Bestelakoak 

Krisialdi honi aurre egiteko estrategia baikorragoa


Baleren Bakaikoa Azurmendi

2354. alea
2013-01-27
alde 2    kontra 0

2000. urtean Europako Kontseiluak Lisboako Akordioa onetsi zuen. Akordio honen arabera, 2010erako Europako Batasunak AEBetako eta Japoniako ekonomiak harrapatu behar zituen. Horretarako, beste betekizun batzuen artean, lau helburu azpimarratu zituzten: 1. I+G+b-ko gastuak (inbertsioak dira) BPGren %3ra heltzea. 2. Gizonezkoen populazio aktiboa %70 izatea eta emakumeena %60. 3. Enplegu betea 2010erako (sic). Eta 4. Batez besteko urteroko hazkunde tasa %3ra hurbiltzea. Orain, helburu horiek 2020ra atzeratu dira.

Jadanik 2008ra iritsi aurretik helburu horiek porrot egin zuten eta okertu finantza krisiarengatik. Eta geroztik egoera txartu egin da, batik bat Espainiako Estatuan non aurrekontuen ia laurdena finantza erakundeetara doan, hain zuzen 2013an 40 mila milioi inguru izango dira. Geratzen den diru kopurua, txikiagoa denez, hezkuntzak eta osasungintzak pairatuko dituzte murrizketak, beste hainbat gizarte gastuk ezagutuko dituzten bezala. Aipatu murrizketa horien ondorioz, eskola uzteak areagotu egingo dira eta pertsona ugarik, batik bat adinekoek eta gaixoek, ezin izango dute osasun sistemaz behar adina profitatu.

Nahikoa frogatuta dago herrialde batek aurrera egin nahi badu eta lehiakorra izan, gupidarik gabeko sistema kapitalista honetan, ikerketan aitzindari izan behar duela. Teknologia eta ekoizpen prozesuak kopiatuta oso aurrera joaterik ez dago. Goi mailan egoteko asmakuntzak oinarrizkoak dira. Ezin daiteke ibili euskal enpresari askok duela 40 urte pentsatzen zutenarekin, alegia, “amerikarrak asma ditzatela, guk patenteak erosi eta martxan jarriko ditugulako”. Lehiatzeko ikertu egin behar da, ez soldatak murriztu.

Nahikoa frogatuta dago herrialde batek aurrera egin nahi badu eta lehiakorra izan, gupidarik gabeko sistema kapitalista honetan, ikerketan aitzindari izan behar duela. Teknologia eta ekoizpen prozesuak kopiatuta oso aurrera joaterik ez dago

Bestalde, epe luzeko krisialdiari aurre egiteko, Kondratieff-en zikloan alegia, industrian aldaketa erraldoiak gauzatu behar dira eta horretarako asmakizunak praktikan ezarri. Hau guztia ikerketarekin lotuta dago eta enpresari iaioak behar dira, ikerkuntza berriak indarrean jarriko dituztenak.

Baina beldur naiz ez ote garen berriro aipatu menpekotasun horretan eroriko. Izan ere, aurreko hamarkadako lehen urtetan zenbait urrats positibo eman ondoren, atzera bidea egiten ari baikara. Oro har, Espainian azken bi urteetan, I+G+b-ko gastuak %31 urritu dira, 2010ean gastu hauek bere gailurra ezagutu ondoren: BPGren %1,39. Hurrengo urtean, 2011n, %1,33. Bien bitartean gastu horiek EAEn %2,08 eta 2,04 izan ziren, hurrenez hurren, EBkoaren gainetik. Hala ere, ez gaude kanpaiak jotzeko moduan, 2000. urtean finkatutako helburutik oso urrun baikaude, are urrutiago AEB, Japonia eta Suediarekin alderatzen bagara non gastu horiek %2,87, 3,36 eta 3,37 diren.

Honen guztiaren ondorioak zeintzuk izango dira? Jadanik begi-bistakoa da: emigrazioa. Gazte kualifikatuek ez dute lanik aurkitzen eta herrialde aurreratuetara doaz. Hemengo diru publikoarekin prestatu dira eta etekina kanpoan utziko dute. Gazte horiez gain, prestakuntza apalekoek ere emigratu beharko dute, eskulan merkeko merkatua osatuko dute eta gaur egun Afrika eta Hego Amerikako etorkin askoren lanpostuak beteko dituzte Europako herrialde aberatsenetan, AEBetan, Kanadan edo Australian ez bada.

Beraz, egoera hau itzuli nahi badugu, zenbait errezeta egon badaude. Gure agintari eta enpresari arduratsuagoen esku dago norabide baikorragoari heltzea.



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 

Publizitatea

azala  
azala2353
 
azala2352

2354 zenbakia.
2013ko urtarrilaren 27a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys