Azken harresia

  • XVI. mendean Donapaleu Nafarroako koroaren egonleku izan zen, erbeste gune. Gaur, ekialdetik datorren erdalduntzeak euskarari lekua kendurik, harresi gisa ikusten duenik bada.

Donapaleu
DonapaleuChristophe de Prada

Nafarroako azken erreginak Donapaleun Antton Valverderen kantuko txirula eta pianoa buruan darabilzkizula ibil zaitezke, Donapaleuko neguko karrika hotzek Nafarroako koroaren azken ordezkarien arrasto isiletatik bideratzen zaituztela. Harri zaharrek hamaika aurpegi erakusten eta Lapitz Hotza ibaiak belarrira mila eta bat sekretu xuxurlatzen dizutela. Melodia haren kulunkan, Xabier Leteren hitzek lagunduko zaituzte, Berpizkunde garaiko Donapaleuko historian linburtzen, bereziki Justizia Jauregiko karrikan. Han, Nafarroako Estatuen egoitza, eliza protestante izana eta barbaroa zaigun Notitia Utrisque Vasconiae idatzi zuen Arnaud Oihenarten etxea ikusiko dituzu. Gorpuztuko ote zaizu, ondotik, behialako horren itxura: euskaldun, hugenot, exiliatu, laster Frantziako erreinuko buru... izan zen Labriteko leinua handik iragan zela. Gaur, eraso berriaren aurkako azken harresia, harresi akitu, pitzatu baina bizinahia da Donapaleu eta kontatzeko asko badu, ez idurian ere.

Ostirala ez bada, arazorik ez dateke autoa nonahi uzteko, Donapaleun. Herri bihotzetik kanpo, elizaren eta postaren ondoan egitea ez da aukera txarra. Bidenabar, Amikuzeko mediatekan erakusketarik ikusgai baden ala gure astekari maitatuena jaso duten begiztatzera joan gaitezke. Bestela, arras polita da Foirail plazan aparkatzea, ostiraleko merkatuaren aldia ez bada, erran gabe doa. Erdiguneko plaza horretako platanoek trinketeko eta ostatu abegikorretako ateak gerizatzen dituzte. Eta Mixel Thikoipe idazleak ederki kontatzen digunez, Amikuzeko historia anitzen berri dute. Hala nola, herritar batzuen nazien kontrako erresistentziarenak.

Amikuze Baxenabarren da eta Donapaleuko inguruari deritzo. 24 herriz osatua da, horietan hiru Xiberoarekin partekaturik dituela: Pagola, Domintxine eta Lohitzüne-Oihergi. Xantza amiñi batez, Donapaleun paseatzean “zuka” eztiz eginiko amikuztar euskara entzunen dugu. Amiñi batez ala amiñi biez. Ezen, serioski mendraturik baitago euskara Amikuzen. Historikoki Euskal Herri ekialdeak jasaten duen erdalduntze oldarrari ezponda egiten dio eskualdeak. Preseski, zentzu horretan hainbat eragileren lana goraipatu ohi da, besteak beste iaz 40 urte bete zituen Amikuzeko ikastolarena. Ala Burgaintzi dantza edota Kitzikazank antzerki taldeena. Bestalde, Amikuze zenbait euskal idazleren jaio ala bizileku dela ere oroitarazten da. Horrela, Itxaro Borda Oragarrekoa da sortzez. Koldo Ameztoi kontalaria berriz, Arruta herri sotilekoa. Haien aldetik Eñaut Etxamendi eta Mattin Hirigoien garaztar idazleak Amikuzen bizi dira. Baita Amikuzeko memoria literatura bilakatzen hain trebe den Mixel Thikoipe amenduztarra, gorago aitatua. Indar horiek oro Euskararen Eguna abiarazten lagundu zuten duela bi urte, Donapaleun. Hori bilakatu baita aurten, Nafarroa Beherea osora hedatu euskararen aldeko hilabete osoko kanpaina. Bide beretik, inauteriak berpiztu dituzte Amikuzeko euskaltzaleek, eta Libertimendua berreskuratu. Hots, esku anitz ari da lanean, harresiak duen arrailduran petatxua ezartzen, euskal kulturaren hormak tinko atxikitzeko xedez. 

