartek azaldu zuen hunkituta jaso dutela Telebista saria; kalean jasotako animoek eta zoriontzeek “jada badute ikurra”, adierazi zuen. Bestalde, ETBren inguruko hausnarketa plazaratu zuen: ETBk epe luzerako proiektua behar duela nabarmendu zuen, eta euskal hiztunek eguneroko telebista “normal” bat merezi dutela; Euskadi Irratia jarri zuen horren eredu.

ETBrekin bateratsu jaio zen Euskadi Irratiak 30 urte bete ditu aurten. Argiak Merezimenduzko saria eman dio “euskararen zabalkunderako tresna garrantzitsu” bihurtu delako eta jakin duelako “gero eta entzule gehiagorengana iristen”. 

Txalo zaparrada eta irribarre artean amaitu zen ekitaldia. Norbere txokora itzuli zen, zerua oskarbi zela, baina jakitun bihar edo etzi euria egingo duela, eta bustitzen segitu beharko dutela euskarazko komunikazio proiektuen alde.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude