Antzaratik antzarara

Biktimen ahanztura, beste aldera begiratzea, krimenaren aurrean La Donna è mobile txistu jo eta enparauei dagokionez, kofradia bakoitzak bere modalitate propioa du. Norberaren burua justifikatzeko aitzakiak askotarikoak izan ohi dira, aitzakiagintza antze aski garatua baita, zurikeriak beti du kausa hotsandikoren bat bidelagun.

Ez dakit oraindik gogoan izango duzuen, baina mende berriaren hastapenetan terrorismoaren kontrako borrokaren izenean jazo lotsagarrikeria eta bidegabekeriak zabor bonuaren mailan zeuden protesta politikoei zegokienez. ETAk norbait hil eta justifikazioa zein zen zalantza egiten zelarik “algo habrá hecho” hori antiterroristen kofradietara igaroa zen. Gauerdian etxeko ate nagusiaren kontra Guardia Zibilak jo kolpeen ondoko hamazazpi, hogei, hogeita bi urteko gaztearen patua nori, zein herritar eredugarriri, axola zitzaion? Gero atxilotuak torturak salatzen bazituen hor zegoen prest terroristaren manualaren ukendua norbere buruari sinetsarazteko dena gezurra zela; eta edonola ere, egunkariak zioenaren arabera ez dakit zenbat kutxazain, autobus, Casa del Pueblo erre eta ez dakit zenbat zinegotzi, kazetariren kontrako ez dakit zenbat etxeko lehergailu ipiniak zituela. Edonola ere? Zenbat “edonola ere” behar dira zikinkeria morala estaltzeko? Zenbat “algo habrá hecho”?

Donostian ia belaunaldi oso bat inausi zen antzaratik antzarara, “edonola ere”tik “algo habrá hecho”ra. Galdetzen duzu, non ote lagun hura, urtetan Alde Zaharreko tabernetatik ikusi ez duzuna? Bat kartzelan dagoela, bestea inkomunikaturik igarotako egunen ondoren depresioak jo eta beste norabait joan dela bizitzera, beste hura ihesean dela haren bila joan zirenetik... Nori axola izan zaio hori guztia? Zein giza-eskubideen defendatzaileri? Zenbat atentatu baliatu izan ditugu zegokigun lekuan ez egoteko? Zenbat baldintza jarri? Zenbat baina... erabili?

Gazte horietako bat da Markel Ormazabal, zeina artikulua idazten ari naizela presondegian den baina argitaratzerako, ondobidean, kalean izango den. Auzitegi Nazionaletik (hiru urte eta erdiko eskaera) Auzitegi Gorenera (sei urteko eskaera), antzaratik antzarara, sei urte igaro ditu espetxean, zigorraren murrizketa txikienarik gabe. Delitua, Jarrai-Haika-Segi-ko kide izatea, eta hala, antzaratik antzarara, ETAko kide izatea. Ez dut lagunkeriagatik aipatzen hau guztia, pasadan ez bada, uste baitut ez dudala sekula Markelekin hitzik gurutzatu. Baina hala ere, ezin dut ekidin pentsatzea zeinen llaburra den bien arteko aldea. Hainbat adiskide ditugu kideko –horietako batzuk kasik errepidean geratu zirenak bisita batera zihoazela–, Alde Zaharreko kale berberetan maiztutakoak, ikastola berera joandakoak gara, musika zalea –zalea ez ezik, musikaria ere bai, Adikune taldean–, eta ezagun denez Irutxuloko Hitzan-eta argitaratutako bere artikuluak irakurrita, baita literatur zale fina ere. Zeinen llaburra, eta era berean, zeinen handia bien arteko aldea. Gurutze-bide judizial bat, sei urteko bakartze eta terrorista etiketa baten aldea, besteak beste. Sei San Sebastian egun, Sei Abordaia, sei Irrikitaldi.

Baiki, kasu hori beste hainbaten arteko bat baino ez da. Honakoa ez da inor santutzeko saiakera, hainbat desmasia lazgarri gogoratzekoa baizik. Edonola ere, egongo da oraindik “algo habrá hecho”ka ibiliko denik. Norberak goberna ditzala, albait zintzotasun handienez, bere “edonola ere”ak, norbere kontraesan, lotsariak. Antzaratik antzarara. “Algo no habremos hecho”.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2013ko urtarrilaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude