argia.eus
INPRIMATU
Vince Juaristi
"Historia hau aitarena eta nirea da, baina etorkin ororen historia ere bada"
  • Elko (Nevada) eta Bizkaia ditu bihotzean Vince Juaristik (1969). Aita, Joe, Lekeition jaio zen, baina Elkora joan eta han bizi da egun. Urtetan ikusi gabeko arreba bizkiarekin elkartzeko aita-semeak Euskal Herrira egindako bisita jaso du Vincek Back to Bizkaia liburuan (UNP, 2011).

Monika Madinabeitia 2013ko urtarrilaren 27a
Joe eta Vince Juaristi aita-semea Ipar Amerikako gailur altuenera egindako bidaian, Alaskako McKinley mendian, 2006an.
Joe eta Vince Juaristi aita-semea Ipar Amerikako gailur altuenera egindako bidaian, Alaskako McKinley mendian, 2006an.

Nevadan jaiotakoa zara, Elkon, baina Euskal Herriarekin lotura handia duzu.

Txikitatik izan dut harreman handia Euskal Herriarekin; Elko bera bezain gertukoa izan da beti. Aitona-amona eta osaba-izeben inguruan entzuten nuen sarri: askotan kontatzen zen gure etxean aitaren haurtzaroa Lekeition edota nire amaren ama nola etorri zen Asartatik, Nafarroatik. Elkon ospatu behar zen Euskal Jaiari buruz ere entzuten nuen, eta bertako dantza, aizkolari eta harri-jasotzaileen inguruan. Hori baino ez nuen ezagutzen txikitan. Hori zen nire mundua. Gaztetan ezagutu, barneratu eta betiko mantentzen den harremana da.

Nolakoa izan zen gurasoen esperientzia AEBetara iritsi zirenean?

Aita 1948an etorri zen AEBetara, ama Rose aldiz hemen jaiotakoa da, bere ama Nafarroatik etorri zen, XIX. mende bukaeran. Aitak hainbat artzainendako egin zuen lan: sua egin, latatik jan, erreketan arrainak harrapatu eta zerupean bizi zen. Gogor egiten zuen lan. Dirua aurreratzen saiatzen zen, diru gehiago egiteko asmoz. Urte batzuk geroago Elkora aldatu zen. Star Hotelean zerbitzari aritu zen, nahikoa diru aurreztu eta berau erosi zuen arte. Bertan ezagutu zuen nire ama. Star Hotela saldu, amarekin ezkondu eta BlueJay Bar taberna erosi zuten. Han zeudela jaio nintzen ni. Gogoan ditut agure euskaldunak musean tabernako izkina batean. Amak txorizoa egin eta aitak garagardoa eta ardoa zerbitzatzen zituen egun eta gau. Tabernako azken bezeroak joan ondoren, lehertuta zeudela, taberna itxi, edalontziak eta mahaiak jaso eta taberna garbitzen zuten. Argiak itzali, ohera joan eta hurrengo egunean goiz jaiki behar izaten zuten berriz ekiteko. Ondoren artzain baserri txiki batera joan ginen bizitzera. Etorkinaren esperientzia betidanik egin zait gogorra. Nire gurasoen esperientzia ez da Ameriketara etorritako beste etorkinenetik oso desberdina. Oso gogor egin zuten lan, amets amerikarrean sinesten zutelako. Amets horrek gogor ekitera bultzatzen zituen, etorkizun errazagoa eta oparoagoa nahi zuten seme-alabentzat. Eta lortu zuten, nire ustez.

Orain gutxi aitarekin izan zinen Euskal Herrian.

Aita Euskal Herrira eramatea erabaki nuen bi arrazoirengatik; bata praktikoa eta bestea nostalgikoa. Aitak arreba bizkia zuen, Anita. Anitaren osasuna okerrera zihoala jakin nuenean, joan behar genuela pentsatu nuen. Gure bisitaren ondoren hil zen Anita, urtebetera. Bestalde, aitaren arima elikatzea ere banuen helburu. Bere haurtzaroko jendea eta lekuak berriz ikustea nahi nuen, jaioterriko airea arnastea eta bizitzako gazi-gozoak gogoratzea. Batzuetan aita emozionatu eta barre eta negar egiten zuen, oroitzapen zaharrak gogora zetozkiola. Arreba bizkia ikusi zuenean, hitzik gabe geratu ziren, isiltasunean, bien arteko begirada eta irribarre. Elkar besarkatu eta negar egin zuten. Horren purua izan zen momentua, nire memorian gelditu dela betiko.

Nola bizi izan zenuen bidaia hori?

Guraso batek onena nahi du seme-alabarentzat, eta alderantziz. Aitarekin izandako esperientziak bidaia bat osatzen du. Txikitatik entzun izan ditut kontuak, aitaren iraganekoak eta jaioterrikoak, garai gogorretan jaiotzeari eta Ameriketara etortzeari buruz. Euskal Herrirako bidaia horretan aitak bere bizitzako bidaia borobildu du eta Euskal Herria begi berriekin ikusi. Seme bezala, nire betebeharra zen bere bizitza-bidaia osatzea.

Nola bururatu zitzaizun bisita horretatik liburu bat idaztea?