Herri erdia, erdigune historikoa

Herri erdian gauden seinale dira Donapaleuko erriko etxearen harri pezak. Bai eta bidegurutze deigarria. Ekialdera, Xiberoa eta Biarnoa ditugu: Aiziritze, Domintxine, Maule, Salbaterra, Saliese, Paue. Ur gaziaren herria den Saliesen errefuxiatu zen Joana Labritekoa, erlijio gerla denboran. Biarnoko auzo herri horietan oraindik daude protestanteen tenpluak. Mendebaldera, Lapurdi dugu. Ipar-ekialdera aldiz, Peirahorada eta Landak. Bide erdian, mugaldean, xarnegu herria, ahanzturatik hurran. Izan ere, aitzina hiru eledun zen herrialdea lainoak itzaltzen ikusi baitzuen. Oroimena bizirik atxiki nahiz, gaur, Xarnegu musika festibala egiten da urtean behin, Bardozen. Eta Xarnege taldeak jakin izan du Euskal Herriko eta Gaskoiniako doinuak nahiz musikariak biltzen.  

Baina ihesi joan gara. Gauden Lapitz Hotza (frantsesez, Bidouze) Aturrira isurtzen den errekaren bazterrean. Hautatzera, eguzkitara. Turismo bulegotik ezkerrera harturik, Ona Tiss ehun lantegia bisita daiteke, Euskal Herrian hori bezalako azkena. Kotoia eta lihoa iruten dute han, 1948az geroztik. Gero, erreka hegira joan daiteke, ibilian. Eskailerak jautsi eta errepide nagusiko zubiaren azpitik iragatera. Haatik, hala egin aitzin, ibaiaren bestaldean den igerilekuari behako azterlaria bota behar zaio, pentsatuz gune hori zaldi lasterketako lekua izan zela, ez du hain aspaldi. Gure aitañi eta amañiak De Saint Jayme mezenas malerusak ekarri zituen zaldi proba famatu haien ikusle izan ziren. Horrela, lasterraldi zelaiaren forma obalatuari ohartuko gatzaizkio, halaber ikusleen jarleku mailakatuak izandako tontorrari.

Zubia iraganik, belarretik zenbait urrats eginez eihera izandakoaren arrastoak ikusiko ditugu ezkerrean. Gozo da, horren ur jauzian den bistaz gozatzea. Gero, karrika hertsiak Justizia Jauregiko (Rue du Palais de Justice) hartara bideratuko gaitu, zehazki “Nafarroako Errege Karrika” izan zenera. Horren ezkerreko muturrean da XII. mendean Jondoni Paulorena izan zen eliza. Eraikinak funtzio politikoa bereganatu zuen XVI. eta XVII. mendeetan Nafarroako Estatu Nagusien egoitza bilakatuz. Joana Albretekoa eta Enrike IV.a izanen zen nafar erregeak Donapaleun zirelarik, eliza erreformatuaren tenplua ere izan zen. Eta Frantziako 1789ko Iraultzaren ondotik, Auzitegi bihurtu zen, 1955 arte. Gaur, Amikuzeko Herri Elkargoaren egoitza da.

Oihenarten oihartzunak

Horren parean da Derdoy-Oihenart etxe noblea, “Buruen etxea” ere deitua. Atarian izan ere, Nafarroako azken erregeen zizelak ezagun baitira. Baina deabruarena eta emankortasunarena ere. Etxe horretara zen ezkondu Arnaud Oihenart sortzez mauletar lege gizon, historialari eta idazlea, Notitia Utrisque Vasconiae tum ibericæ, tum aquitanicæ liburuaren egilea. Ezkontzaz Nafarroako nobleziako kide, Oihenartek historia eta lege auziak ikertu zituen, beti ere ordezkatzen zuen koroaren eta Agramonteko leinuaren ikuspegitik. Euskal Herriko historiari buruz idatzi zuen lehentzat jotzen da. Hil baino lehen, ba omen zituen 20.000 orrialde bildurik, idazki, ohar eta dokumentu. Tamalez, gehienak desagertu ziren. Oihenart lehen idazle zuberotarrak asko idatzi zuen latinez, nahiz euskaraz ere bi liburu argitaratu: Atsotitzak eta Gaztaroa neurtitzetan. Begipean dugun etxean zendu zen 75 urte zituela, 1667an.

Hain zuzen ere, Oihenart karrikatik elizarantz joanez urrentuko dugu Donapaleuko hirigunearen bisita. Bidean sar gaitezke Santa Maidalena elizara. XIX. mendean eraiki zuten, leku eskasa bide baitzen orduko elizan. Eraikin Historikoetan zerrendatua da Cavaillé Coll orgina duelako. Elizatik eskuin hartuz, Herriko Etxera eta gure abiapuntura inguratuko gara, Foirail plazara. Eliza bezala, Donapaleuko Saint Jayme trinketa Eraikin Historikoetan sartua dago. Altzairuzko bere bizkarrezurreria Gustave Eiffelek asmatu iltzatzeko sistemaren arabera eginik baitago. Euskal Herriko lehena eta oroz gainetik, luzeena den trinketak Francis de Saint Jayme Donapaleuko seme aberatsari zor dio izena. Hark zuen eraikiarazi garaiko teknika eta egin molde hoberenak hautaturik. Ospeak ospe, De Saint Jayme izan zen guztiz zorte gaiztoko diruduna. Dela trinketean, dela ondoko beste ostatuetan nahiz Herriko Etxeko plazakoetan, jartzeko eta pausa hartzeko leku erosoa atzeman daiteke. Euskaraz galdegin daiteke han edo hor. Xantza apur batez, erantzuna ere hala izanen dugu.

