Espainia, munduko 30 ustelenen artean

“Espainian ez da aste bakarra pasatzen ustelkeria arazo bat hedabideetako tituluetan agertu barik”. Arte telebista kate frantziar-alemaniarrak Espainiako ustelkeriaz egindako dokumental baten aurkezpen gisara jaurtitako eztena da, baina ez dabil urruti. Wikipediara bisita bat eginez eta “ustelkeria Espainian” jarriz gero, primeran ikus daitezke ehunka kasuetatik dozenaka ezagunenak: oraingo Bárcenas PPko diruzain ohiaren kasua, Alcorcóneko udalaren (PSOE) legez kanpoko mailegunena, Carlos Divar Espainiako epaileen buruzagiaren gastuena, Pitiusa operazioa, errege familiako Urdangarinena, EEE faltsuen auzia Andaluziako Gobernuan (PSOE), Zarrafalla, Gescartera, Forcem, Tabacalera-Allierta, Villalonga, Filesa, PSV, Barrionuevo-Vera, Gerra anaiena…

Rajoyren Gobernuaren oraingo garaian, Rodriguez Zapaterorenean, Aznarrenean, Felipe Gonzalezenean edo Adolfo Suarezenean, Espainiako demokrazia beti gaztearen gobernu garai guztietan, ustelkeria auziak handiak izan dira, bereziki azken 25 urteetan, etxebizitzen burbuila eta berarekin batera sortu zen finantza burbuila handitzen aritu diren bitartean.

Espainian asko eta erdeinu kutsuz hitz egin eta idazten da errepublika bananeroetako ustelkeriez. Bere errealitatea, ordea, ez da askoz hobeagoa. Bada Nazioarteko Gardentasuna izeneko GKE bat eta urtero egiten du mundu mailako 176 herrialderen ustelkeria zerrenda. Iragan abenduan aurkeztu zuen 2012ko txostena eta aipatu zerrendan munduko ustelen artean Espainia 30.a zen.

Ez da erraza ustelkeria, alderdi handiak eta herritarren arteko hiruki horretan gertatzen dena ulertzea. Baina ustelkeria energiaren gisako zerbait dela iradokitzen du, ez da ez sortzen ez desagertzen, eraldatu baizik.  Hedabideetan eta kalean egiazkoa eta orokorra den ustelkeriarekiko mespretsu orokorra dago, bereziki politikarien artean ematen denarekiko. Gero, ordea, oso agerian dago ustelkeria politikoaren kasu gehienak PP eta PSOEri lotutakoak direla, hau da, urtea joan eta urtea etorri Espainiako alderdi bozkatuenei eta boterean txandakatzen diren horiei.

PPko diputatu ohi Jorge Triasek (El País, 2013-01-21) salatu du PPko buruzagiek urteetan jaso dituztela milaka euro gainsari gisa. Eta kontatzen du baita ere Aznarren lehenengo legealdian, Espainiako Kongresuko azpibatzorde batean saiatu zirela alderdien finantzazio anonimoak debekatzen eta ez zutela lortu. Azkenean, Rodriguez-Zapateroren agintaldian lortu zen.

Esanguratsua da, halaber, Fernando Rodriguez ustelkeriaren aurkako fiskal honen ikusmoldea. Ez da batere baikorra ustelkeriaren aurkako borrokaz eta, bere esanetan, “metraileta gaizkilearen aurka baino gaitzagoa da moketa gaizkilearen aurka egitea” (El País, 2013-1-20).

Euskal Herriko hegoaldea ez da salbu, noski. Eta ustelkeria mailak hegoko auzokoen kolorerik ez badu ere, ustelkeria pasarteak ugariak dira. Urralburu eta Otano auzia izan liteke horietako ospetsuenetakoa, eta seguruenik ez da kasualitatea gaur egun diren balizko ustelkeria kasuak erresuma zaharrari lotutakoak izatea. Cervera eta Nafarroako Kutxaren auziak hor  dira gori-gori. Eta kasualitatea orain ere, orain arte bederen, Foru Legebiltzarrean Nafarroako Kutxaren ikerketa ukatu duten alderdi bakarrak UPN eta PSN dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
Ustelkeriaren normalizazioa

904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]


Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


Iberdrolaren kontrako isuna 85 milioi eurotik 5,4 milioira jaistea eskatu du fiskalak

Ustelkeriaren kontrako Espainiako Estatuko fiskalak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an, eta urtegietatik ura kentzen aritu zela frogatutzat eman du, konpainia elektrikoaren kontra egiten ari diren epaiketan.


Eguneraketa berriak daude