Ez zen nire asmoa libururik idaztea. Bidaian aitak lo kuluxkak egin behar izaten zituen eta bitartean nik ikusitakoa, entzundakoa, ezagututakoa, sentitutakoa koaderno baten jaso nuen. Bizkaira bueltan beharrean, Lo kuluxken artean izan zitekeen liburuaren izenburua. AEBetara bueltatu nintzenean, apunteak txukundu nituen gordetzeko asmoz. Oroitzapenetan oinarrituta, ikusitakoa luzatu eta Elkon hazitako euskal haurraren historia berriak gehitu nituen. Laster osatu nuen Back to Bizkaia izango zenaren zirriborro mardula. Txikitako lagun bati erakutsi nion idatzitakoa –hau ere euskal semea– eta berak animatu ninduen argitaratzera. University of Nevada Press-ek segituan onartu zuen.

Ezagutzen duzu Robert Laxalt euskal-amerikar idazlearen Sweet Promised Land?

Bai, orain dela gutxi irakurri dut. Antzekotasunak daude bion lanaren artean; adibidez, aita-semearen historia, semea aitaren jaioterrian. Laxaltek aita haren jaioterrian ikusteko aukera izan zuen, nik neuk bezala. Halere, desberdintasunak gehiago dira. Back to Bizkaia Euskal Herrian eta Espainian kokatuta dago, baita Elkon ere. Aita eta bizkia elkartzen direnekoa du ildo nagusi, luzaroan bata bestearengandik bananduta egon diren bi pertsona. Aitarentzat ezagunak eta ezezagunak diren herrietara egindako bisitak ere kontatzen ditut, eta nire bizitzari buruzko kontuak: ardiekin lanean, Elkoko Euskal Jaia… Historia hau aitarena eta nirea da, baina zentzu askotan etorkin ororen historia ere bada.

Nolakoa da zure harremana Euskal Herriko sendiekin?

Txikitan Gabonetan beti dei bat egiten genuen Euskal Herrira. Aitak arrebari deitzen zion. Telefonoa pasatzen zigun eta hitzen bat edo beste elkartrukatzen genuen arren, ez zen benetako komunikazioa. Aldiz, deia Euskal Herritik jasoz gero, bagenekien berri txarren bat zetorrela. Telefonoak jotzen zuenean amak erantzuten zuen normalean. Konexio eskasa zela-eta bolumena igotzen zuen eta hizkuntzaz aldatu. Hortaz, berehala genekien Euskal Herritik norbaitek deitu zuela. Ondoren, heriotza, istripu edo gaixotasun larriren baten berri izaten genuen. Horiek izan ziren urteetan izandako elkarrizketa txikiak, Facebook eta e-posta agertu arte. Ni lau bider egon naiz Euskal Herrian; aldiz, nik dakidala behintzat, nire sendiak ez dira oraindik AEBetan izan. Oso gustura hartuko nituzke hemen!

Nongoa sentitzen zara?

Galdera zaila... Amerikarra naiz, euskal jatorriarekin. Ez naiz inoiz beste ezer sentitu. Baina amerikarrak arraroak gara zentzu horretan. Amerikarrak sentitzen gara. Gure herrialdearekiko lotura handia dugu, bandera, konstituzioa... Baina identitate pertsonalarekin ere badugu lotura, gure ahaideak etorri ziren herrialdeekin. Bi identitateak daramatzagu, beti, edonon gaudela.

Euskarak zein presentzia du familian?

Gurasoek ingelesez hitz egiten zuten gu txikiak ginela. Elkarri zerbait pribatua esan nahi bazioten, gaztelaniara jotzen zuten. Aitak baino ez daki euskaraz, amaren aldetik inork ez zekien eta nik eta nire arrebek beti hitz egin dugu ingelesez. Orain garbatuta nago ez dudalako euskara ikasi. Askotan pentsatzen dut ahalegin hori egin beharko nukeela, baina honez gero zaharregia naiz.

Hiru eratara erabiltzen du aitak euskara. Adibidez, matematikak egiteko edota kontuak botatzeko, atzamarrak mugitzen dituela, baxu-baxu, bat, bi, hiru, lau, bost… entzuten zaio. Bere belaunaldiko euskaldunekin ere euskaraz egiten du. Nire aita-pontekoa Biarritzekoa zen eta askotan etortzen zen etxera bisitan. Biak ezin isildu egoten ziren. Aitak mus eta arrantzaren inguruan asko hitz egiten du. Bere garaiko beste gizonekin elkartzen denean segituan hasten da euskaraz. Guztientzat harrotasun eta poztasun ikurra da euskaraz hitz egitea eta euskara entzutea. Azkenik, aitak biraoak beti euskaraz esan ditu. Ez dugu euskara ulertu beharrik jakiteko aita haserre dagoela.

Nola ikusten duzu euskal komunitatea AEBetan, batez ere mendebaldean?

Bi zatitan dago banatuta. Alde batetik edadetutako gizon eta emakumeak daude, nire aita bezala. Euskal Herritik etorri ziren Bigarren Mundu Gerraren ostean lana bilatzeko asmoz. Txapela daramate, ardoa edan eta musean aritzen dira; euskaraz hitz egiten dute, edo oinarrizko ingelesa. Gogorrak dira, gogor egin behar izan dute lan. Dirua aurreztu zuten eta orain ere horrela egiten dute. Beste taldea izango litzateke lehen belaunaldi horren fruitua: 1960-70eko hamarkadetan jaio, AEBetan eskolatu eta gurasoengandik lana gogor egiteko eta finantzetarako zentzu ona jaso dutenak; amerikar jaioterria besarkatu dutenak, unibertsitatera joan, gogor lan egin eta aukerak aprobetxatu bizitzan aurrera egiteko, baina haien arbasoez oso kontziente dira. Baskoak dira, bai, sustraiak omentzen dituzte eta ez dituzte ahazten aita-amen sakrifizioak.