Oharra: Euskal Herrian Ihesi webgunean herritarrek egindako gomendioak topatzeaz gain, zure ekarpenak ere egin ditzakezu.

Amikuzeko laborantza, etxetiargo laborantza

Orografia leunekoa izanik, Amikuzeko lurrek ordoki bezain gizenen fama dute Baxenabarren. Mendialdeko artzainek hango bazkak erosi ohi zituzten, eta zinez laudatzen. Baina sozialki, etxetiargoa da bereziki hedatua izan Amikuzen. Hots, etxeko nagusi bakar batzuek etxe andana bazuten eta horietan etxetiarrak, maizterren parekoak. XX. mendeko bigarren erdialdera laborantza kooperatibista sortu zen, Jean Errecartek bultzatu Lur Berri kooperatibaren bidez. Emeki-emeki, etxetiarrek baserriak erosi ahal izan zituzten. Eta urteak joan arau, Lur Berrik suspertu nekazaritza industriala nagusitu zen, salbuespenak salbu. Egun, ekoizpenen gehiengoa zereala da, zehazkiago artoa, eta hazkuntzan, zerritegi ala behitegi industrialak.

Hala ere, ostiraletako Donapaleuko merkatuan kalitateko lekuko ekoizpenak atzeman daitezke: sagardoa, erreximentak, gasna, barazkiak, arrautzak, zerri eta behi haragia. Batzuetan, poailleri biziak ere: oilo eta gita (“ahate”, Amikuzeko euskaran) txitak. Zeren Amikuzen goi mailako ekoizpenik bada, hori ahate gizena baita. Azarotik martxora, ahate gizen osoa ala gibel gizen freskoa erostekotan, hobe goizik merkaturatzea...
 

Francis de Saint Jaymeren zoritxarreko patua

Oso aberatsa bide zen Francis de Saint Jayme Donapaleuko jaunttoa, gaur herriak duen zabalera osoan eremu, etxe eta besteen jabea. Bestalde, edertasun izugarriko andere bati esposatua zen. Haatik emaztea erotu zitzaion eta Francis de Saint Jaymek bizi osoa alargun gisa iragan omen zuen. Bere ondasunak oro Donapaleuko Herriko Etxeari utzi zizkion baldintza batekin: herriak bere biziko amodioa zen De Saint Jayme andereak Frantziako egoitza psikiatriko luxuzkoetan egiten zituen egonaldien saria ordain zezan. Donapaleuko trinketak haren izena darama, berak ordaindu zuela oroitzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: XVIII. eta XIX. mendeetako iraultzak
Ahanzturaren gaixotasuna

Frankfurt (Alemania), 1901. Alois Alzheimer psikiatra eta neurologoak Auguste Deter pazientea ikusi zuen lehen aldiz. 51 urteko etxekoandre alemaniarra kasu arraroa zen. "Pazientea eserita dago eta babesgabe dirudi" jaso zuen Alzheimerrek idatziz: "Nola duzu... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Egile eskubideak alkoholetan

Paris, 1847ko martxoa. Gau batez, Café des Ambassadeurs lokal ezagunean musika zuzenean jotzen ari ziren, beste hainbatetan bezala. Entzuleen artean Ernest Bourget, Paul Henrion eta Victor Parizot zeuden, hirurak musikariak, beren sormen lanaz bizitzeko borrokan ari... [+]


Billy Waters kale musikariari zor zaiona

Londres, 1823ko martxoaren 21a. Billy Waters kale abeslari, biolin jotzaile, dantzari eta aktore herrena hil zen St Giles auzoko benefizentzia etxean, 44-45 urte zituela.


Hilma Af Klint, abstrakzioaren ama

Stockholm (Suedia) 1896. Hilma Af Klint (1862-1944) margolariak eta beste lau lagun artistek boskote bat osatu zuten espiritismo saioak egiteko. Saio horietan oinarrituta, idazketa eta pintura automatikoan jarduten zuten taldekideek. Handik urte batzuetara, Klintek... [+]


Eguneraketa berriak daude